Donostia, «kalitate jasangarri» handiena duen hiri espainiarra, turismoari buruzko ikerketa europar baten arabera

  • Roland Berger aholkularitza-enpresaren “European City Tourism Study 2018” ikerketak Espainian «kalitate jasangarri» handiena duen hiritzat jo du Donostia, goi-mailako eskaintza-sorta, logela erabilgarri bakoitzeko diru-sarrera handia eta Europako batezbestekoa baino turismo-dentsitate txikiagoa dauzkalako.

  • Ikerketaren gomendioek bat egiten dute Donostia/San Sebastián Visit-Bizi 2017-2021eko Plan Gidarian jasotzen diren neurriekin.


Mundu-mailan, Roland Berger aholkularitza-enpresa estrategiko aitzindarietako bat da, eta “European City Tourism Study 2018: babestu hiria gehiegizko turismotik” ikerlana argitaratu du. Bertan, Europako helmuga turistiko nagusietako turismo-dentsitatea eta balio-sorkuntza aztertu ditu.

Espainian, Donostia eta Madril daude «kalitate jasangarriaren» kategorian. Ikerketaren arabera, Donostiak goi-mailako eskaintza-sorta dauka kultur-proposamenei, hotelei, jatetxeei eta azpiegiturari dagokienez; bestetik, Europako batezbestekoa baino diru-sarrera handiagoak dauzka logela erabilgarri bakoitzeko (RevPar deritzona), eta turismo-dentsitatea ez da altua edo Europako batezbestekoaren azpitik dago, eta horrek guzti horrek kalitateko esperientzia ematen dio bisitariari. Balioetsi dutenez, hazkunde jasangarrirako nolabaiteko marjina dago oraindik ere, estrategia ona jarraituz gero.

 

Kalitatea vs kantitatea


Hiriak «gain-turismoaren» espektroan non dauden islatzeko, Europako 52 hiri aztertu ditu Roland Berger aholkularitza-enpresak. STR Global eta TourMis datu-basean daude jasota horiek, eta bi parametro nagusi begiratu ditu: balio-sorkuntza (erabilgarri dagoen logela bakoitzeko diru-sarreren eta apopiloentzako esperientzia-kalitatearen arabera kalkulatuta) eta turismo-dentsitatea (ostatu-gauak, biztanle bakoitzeko).

Ateratako datuetatik abiatuta, sei kategoriatan sailkatu du hirien jokaera:

KALITATE JASANGARRIA: Logela erabilgarri bakoitzeko Europako batezbestekoa baino diru-sarrera (RevPar) handiagoak eta batezbestekoa baino turismo-dentsitate txikiagoa dauzkaten hiriak.

- Donostia, Berna, Hanburgo, Madril

HIRI IZARRAK: Bi parametroak Europako batezbestekoaren barruan dauzkaten hiriak.

- Berlin, Dusseldorf, Heidelberg, Lausanne, Londres, Luxenburgo, Munich, Erroma, Viena.

ERRENDIMENDU HANDIKO HIRIAK: RevPar altua duten baina turismo-dentsitate handia ere baduten hiriak. 

- Luzerna, Paris, Stockholm, Zürich.

MASEN TRANPA: RevPar txikia eta turismo-dentsitate altua dauzkaten hiriak. 

- Brujas, Praga, Bordele, Salzburg.

PRESIOPEAN: RevPar altua eta turismo-dentsitate oso altua dauzkaten hiriak, masa-turismoa erakarriz. 

- Amsterdam, Venezia, Bartzelona, Kopenhage, Dublin, Frankfurt, Lisboa, Reykjavik.

ALFERRIK GALDUTAKO POTENTZIALA: Europako batezbestekotik behera dauzkate hala RevPar-a, nola turismo-dentsitatea.

Bilbo, Anberes, Brusela, Budapest, Kolonia, Dresden, Gdansk, Gante, Helsinki, Istanbul, Leipzig, Münster, Lyon, Malaga, Poznan, Sevilla, Tallinn, Tolosa, Utrecht, Valentzia, Verona, Zaragoza.

 np-studio-rolan-berger

Ikerketaren gomendioek bat egiten dute Donostia/San Sebastián Visit-Bizi 2017-2021eko Plan Gidarian jasotzen den estrategiarekin.

 

Masa-turismoak dakarren arriskuaz, turismo mota horrek bisitarien esperientzian, hiriaren ospean eta balio-sorkuntzan (prezioak jaistera behartuta) izan dezakeen eragin negatiboaz eta biztanleekin sortzen diren tirabirez ohartarazten du ikerketak. Hori dela-eta, turismo jasangarria bermatzeko neurriak jasoko dituen plan estrategikoa edukitzea aholkatzen du, bai eta udal-ordezkariak eta -kudeatzaileak, turismo-kudeatzaileak, herritarrak, stakeholders deiturikoak eta abar modu aktiboan inplikatzea gomendatzen ere. 

Honako hauek dira ikerketak gomendatzen dituen neurri nagusiak:

  • Estrategia turistikoa hiriaren garapen-estrategiarekin lerrokatzea, jasangarritasuna, ingurumena, bizi-kalitatea eta smart-ezaugarriak kontuan hartuta. 
  • Azpiegiturak sortzea eta bisitariak erakartzea turismo-dentsitate gutxien duten eremuetara. 
  • Publiko xedeak hautatzea, kalitatea lehenetsiz kantitatearen aurrean, eta hautatutako xedeari egokitzea eskaintza.
  • Urtaroen araberako turismoa deuseztatzea edo goi-denboralditik kanpo erakartzea bisitariak.
  • Turismo-dentsitate handia duten hirietan, bisitarien edukiera, elkarlaneko ekonomia-plataformen ostatuak, eremu edo azpiegitura jakin batzuetarako sarbidea eta abar erregulatzea.

Donostia/San Sebastián Visit-Bizi 2017-2021eko Plan Gidaria sintonian dago ikerketak gomendatutako neurriekin. Donostia San Sebastián Turismoa ekimenak 2017an hausnartu zuen hirirako nahi zuen turismo-ereduaren inguruan, eta gizarte-, ingurumen- eta ekonomia-jasangarritasunaren alde nahiz herritarren, bisitarien eta enpresen arteko orekaren alde egingo zuen plana diseinatu zuen. Plan Gidariak ez du kantitatearen alde egiten, lehentasuna ematen baitie bizi-kalitateari eta helmugaren benetakotasunari, nortasunari eta berezitasunari. Planaren neurrien artean, urtaroen araberako turismoa deuseztatzea eta helmuga deskontzentratzea eta nazioartekotzea daude, bai eta publiko xedeak lehenestea, mugikortasuna hobetzea, ostatuak erregulatzea eta abar ere.

Bada, adituen, sektoreko profesionalen, alderdi politiko guztien, herritarren, Donostia San Sebastián Turismoa ekimenaren eta horri elkarturiko eta tokikoak diren 300 enpresa baino gehiagoren lan oso teknikoaren emaitza izan da Donostia/San Sebastián Visit-Bizi 2017-2021eko Plan Gidaria.