“Zenbat dakizu Donostiari buruz?” Donostialdeko kultur baliabideak sustatzeko ekimena

2021 cocurso que sabes donostia

  • Mugikortasuneko murrizketen aurrean, Donostia Turismoak tokiko espazio kulturalak babesteko eta bultzatzeko ekimena jarri du abian, Donostialdeko museo nagusiekin elkarlanean: San Telmo Museoa, Eureka! Zientzia Museoa, Aquariuma, Chillida Leku, Euskal Itsas Museoa, Albaola eta Cristóbal Balenciaga Museoa.
  • Batez ere gertuko hartzaileei zuzendutako lehiaketa baten bidez, Donostiari buruzko ezagutzak proban jarriko ditugu, datu historiko eta bitxikeriak eskainiko ditugu, eta parte-hartzaileak inguruko kulturan sakontzera animatuko ditugu, haien artean bertako museoak, arte-galeriak eta beste kulturgune batzuk bisitatzeko interesa pizteko. Galdetegia beste hizkuntza batzuetan ere egongo da eskuragarri bisitariek gure kulturari buruz ikas dezaten.
  • Lehiaketa otsailaren 3tik 24ra bitartean egongo da zabalik www.sansebastianturismoa.eus webgunean eta erantzun zuzen gehien ematen dituzten pertsonen artean 70 sarrera baino gehiago eta itsasora begira dagoen logela batean bi lagunentzako gaualdi bat eta gosaria zozkatuko ditugu Hotel de Londres e Inglaterran.

Asko dira bidaiatzen dutenean museoak bisitatzen dituztenak, baina beren hiriko museoak, askotan, ez dituzte ezagutzen. Oinarri horretatik abiatuta, Donostia Turismoak “Zenbat dakizu Donostiari buruz?” ekimena jarri du abian. Test motako 15 galderako lehiaketa izango da eta ezagutza kulturalak egiaztatzea, gure hiriari, museoei eta inguruari buruzko informazio historikoa eta bitxikeriak eskaintzea, eta parte-hartzaileak Donostialdeko kulturguneak bisitatzera animatzea izango du helburu.

Lehiaketa, batez ere, Donostiako eta inguruko hartzaileei zuzenduta egongo da, baina 4 hizkuntzatan (euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez) egongo da eskuragarri eta munduko edozein txokotatik parte hartu ahal izango da. Hala, orain bidaiatu ezin duten guztiek gure kulturari buruz gehiago ikasi eta Donostialdeko kulturguneak bisitatu ahal izango dituzte etorkizun laburrean.

Donostialdeko museo nagusiek lankidetzan jardungo dute lehiaketa honetan eta otsailaren 3tik 24ra parte hartu ahal izango da www.sansebastianturismoa.eus webgunetik edo bit.ly/ZenbatDakizuDonostiariBuruz estekatik. Ekimena Donostia Turismoaren sare sozialetako kanal guztietatik hedatuko da eta erantzun zuzen gehien ematen dituzten pertsonen artean museo laguntzaileak bisitatu ahal izateko 70 sarrera baino gehiago zozkatuko dira: San Telmo Museoa, Eureka! Zientzia Museoa, Aquariuma, Chillida Leku, Euskal Itsas Museoa, Albaola eta Cristóbal Balenciaga Museoa. Gainera, Hotel de Londres y de Inglaterra hotelean, Donostiako historiaren lekukoa eta hiriko toki enblematikoenetako bat denean, itsasora begira dagoen logela bikoitzean gaua eta bi lagunentzako gosaria ere zozkatuko dira.

prentsaurrekoa zenbat dakizu donostia

Testa Donostia Turismoaren webgunean ikusgai geratuko da otsailaren 24tik aurrera, baina lehiaketaren data amaitu ondoren, saririk gabe, nahi dutenek Donostiako kulturari buruz ikasten jarrai dezaten. Gainera, arrakasta badu, galdetegi berriak sortuko ditugu modu atsegin eta dibertigarrian Donostiari, bertako kulturari, gastronomiari, kirolari, baliabide naturalei, tradizioei eta abarrei buruz intereseko datuak eskaintzen jarraitzeko.