Donostiak FITURen ‘Pintxos & Parks’ aurkeztuko du, hiriko gune berdeak eta tokiko gastronomia sustatzearen aldeko apustua

pintxos parks 1

  • Maiatzaren 19tik 23ra egingo den FITUR azokan egongo da Donostia Turismoa, eta Donostiaren posizionamendu turistikoa ezagutaraziko du: turismo jasangarria, turismogunearen orekan, kalitatean eta autentikotasunean oinarritutakoa, eta 5 ildo estrategikotan ardaztua: turismo kulturala, gastronomikoa, kirol arlokoa, premium eta kongresuena.
  • Gaur, asteazkena, hilak 19, 15:45ean, tokiko gastronomia eta eremu berdeak sustatzeko hiriaren jarduerak aurkeztuko dira. Horretarako, Turismo, Ingurumen eta Garapen Ekonomikoko sailen arteko lankidetza izan da. Aurkezpena FITUReko Euskadi espazioan izango da, Cristina Lagé Turismo Sostengagarriko zinegotziaren eta Marisol Garmendia Ekologia, Osasun Publiko, Garapen Ekonomiko eta Enplegu zinegotziaren eskutik.

Donostia Turismoa FITUR azokan izango da. Nazioarteko Turismo Azoka modu presentzialean egingo da Madrilen, maiatzaren 19tik 23ra. Euskadi espazioan stand bat izango du eta profesionalei nahiz xede-publikoari informazioa eskainiko zaie bertan turismo jasangarriaren aldeko apustuaren inguruan eta lehentasunezko ardatzen inguruan: turismo kulturala, gastronomikoa, kiroletakoa, premium eta kongresuena.

Marisol Garmendiak, Ekologia, Osasun Publiko, Garapen Ekonomiko eta Enplegu zinegotziak, adierazi duenez, “hiria bisitatzen dutenek Donostia berdea ezagutzea nahi dugu, bertako parke eta lorategiekin, asko eta oso interesgarriak baitira. Tokiko gastronomiaren eta parkeen eskaintza bateratua eskaini nahi dugu, hiri berdeagoa eta jasangarriagoa partekatu nahi dugu”.

Turismo zinegotziak, Cristina Lagék, mezu bera partekatu du: “Turismoak, iraungo badu, jasangarria izan beharko du. Denok, bertakook eta hangoek, gozatzeko tokiak berriz sortuko ditugu, edo bestela, ez da bideragarria izango. Aurten, Fiturren Ingurumen eta Garapen Ekonomikoko sailarekin indarrak batzea erabaki dugu, datozenentzat eta bertan gaudenentzat gozatzeko toki berria eskaintzeko, gure parke zoragarriak. Donostiak toki paregabe asko ditu”.

pintxos parks 2

Jasangarritasunaren aldeko apustuarekin bat eginez, eta hiritarrek nahiz bisitariek naturarekiko eta aire zabaleko planak egiteko interesa gero eta handiagoa dutela ikusita, Donostiak espazio berdeak sustatzearen aldeko apustua egin du, eta aldi berean, balioa eman dio tokiko gastronomiari eta produktuari, Donostiako ostalaritza babestuz; izan ere, osasun-krisiaren ondorioz garai zaila ari baita bizitzen.

Horretarako, Turismo, Ingurumen eta Garapen Ekonomikoko sailek, elkarrekin lanean dihardute zenbait ekimen garatzeko: adibidez, hiriko parkeetarako gida eta ibilbide jasangarrien argitalpena, “Plastic Free” proiektua ezartzea hotel eta saltokietan, erantzukizun-dekalogoak zabaltzea hotel eta apartamentu turistikoetan, tokiko enpresen produktu eta jarduerak balioetsiko dituzten kanpainen bidez turismogunea sustatzea, edo “Donostia Pintxos & Parks” ekimena.

Gaur, asteazkena, maiatzak 19, 15:45ean, Euskadi standean izango da ekimenaren eta jasangarritasunaren inguruan hiriko jardueren aurkezpena, «Donostia Pintxos & Parks: hiriko gune berdeak eta tokiko gastronomia sustatzearen alde egindako apustua». Cristina Lagé Turismo Sostengagarriko zinegotziaren eta Marisol Garmendia Ekologia, Osasun Publiko, Garapen Ekonomiko eta Enplegu zinegotzi delegatuaren arteko elkarrizketa eszenifikatu gisa izango da aurkezpena.

pintxos parks 3

“Donostia Pintxos & Parks” proiektuan ari gara lanean, betiere, aisialdirako eta paisaia-intereseko gune gisa hiriaren eskaintza berdea balioesteko helburuarekin. Era berean, tokiko produktua eta gastronomia ere sustatu nahi dugu, Donostiako ostalaritzari babesa ematearekin batera, betiere, kontsumo arduratsua sustatuz. Ekimenarekin bat egingo duten ostalaritza-establezimenduek eramateko «piknik» bat eskain dezakete. Horrela, donostiarrek eta bisitariek gastronomiarik onenaz goza dezakete Donostiak dituen parke eta lorategi ugarietan. Hiriaren bi ezaugarri nagusi batzen ditu ekimenak: paisaia eta gastronomia, eta udara begira jarriko da martxan.

Ekimena turismo jasangarriaren eta arduratsuaren aldeko apustuaren baitan kokatzen da. Hain zuzen ere, hori da 2017-2021erako Gida Planaren erronka nagusietako bat, eta Planaren Eguneraketa lanean sendotu dute erakundeek, sektoreak eta herritarrek. Donostia Turismoa azken urteetan lantzen ari den ildo estrategikoa da eta 2018ko Politika Publikoetan eta Gobernantzan Berrikuntzarako eta Jasangarritasunerako TME Sarien aitortza jaso zuen.

Gainera, Cristina Lagé Turismo zinegotziak maiatzaren 21ean, 11:00etan parte hartuko du Segittur espazioan, “Espainiako Berrikuntzaren Urtekaria. Turismoari buruzko berezia” aurkezteko ekitaldian, Malagako eta Madrilgo Turismo eta Berrikuntza arloko arduradunekin batera. Udalek turismoaren eredu jasangarriago eta erresilienteago baterako trantsizioan duten rola aztertuko dute hizlariek.

Era berean, FITURen Donostiaren standa bisitatuko duenak aukera ugari topatuko ditu, baita aire zabaleko planak ere, aurten gehien eskatu izan dena. Hiriak espazio natural asko ditu, hala nola hondartzak, parkeak, mendiak edo bide zidorrak, kirol eta jarduera ugari egiteko tokiak. Horiek guztiak gida ugaritan daude jasota: Hiriaren gida (“Ongi Etorri”, euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez, frantsesez, alemanez, katalanez eta japonieraz argitaratzen dena), Tokiko Jardueren gida “Feel Like a donostiarra” (hiriaz eta lurraldeaz gozatzeko esperientziak, DSS Turismoarekin lotura duten tokiko ETE-ek eskainita), aire zabaleko eskulturen ibilbideak, oinezko ibilbideak edo bizikletazkoak eta abar.

Ikusi «Donostia Pintxos & Parks: hiriko gune berdeak eta tokiko gastronomia sustatzearen alde egindako apustua» aurkezpena streaming bidez