Donostia Turismoak eta Gipuzkoako Hotelen Elkarteak hitzarmena sinatu dute Donostia turismogune gisa sustatzeko eta posizionatzeko

  • Gipuzkoako Hotelen Elkarteko hotelek doan utziko dituzte ehun logela baino gehiago komunikabide entzutetsuei eta eragile estrategikoei ostatua errazteko. Hala, Donostiaren nazioarteko posizionamendua eta lehentasunezko merkatuetako bisitariak erakartzea sendotzen lagundu nahi dute bertako turismo sektorearen jarduera dinamizatzeko.
  • Donostiari buruzko bostehun artikulu baino gehiago argitaratu dituzte 2020an entzute handiko Estatu mailako eta nazioarteko komunikabideetan. Haien AVE (Advertising Value Equivalent/ Publizitateko Balio Baliokidea) balioa 5 milioi euro baino gehiagokoa izan da.

convenio hoteles

Donostia Turismoaren eta Gipuzkoako Hotelen Elkartearen arteko lankidetza-hitzarmen horri esker, bazkide diren hoteletako (hiriko hotel-ostatuen eskaintzako % 76 biltzen dute) 21 hotelek doan utziko dituzte 113 logela hiria merkatu estrategikoetan sustatzeko turistikoki preskriptore profesionalen bidez (touroperadoreak edo kazetari espezializatuak, adibidez).

Hitzarmenean sartzen diren ostatuek Donostia Turismoaren esku jarriko dituzte logela horiek turismogunea sustatzeko ekintzetarako erabil ditzaten. Ekintza horietako batzuk dira, adibidez, fam trip (agenteentzako edo touroperadoreentzako familiarizazio-bidaiak), press trip (Estatuko edo nazioarteko komunikabide entzutetsuetan erreportajeak idatzi behar dituzten eta lehentasunezkoak diren merkatuetako kazetarientzako prentsa-bidaiak), blogger trip (audientzia eta profil estrategikoak dituzten influencerrentzako bidaiak), eta/edo ikuskapeneko bidaiak aisialdiko turismoan, MICE turismoan edo bileren turismoan.

Elkarteko zuzendariaren, Paul Liceagaren, arabera, “logelak uzteko egitasmo hau hotelek hiriarekiko eta, ondorioz, lurraldearekiko duten konpromisoaren erakusgarria ere bada. Gainera, eta une zailak bizi ditugun arren, lortzeko horrenbeste lan egin behar izan dugun eta beste jarduera batzuetan ere eragina duen posizionamendua mantentzeko ekarpen baliotsua izango da: ostalaritza, merkataritza, ekipamenduak, baliabide turistikoak, taxia eta abar. Gainera, bisitatzen gaituztenei gure balioak transmititzeko aukera ere bada”.

Turismo Jasangarriko zinegotziak, Cristina Lagék, adierazi duenez, “oso garrantzitsua da komunikabide espezializatuetako profesionalen presentzia lortzea Donostian; izan ere, Donostia turismogune gisa sustatzeko bozgorailu ordainezina dira. Iaz, adibidez, 600 artikulu baino gehiago argitaratu zituzten Estatuko eta nazioarteko komunikabideetan Donostia turismogunea argudio gisa hartuta. Publizitateari dagokionez, 5 milioi euro baino gehiagoko balioa du horrek”.

Hauek dira hiriaren inguruko artikuluak argitaratu dituzten komunikabide esanguratsuenetako batzuk: Forbes, National Geographic, Conde Nast Traveller, The Telegraph, The Guardian, The Daily Mail, Vogue, Lonely Planet, Savoir Vivre, Beauxarts, Vanity Fair, Harper’s Bazaar, eta abar. Erreportaje horietako asko Gipuzkoako Hotelak elkarteko ostatuek utzitako logelen laguntzarekin antolatutako press trip-ei esker egin dituzte eta lankidetza hori hitzarmen honen bidez formalizatuko da.

Bidaia mota hauei esker, Donostiako Turismoko Gida Planean lehentasunezkotzat jotako sektore eta merkatuetan posizionatu eta Estatuko eta nazioarteko bidaiarien “top of mind”ean koka daiteke hiria: Espainia, Frantzia, Benelux, Europako iparraldeko herrialdeak, Alemania, Erresuma Batua, Estatu Batuak, Kanada, Japonia, Australia eta abar. Hala, kultura, gastronomia eta kirol arloko ardatzak, MICEak eta city break arlokoak bultzatu nahi dira, betiere turismo arloko jasangarritasuneko eta kalitateko mezuetan arreta berezia jarrita.

Prentsako eta familiarizazioko bidaiak OET izenekoekin (Espainiako Turismo Bulegoak atzerrian), Basquetourrekin edo zuzenean komunikabide espezializatuekin, influencerrekin edo agenteekin elkarlanean antolatzen dira.

 Amaitzeko, hitzarmenaren helburua da MICE ekitaldiak erakartzeko garaian bi erakundeen arteko elkarlana eta parte-hartzea bultzatzea. Hautagaitzak aurkezteko prozesuan zein diseinuan bideratutako co-workingak eta elkarrekin egindako ahaleginak hirira kongresuak eta bilerak erakartzeko aukerak ugaritzen dituzte azken urteotako emaitzetan ikus dezakegun moduan (lehendik dagoen lankidetzaren emaitza da hori).

Lankidetza-hitzarmenak urtebeteko indarraldia izango du eta urtero berritzen jarraitzeko asmoa dute. Hala, bi erakunde horietako edozeinek turismogunea sustatzeko asmoz abian jartzen duen ekintza horietan eta beste batzuetan elkarrekin lan egiteko konpromisoa hartu dute beren gain.

Honako hauek dira hitzarmenaren baitan 2021erako logelak uzteko egitasmoan parte hartu duten hotelak:

  • Hotel Maria Cristina
  • Hotel de Londres y de Inglaterra
  • Hotel Barceló Costa Vasca
  • Hotel Mercure Monte Igueldo
  • Hotel NH Aranzazu
  • Hotel San Sebastián
  • Hotel Silken Amara Plaza
  • Hotel Tryp Orly
  • Hotel Villasoro
  • Hotel Avenida
  • Hotel Codina
  • Sercotel Hotel Europa
  • Hotel Niza
  • Hotel Lasala Plaza
  • Hotel Arbaso
  • Hotel Ezeiza
  • Hotel Parma
  • Hotel Monte Ulia
  • Hotel Zinema 7
  • Hotel Zenit
  • Colegio Mayor Olarain

Ikus Donostia komunikabide esanguratsuenetan
Ikus Donostia komunikabideetan (artikulu guztiak, ordena kronologikoan)
www.sansebastianturismoa.eus