Lehen aldiz, “Donostiako Jaialdi Kultural Korearra” egingo da irailean

  • Espainiako Zentro Kultural Korearrak, Donostiako Udalak eta Donostia Turismoak Donostiako Jaialdi Kultural Korearra aurkeztu dute. Ekimena irailaren 10etik 30era bitartean egingo da Zinemaldiarekin batera.
  • Ekimenaren baitan hainbat jarduera antolatu dute: kontzertuak, erakusketak, ipuin-kontaketak, jardunaldi gastronomikoak eta Zinemaldiaren 69. edizioan sartuta egongo den zinema korearrari buruzko atzerabegirako bat, adibidez.

festival coreano

Espainiako Zentro Kultural Korearrak, Donostiako Udalak eta Donostia Turismoak Donostiako Jaialdi Kultural Korearra aurkeztu dute. Ekimena irailaren 10etik 30era bitartean egingo da Zinemaldia jaialdi entzutetsuarekin batera. Jaialdiak ikusle guztientzako jardueren aukera zabala eskainiko du; baita haurrentzat ere. Kontzertuak, erakusketak, ipuin-kontaketak, jardunaldi gastronomikoak eta zinema korearra bilduko ditu jaialdi honek. Bertan, jendeak Koreako kulturaren aurrean dituen aurreikuspenak zabaltzeko eta esperimentatzeko aukera izango du.

Jaialdi Kultural Korearra 2018an sortu zen Zentroak berak ikusle espainiarrengana gerturatzeko eta trukea sortzeko eta elkar aberasteko asmoz bi kulturen artean zubi-lana egiteko asmoz. Zentroa Madrilen dagoenez, ekimen gehienak hiriburu hartan egiten ziren. Hori zela eta, Zentroa hainbat udalekin harremanetan jarri zen jaialdi hau egitea proposatzeko. 2018an Garachicon (Tenerife) eta 2019an Asturiasen egindako edizioen ostean, Donostian antolatu dugun hau hirugarren edizioa izango da. Gainera, oso urte berezia da aurtengoa Zentro Kultural Korearrarentzat, 10. urteurrena bete berri baitu, eta ekimen honen bidez partekatu nahi ditu bere alaitasuna eta emozioa.

“Bertako jaialdi, museo, galeria, zinema-areto, antzoki... ugariei esker, Donostiak kulturaren zaporea du eta kultura dario. 2016an Kulturaren Europako Hiriburu izendatu ostean, jaialdi hau egiteko agertoki bikaina izango da. Zentro Kultural Korearrarentzat, ohore handia da hiri ospetsu honetan gure jaialdia egitea eta bi herrialdeok sortzen eta elkarrekin lanean jarraitu ahal izateko abiapuntu bihurtuko dela espero dugu”, adierazi du Jihoon Ohk, Zentro Kultural Korearreko zuzendariak.

Donostiako alkatearen, Eneko Goiaren, ustez, “Donostia munduari irekita dagoen hiri kosmopolita da eta partekatu eta ezagutarazi nahi diren adierazpen eta pertsona guztiei egiten die ongietorria. Horren erakusgarri dira gure herrialde eta adierazpen kultural ugariekin lotuta gure jaialdiek eskaintzen dituzten truke eta atzerabegirakoak”.

Donostiako Turismo Jasangarriko zinegotziak, Cristina Lagék, honako hau gehitu zuen: “Koreak eta Donostiak gastronomiarekiko maitasuna dute komunean, kultura eta maitasunaren erakusgarri gisa. Jaialdi hau izango da etorkizun laburrera begira egin nahi dugun Koreara egindako gerturatzearen eta sustapen handiaren abiapuntua. Ongietorri maitekorra emateko unea da”.

“Jaialdiak Koreako zinema eta kulturarekin izan duen harremana oso estua izan da azken urteotan. Harreman hori Zentro Kultural Korearrarekin ere izan du eta beti egon izan da Jaialdiarekin batera lan egiteko prest. Oso pozik gaude Donostiako Jaialdi Kultural Korearreko partaide garelako”, azaldu du José Luis Rebordinosek, Zinemaldiko zuzendariak.

Jaialdiaren ikurra cheongsachorong izenekoa izango da. Koreako faroltxo tradizionala da eta pertsonei gauez gidari lanak egiteko erabiltzen zen. Gainera, etxeetako ateetan zintzilikatu ohi zuten gonbidatuei ongietorria emateko. Faroltxo horiek Boulevardeko kioskoan egongo dira ikusgai eta jaialdiak iraungo duen bitartean, irailaren 10etik 30era bitartean, argia emango dute, Koreara egindako bidaia zuzenduz eta hori egitera gonbidatuz.

Bidaia Maureen Choi Quartetek inauguratuko du irailaren 11n 19:30ean Musikeneko auditorioan eskainiko duen doako kontzertuarekin. Jazzeko laukote honekin, musika klasikoaren edertasunetik flamenkoaren indarrera arte bidaiatuko dugu, Espainiako folklorearen eta erritmo latinoen era askotako oihartzunak jasota. Maureen Choik Espainia eta Korea arteko lotura sortuko du, lan tradizional korear batzuk (Arirang, adibidez) Theiaren azken diskoko lanekin nahasita. Hori guztia zuzeneko inprobisazioaren bidez egingo du.

Ondoren, irailaren 14an, 19:30ean, beste behin Musikenen, gurekin izango dugu Jinjoo Cho biolin-jotzaile korearra. Aparteko artista honek 7 urterekin egin zuen kontzertu batean debuta eta, ordutik, mundu osoko lehiaketa entzutetsuenetako irabazlea izan da. Solista karismatiko, ganbera-musikari sutsu eta erakargarri, zuzendari artistiko berritzailea eta argitaratutako lanak dituen idazle gisa, Jinjoo gizarte modernoan artista klasiko bikain bihurtu da.

Irailaren 11 eta 12an, 12:00etan, Tabakalerako Z aretoak haurrentzako jarduera izango du: “Azul como un trazo de mar (Iyagui: Cuentos Coreanos)” ipuin-kontaketa eta denak, batez ere familiak, daude gonbidatuta. Ez dago munduan zehar bidaiatzeko gure irudimena aske uztea baino modu hoberik. Ondorioz, bidaia zirraragarri bat egingo dugu irudi lauen antzokiarekin, maskarekin eta 4 Lunas konpainiak eskainitako musikarekin batera.

Aldi berean, egun horietan, eta jaialdia amaitu arte, Gipuzkoa plazan paseatzen dugun bitartean Koreako turismoko argazkiak biltzen dituen erakusketa ikusteko aukera izango dugu. Bereziki aukeratutako hamar lan egongo dira ikusgai. Koreako Errepublikako bista harrigarriak eta paisaia zirraragarriak jasotzen dituzte. Gainera, jaialdian herrialdea ezagutarazteko abiapuntu bikaina izango da.

Baina bidaia batean ezinbestekoa izaten da janaria ere eta Donostiako abangoardiako kultura gastronomikoa denok ezagutzen dugunez, truke gastronomikoa egingo da hiriko hainbat establezimendutan. Koreako sukaldaritzak mila urte baino gehiagoko historia du atzean eta oreka nutrizionala, osasunerako onurak eta naturarekiko harmonia dira haren oinarriak. Hartzidura da haren funtsa, eta “jang”ek (saltsa korearrak) eta “kimchi”k (hartzitutako barazkiak) ordezkatzen dute. Zapore eta esperientzia gastronomiko berriak bilatu nahian, bertako establezimenduek Koreako bi enpresak babestutako produktuak erabiliko dituzte: Sempio eta Bibigo. Sempio 1946tik hartzitutako elikagaiak fabrikatzen dituen enpresa da (batez ere, soja oinarrian duten saltsak). Bibigo, CJ CheilJedang-ek sortutakoa, Korean lehen elikagai-enpresa da eta urte askoko eskarmentua du Koreako gastronomiarekin lotuta. Herrialdeko sukaldaritza-kultura sustatzeko asmoz, irailaren 15etik 26ra sei establezimendutan elikagai horiek dastatzeko aukera izango dugu Dastatu Korea! ekimenarekin: Baluarte Donostia, Bare Bare, Aralar, Baztan, Casa Alcalde eta Bodega Donostiarra.

Jaialdi Kultural Korearra Zinemaldian ere egongo da; hain zuzen ere, horixe izan zen Korea Donostiarekin lehen aldiz lotu zuena. Aurtengo zinema-erakustaldiak Koreari buruzko programazio berezia izango du honako ziklo honekin: “Loreak infernuan. Koreako zinemaren urrezko aroa”. Atzerabegirakoak 50eko eta 60ko hamarkadetako hamar lan jaso ditu eta Zinemaldiak eta Espainiako Filmotekak editatutako liburu monografiko batekin batera aurkeztuko dute.

ADG7ek (Ak Dan Gwang Chil) emango dio amaiera ekimenari eta bera izango da Victoria Eugenia Antzokian irailaren 30ean, 20:00etan, jaialdia amaitzeaz arduratuko dena. Musika folk-pop xamanikoko talde gartsu hau Koreako musika tradizionaleko sei musikarik eta folk musikako emakumezko hiru abeslari itzelek osatzen dute. Taldeak hainbat sari eskuratu du, tartean KBSren Koreako Musika Tradizionalaren Lehiaketako artista onenaren saria 2018an, eta WOMEXeko erakusketa ofizialak ere aukeratu egin zuen 2017an. ADG7k era askotako errepertorioa eskaintzen du: erlijio-musika, musika xamanikoa eta sekularra, eta minyoa (Ipar Koreako mendebaldeko probintziako, Hwanghae-do eskualdeko, folk musika tipikoa), besteak beste. Emanaldi ahaltsu eta liluragarri horri esker, entzuleak esperientzia espiritual batean barneratu eta senetik eta minyotik ateratzen den energia positiboa erakarriko du.

Donostian egingo den Jaialdi Kultural Korearrari esker, Espainia eta Korea arteko 10.000 kilometro baino gehiagoko distantzia gaindituko da interesdun guztiek gertu-gertutik herrialde haren aura ezagutzeko eta arakatzeko aukera izan dezaten. Gainera, trukearen bidez alaitzeko eta bertako historian eta ondarean barneratzeko aukera izango dute ekitaldi hauen bidez.