Donostia Turismoak “Udazkena Donostian – Amodiozko istorioa” kanpaina jarri du abian, keinu zinematografikoekin

  • Donostia Turismoak hiria turismogune seguru, jasangarri eta kalitatezko gisa bultzatzeko lanean jarraitzen du, honelako balioei lotuta: ongizatea, natura, zinema, gastronomia... Horretarako, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Turismoko zuzendaritzaren laguntzarekin, “Udazkena Donostian – Amodiozko istorioa” kanpaina jarri du abian. Kanpainak Woody Allenen estiloa jasotzen du eta bisitariak haien istorioa sortzera gonbidatzen ditu hemen ikusgai egongo diren proposamenen eta planen bidez: www.sansebastianturismoa.eus.
  • Kanpaina keinu zinematografikoz beteta dago eta irailean, Zinemaldiaren hilabetean, kaleratu da. Urriaren 30era arte egongo da aktibo eta publiko estrategikoari zuzenduta dago, arreta berezia jarrita gertuko, Espainiako eta Frantziako bisitarietan.
  • Kanpainaren baitan, “Ibilaldi bat Woody Allen-en Donostiatik” ibilbide interaktiboa egiteko aukera ere egongo da.

Osasun-krisia hasi zenetik, Donostia Turismoak turismogunea ongizatea eta segurtasuna oinarri dituen turismogune gisa sendotzeko egin du lan, bere kanpainak, mezuak eta helburu den publikoa egoera aldakorrera egokituz, turismoa dinamizatu eta sektoreko tokiko enpresa txiki eta ertainen jarduera suspertzeko, beti segurtasuna eta erantzukizuna oinarri hartuta.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Turismoko zuzendaritzaren laguntzarekin, 2020ko irailean, “Udazkena Donostian – Amodiozko istorioa” kanpaina sortu zuten “Rifkin’s Festival” filma estreinatuta, baina itxiera perimetrala zela eta, kanpaina geldiarazi behar izan zuten eta aurten berriro aktibo egongo da irailaren hasieratik urriaren 30era bitarte.

Donostiako Udaleko Turismo Jasangarriko zinegotziaren, Cristina Lagéren, hitzetan, “Donostiako gure urte turistikorako erabakigarria izango den hiruhilekoa hastear da: udazkena. Udazken honetan lan handia egiten ari gara eta badakigu susperraldia sasoi honetan berretsiko dugula. Formula hibrido berria aintzat hartuta, dagoeneko presentzialak ere badiren kongresu eta bilerez betetzen hasi da udazkena. Horregatik, “Udazkena Donostian – Amodiozko istorioa” kanpaina berreskuratu dugu. Istorio horren bidez, oso zinematografikoa den Donostia aurkeztu nahi izan dugu Zinemaldia hastear den honetan, eta astebururako ihesaldietarako edo hurrengo zubietan gozatu ahal izateko hiri bikain gisa erakutsi dugu."

Bidaia arloko joerek agerian uzten dutenez, gaur egun, bidaiariak batez ere autoz mugitzen dira eta naturan eta aisialdian egiteko planak bilatzen dituzte. Horrekin lotuta, kanpaina batez ere onlineko baliabideen bidez sustatuko da eta batez ere autoz gertura daitezkeenei zuzenduta egongo da: Gertuko, Estatuko eta Frantziako publikoa, gastronomia edo kultura haien zaletasunen artean dituztenak, joeren (bidaiak, zinema, plataformak, kultura, kirola, lifestyle...) kontsumitzaileak direnak eta abar.

Kanpainak Woody Allenen azken filmaren, “Rifkin’s Festival” lanaren, keinu zinematografikoa jasotzen du. Filma Donostian filmatu zuen eta bidaiari guztiak filmetako hirian beren istorioa bizitzera gonbidatzen ditu.

Alde batetik, sustapeneko oso spot zinematografikoa jasotzen du “Woody Allen”en estiloko musika eta baliabide tipografikoekin, bertako toki enblematikoetan oinez ibiltzeko egokia eta ederra den hiria erakusteko: Kontxa, Haizearen Orrazia, Miramar jauregiko lorategiak, Maria Cristina hotela, Zumaiako Flyscha, Pasai Donibane eta abar.

Bestalde, www.sansebastianturismoa.eus webgunean udazkenerako planak jasotzen dituen landing-a sortu dute. Bertan, hirian eta lurraldean egin daitezkeen plan eta jarduera ugari proposatzen da, naturan eta aire librean egin daitezkeen aukerekin. Horretarako, Donostia Turismoari lotutako enpresen laguntza jaso du kanpainak. Turismoaren sektoreko enpresa txiki eta ertain horiek bisitariarentzako proposamenak jarri dituzte abian. Landinga plan gehiago gehitzen joango diren gune bizia izango da.

 woody allen plano

Gainera, donostiarrek eta bisitariek Woody Allenen unibertsoan barneratzeko aukera izango dute filmeko agertokiei lotuta dauden hiriko toki enblematikoenak erakutsiko dituen ibilbide interaktiboaren bidez. Hala, filmarekin lotutako bitxikeriak eta geldialdi bakoitzaren inguruko informazio historikoa ezagutu ahal izango dituzte bisitariek.