Donostia Londreseko World Travel Market azokara bueltatuko da

  •  Donostia Turismoak Basquetourrekin batera bidaiatuko du Londreseko World Travel Market-era (WTM). Mundu mailan egiten den azoka garrantzitsuenetako bat da. Erresuma Batua da Donostiarako merkatu estrategikoetako bat, eta tradizionalki bisita gehien egiten digun herrialdeetako bat.
  • DSS Turismoa modu presentzialean joango da WTM azokara azaroaren 1etik 3ra, eta haren bazkide diren hainbat agentzia eta enpresek turismoaren sektoreko profesionalen artean harremanak eta akordioak ezartzeko aukera izango dute azaroaren 8tik 9ra egingo den azoka birtualean.

donostia world travel market 2021

Donostia Turismoak World Travel Market (WTM) azokan hartuko du parte azaroaren 1etik 3ra Basquetourren eskutik. Bazkide diren hainbat agentzia eta enpresek ere, azoka birtualean, azaroaren 8tik 9ra, esku hartuko dute: Basque Destination eta Local Experts, besteak beste. Donostiako turismo-erakundeak Donostiaren turismo-posizionamendua, turismogunearen oreka, kalitatea eta benetakotasuna oinarri dituen turismo jasangarriarena ezagutaraziko du bertan.

Donostia sustapen masibotik aldendu egiten da eta, kalitatezkoa eta jasangarria den turismoa sustatzeko asmoz, merkatu eta ardatz estrategiko argiak zehazten ditu. Donostiako Turismo Jasangarriko zinegotziak, Cristina Lagék adierazi du “Erresuma Batua da Donostiara bisita gehien egiten duen nazioarteko merkatuetako bat izan da tradizionalki. 2019ko urtarrila eta iraila artean, esaterako, turista britainiarrek Donostian emandako gau kopurua 74.229 gauekoa izan zen eta 2021ean Erresuma Batuko bisitariek top bostean jarraitzen dute”.

WTM, bestalde, turismo sektoreko profesionalen artean harremanak eta akordioak finkatzeko topagune bikaina da WTM-a. Donostia Turismoko arduradunek turismo sektoreko hainbat eragilerekin, onlineko agente merkaturatzaile nagusiak barne, laneko topaketak egingo dituzte. Horri esker, harrerako turismoa errentagarri bihurtu eta, horren bidez, turismo-erakundearen gaitasun merkaturatzailea areagotzeko estrategiak sendatu ahal izango dituzte. Donostia Turismoko bazkide diren Gipuzkoako enpresek (Basque Destination eta Local Experts) Speed Networking-eko saioak egingo dituzte, aurten modu birtualean. Hala, Britainia Handiko merkatuan haien lana ezagutarazi eta etorkizunean negozio-aukera bihur daitezkeen harremanak adostu ahal izango dituzte.