Donostiarren kanpaina, turismo iraunkorraren alde
“Kalitatea partekatzen dugu, bizitza partekatzen dugu”
Donostiar ugari dago gure hiria bisitatzen gaituztenekin modu iraunkorreanpartekatzen jarraitzearen alde. Hala, turismoarekin lotutako jarduerekin urtean sortzen diren 15.000 enplegu baino gehiago berma ditzakegu. Horiek, zeharka eta zuzenean, hainbat sektoretan eta tokiko produkzio-sistema osoan daude sartuta. Donostia Turismoa & Convention Bureauk 325 enpresa bazkide biltzen ditu, eta Donostian, turismo sektorearekin lotutako enpresen % 95 tokiko ETEak dira.
Kanpainaren helburua da turismo orekatuaren eta kalitatezkoaren eragin positiboen onurak jasotzen dituzten donostiarrei ahotsa ematea. Kanpaina VISIT- BIZI 2017-2021 Donostiako Turismo Planaren baitan jarri dute abian. Planak honako hauen aldeko apustua egin du: iraunkortasuna, hiritarren, bisitarien eta enpresen arteko oreka, bizi- eta bisita-kalitatea eta turismogunearen benetakotasuna.
Asko dira bisitatzen gaituztenei Donostiaren oinarria erakusten dieten merkatariak, gidariak, zerbitzu-enpresak eta ekoizle txikiak
BIDEOAK
Turismoaren bilakaera aldatzen ari da mundu mailan eta joera geldiezina da: onlineko ekonomia-eredu berriak, adin handieneko pertsonen bizi-kalitatea handitzea, bidaien demokratizazioa… Bidaiatzeko modu berri horrek aurre egin beharreko erronka berriak ekarri ditu berekin, baina hori modu arduratsuan eta iraunkorrean kudeatuz gero, donostiarren garapen eta ongizaterako aukera bikaina ere bada: enplegu- eta ekintzailetza-aukera gehiago sortzen lagun diezaguke, gure industria, enpresa eta I+G+b arloetako egitura dinamizatzeko lagungarria izan daiteke (kongresuen turismoaren bidez), eta mundu osoan Euskal Herriko kultura, hizkuntza eta nortasuna hedatzen lagun dezake. Era berean, gainera, beste pizgarri kultural batzuekiko irekiera eta harreman handiagoa eskain diezaguke.
Horregatik, donostiar ugari dago gure hiria bisitatzen gaituztenekin partekatzen jarraitzearen alde eta, kanpaina honen bidez, ostalaritzaz eta ostatuaz harago joanda, turismoaren eragin positiboen onurak jasotzen dituzten Donostiako ekintzaileen, enpresa txikien eta familiako enpresen adibide batzuei ahotsa eman diegu. Haiek bezalaxe, egunero, asko dira bisitatzen gaituztenei Donostiaren oinarria erakusten dieten merkatariak, gidariak, zerbitzu-enpresak eta ekoizle txikiak.
Turismoak hiriaren BPGaren % 13,4 biltzen du. Turista bakoitzak, batez beste, egunean 123,60 €-ko ekarpena egiten du; 2015ean, turismoak 1000 milioi euro eta 15.000 enplegu sortu zuen gure hirian eta, gainera, kontuan izan behar da Donostian turismo sektorearekin lotutako enpresen % 95 bertako ETEak direla.
Turismoa ostalaritzarekin eta ostatuekin lotzen da gehienbat; Donostian, ordea, tokiko ekintzaileak eta enpresa askotariko sektoreetakoak dira, eta turismoak eragin handia du horien gainean, bai zuzenean, bai zeharka. Besteren artean, hauek aipa ditzakegu: museoak, kultur ekipamenduak, merkataritza, gida turistikoak, ikerketa- zentroak/ospitaleak/biltzar-turismoari lotutako hainbat sektoretako enpresak, bisitariei zerbitzu ematen dieten enpresa txikiak, beren produktuak jatetxeei saltzen dizkieten nekazariak/abeltzainak/arrantzaleak eta abar.
Kanpaina VISIT- BIZI 2017-2021 Donostiako Gida Planaren baitan kokatu behar dugu. Urtebetetik gorako lana izan da, oso teknikoa, eta bertan parte hartu dute adituak, sektoreko profesionalak, alderdi politiko guztiak, herritarrak eta Donostia Turismoa & Convention Bureau, 325 enpresa bazkide biltzen dituena (tokiko ETEak gehienak). Plan horrek hiritarrak kokatu ditu proiektuaren erdigunean eta gizarte, ingurumen eta ekonomia arloetako iraunkortasunaren, hiritarren, bisitarien eta enpresen arteko orekaren, bizitza eta bisita arloetako kalitatearen eta turismogunearen benetakotasunaren aldeko apustua egin du honako hauek bultzatuta: nortasuna, berezitasuna, kultura, hizkuntza eta tradizioak.