Turismoaren profesionalei zuzendutako atal berria DSSTren webgunean
- Igandea, 01 Abendua 2024
Donostia Turismoak lanean jarraitzen du turismo sektoreko profesionalei lana erraztu nahian. Hori dela eta, webgunean, sektoreko eragileei zuzendutako atal berri bat gehitu da. Donostian eta hiri inguruetan bidaiak eta esperientziak antolatzen dituztenei laguntza eta inspirazioa eskaintzeko diseinatutako atala da.
Atal berrian, egonaldi perfektua diseinatzeko behar den guztia egongo da: inspirazioa, baliabide praktikoak eta iradokizun pertsonalizatuak —aholkularitza profesionalarekin batera eta Donostiarako bidaiak sustatzeko eta gestionatzeko funtsezkoa den informazioa eskura jartzen duten zuzeneko sarbideekin batera.
Horrez gain, material grafikoa eta ikus-entzunezko dokumentazioa, tokiko kontaktuak eta prozesuaren etapa bakoitza errazten duten tresna logistikoak ere aurki daitezke bertan. Sektoreko profesional onenekin konektatzeko eta neurrira egindako ibilbideak sortzeko ezinbesteko tresna da.
Bestalde, profesionalen lana are gehiago errazteko, webguneak "Izapideak" atala gehitu du (Donostiako turismoarekin zerikusia duten administrazio prozedurei buruzko informazio argia eta eguneratua emateko pentsatua dago). Atal honetan, hainbat xehetasun aurki daitezke funtsezko bi gai hauek ondo gestionatzeko: talde eta gidari turistikoei buruzko araudia eta baimenak, eta, autobus diskrezionalek daramatzaten turistak jaisteko eta jasotzeko prozedura (funtsezkoa baita turismo garraioa behar bezala antolatzeko).
Tresna berri hauek guztiak diseinatuta daude Donostiako turismo jardueren plangintza eta kudeaketa errazteko, sektoreko profesionalek eta bisitatzen gaituztenek esperientzia eroso eta ahaztezin batez gozatzeko aukera izan dezaten.