Donostia Turismoak sustapen eta lankidetza areagotu ditu hainbat merkatu estrategikotan

aisia

Azken hilabeteotan, Donostia Turismoak sustapen- eta lankidetza-ahaleginak areagotu ditu hainbat merkatu estrategikotan.

Urriaren 21etik 25era bitartean, Tokioko OETrekin elkarlanean, Japoniako hiru premium agentziei zuzendutako Famtrip bat antolatu zuten. Ekimen horri esker, posible izan zen kalitatezko eskaintza turistiko bat aurkeztea eta giltzarri den merkatu horrekiko harremanak sendotzea. Gainera, urriaren 28an, Protocolo Tours Agentziak antolatutako ikuskapen bisita batean parte hartu zuen DSS Turismoak. 2023ko azaroan Miamin eta Chicagon egindako Basquetourreko Jardunaldi Zuzenetan lortutako kontaktuak izan dira bisita hori ahalbidetu zutenak.

Azoken eta workshopen esparruan, urriaren 20tik 25era, lau sustapen eta merkaturatze jardunaldi antolatu ziren Mexiko Hirian eta Monterreyn. Bidaia-agentziei eta premium tour-operadoreei zuzenduta, jarduera horietan woorkshop-ak, euskal pilota erakustaldiak, dantzari emanaldiak eta dastaldi gastronomikoak egin ziren, eta 263 eragilerekin kontaktuan jartzea lortu zen. Euskal ordezkaritza osatu zutenak hauek izan ziren: Bilbao Turismo, Hotel Carlton, Palacio Arriluce, The Artist, Lasala Plaza Hotel, Basque Destination eta Donostia San Sebastián Turismoa.

Azaroaren 5etik 7ra, Donostia Turismoaren ordezkaritza bat Londresko World Travel Market azoka entzutetsuan izan zen, Donostia Kalitatezko helmuga turistiko jasangarri gisa indartzeko. Oraingoan, bilerak egin ziren hainbat herrialdetako 19 eragile eta tour-operadorerekin, batzuk aipatzearren: Belgika, Danimarka, Eslovakia, Estatu Batuak, Italia, Portugal, Erresuma Batua eta Suedia.

Azaroaren 14tik 17ra bitartean, Donostia Turismoa INTURren egon zen, Espainiako barne turismoko azokarik garrantzitsuenean, eta hiria, itsasoa eta mendia uztartzen dituen Donostiako eskaintza turistikoa ezagutzeko prestatutako gunera 500 bisitari baino gehiago hurbildu ziren, Euskadiko Standean.

Abenduaren 2tik 5era, bigarren urtez jarraian, premium segmentua ardatz duen Canneseko ILTM azokan parte hartu genuen. Bertan, Donostia / San Sebastian Premium proiektua aurkeztu zuten, eta banakako bilerak egin ziren gama altuko turismoan espezializatuta dauden 40 agentzia eta tour-operadorerekin.

Jasangarritasuna, kalitatea eta esperientzia paregabeak ardatz hartuta, ekintza horiek indartu egiten dute Donostia erreferentziazko helmuga turistiko gisa kokatzeko konpromisoa.

Prentsa espezializatuari dagokionez, irailean, bidaiari zorrotzei zuzenduta dauden Richesse eta Style Magazine aldizkarietako kazetariei abegi egin zien hiriak. Azaroan, Donostia hizpide izan da nazioarteko hainbat argitalpenetan, hala nola Ferieblogger.dk eta Vogue edizioetan, Espainiako Turismo Bulegoek Kopenhagen eta Mexikon antolatutako prentsa-bidaiei esker; izan ere, bidaia horietan, hiriaren eskaintza kultural, gastronomiko eta premiumari balioa eman zioten jasangarritasunaren ikuspegitik.

Ekintza horiekin guztiekin, Donostiak jomuga turistiko paregabe, jasangarri eta oso erakargarri gisa duen irudia indartu egin du nazioarteko kultur segmentuari eta premium segmentuari begira.