Donostia Turismoa bere estrategia segmentatua indartzen
- Astelehena, 29 Iraila 2025
Nazioarteko azokak eta topaketa profesionalak
Urteko azken hiruhilekoan, Donostia Turismoak sustapen-lan zehatz eta hautakorrari eutsiko dio, kalitatearen eta jasangarritasunaren aldeko estrategiarekin bat eginez. Ekintza hauek guztiak helmugaren ikuspegiarekin koherenteak dira eta merkatu nahiz segmentu estrategikoetan fokalizatuak.
Agenda Japonian hasiko da, Tourism EXPO Japan (JATA) azokarekin, Aichin, irailaren 25etik 28ra, eta aurretik irailaren 24an Tokion egingo den workshop batekin. Herrialdeko turismo azokarik garrantzitsuena da, azken edizioan 80 herrialdeetako 1.380 erakusle baino gehiago eta ia 183.000 bisitari bildu baitzituen. Donostia Turismoak bertan B2B hitzorduak izango ditu tokiko operadore eta eragile espezializatuekin, eta baita jardunaldi profesionaletan parte hartuko du, merkatu asiako aliantzak sendotzeko eta joera berriak identifikatzeko aukera eskainiz.
Azaroan, helmugak bere presentzia indartuko du “Meet the Basque Country” topaketan, azaroaren 14an San Mamesen (Bilbo) ospatuko dena. Turismoarekin lotutako profesional, hedabide eta erakundeentzat zuzendutako ekitaldi honek aukera emango du tokiko eta estatuko eragileekin harreman estuagoak garatzeko, Donostiaren produktu eta esperientzia bereizgarriak nabarmentzeko eta eskualdeko estrategia turistikoa sendotzeko. Abenduan, abenduaren 1etik 4ra, Donostia Turismoak parte hartuko du ILTM Cannes-en, luxuzko turismoaren erreferentziazko foroan, non sektoreko goi mailako erosle eta markak biltzen diren. Topaketa honek aurrez agendatutako bilerak, prestakuntza saioak eta networking selektiboa eskaintzen ditu, eta hiriaren presentzia sendotuko du balio erantsi handiko bidaiarien segmentuan, hedabide espezializatuen ikusgarritasunarekin.
Fam trip-ak
Estrategia hori osatzeko, fam trip espezifikoak antolatuko dira. Urriaren 5etik 7ra turismo idiomatikoari zuzendutako bidaia egingo da, hainbat herrialdetako sei eskola europarretako ordezkariekin. Helburua da elkarlana indartzea bazkide diren ikastetxeekin eta Donostia hizkuntzak ikasteko helmuga gisa balioan jartzea. Ondoren, urriaren 17tik 19ra, merkatu frantsesari eta premium segmentuari bideratutako fam trip bat garatuko da, sei parte-hartzailerekin, Donostiako eskaintzaren kalitatea eta esklusibitatea lehen eskutik ezagutarazteko.
Nazioarteko hedabideekin lankidetzak
Udan zehar, Donostia Turismoak nazioarteko komunikabide kopuru txiki baina arretaz hautatu batekin lankidetzan aritu da, turismo jasangarriaren ildoa jarraituz eta sustapen arduratsu eta fokalizatu bat garatuz. Ekainean, Estatu Batuetako komunikabide nagusien ordezkariak hartu ziren, hala nola USA Today, NJ Monthly, Travel Age West, Travel + Leisure eta Fodor’s. Japoniako Travel Europe aldizkariak gastronomia tokikoa jarri zuen erdigunean, eta Txileko Sabingo telebista-saioak Donostiaren kultura. Alemaniako Welt am Sonntag egunkariak eta hainbat komunikabide argentinarrek hiriko eskaintza gastronomikoa nabarmendu zuten, eta Erresuma Batuko The Times egunkariak hiriaren berezitasuna azpimarratu zuen. Abuztuan, bide horretan jarraituz, Kopenhageko Gastro aldizkaria eta Londreseko The Observer Magazine ere bisitan izan dira.
Estrategia eta helmugaren ikuspegia
Ekintza multzo horren bidez, Donostia / San Sebastián Turismoak berriro erakusten du sustapen segmentatu, ez masibo baten aldeko apustua, helmugaren kultura, esperientziaren kalitatea eta jasangarritasuna baloratzen dituen bidaiari profila duten merkatu estrategikoetan oinarritua. Merkatu japoniarra politika horren ardatz nagusietako bat da, erosteko ahalmen handia eta ingurumenarekiko eta ondarearekiko sentiberatasuna uztartzen dituen publikoa baita. Aldi berean, ILTM Cannes-eko presentziak Donostia luxuzko turismoaren eta esperientzia premium-en nazioarteko zirkuituan kokatzea du helburu, eta Meet the Basque Country topaketak berriz, euskal turismo-sarearekin lotura estrategikoa indartzen du, helmugaren jasangarritasun eta bikaintasun ikuspegiarekin bat etorriz.