C Egunaren XX. edizioa Donostian izango da berriro, eta JARRERA omenduko du

  • Club de Creativos elkarteak (C de C), Donostia Turismoko Convention Bureauaren laguntzarekin, C Egunaren zortzigarren edizioa antolatu du Donostian; komunikazio- eta marka-industriaren topaketarik handiena izango da.
  • C Eguna hilaren 24an eta 25ean ospatuko da Kursaalean, eta bi jardunaldi izango ditu inspirazio, ikaskuntza, eztabaida, hausnarketa eta networkingerako.
  • Aurtengo hizlarien artean izango dira Ana Pastor kazetaria, Eduardo Casanova aktore eta zuzendaria, Pelle Sjönell Activision Blizzard etxeko sorkuntza-zuzendari nagusia eta Laura Visco Grey etxeko kontu globaletarako sorkuntza-zuzendaria.
  • Donostia Turismoak MICE sektorearen aldeko apustua egin du jarduera estrategiko eta jomuga posizionatzeko, eta, Donostiako Udalak sinatutako akordio bati esker, Gipuzkoako hiriburuak hartuko du topaketa datorren urtean ere.

cdec2023

Hasi da Donostian 2023ko C Eguna, Club de Creativos (C de C) elkarteak antolatutako komunikazioaren eta marken urteko ekitaldi handia, zeinak Donostia Turismoaren laguntza izan duen, Convention Bureauren bidez. Topaketa zortzigarren aldiz jarraian itzuliko da Donostiara, eta hogeigarren urteurrenean “JARRERA” izango da leloa; izan ere, horixe da industria gehien ordezkatzen duen ezaugarrietako bat, sormenaren eta lan arrakastatsuen funtsezko eragile gisa.

Donostia Turismoak MICE sektorearen aldeko apustua egiten jarraitzen du, ezagutzaren ekonomia eta jomugaren posizionamendua bultzatzen dituen jarduera estrategiko gisa. Horregatik, C Eguna hartuko du hurrengo bi edizioetan gutxienez, ikusirik biltzarra Donostian egiteak zer-nolako garrantzia hartu duen, komunikazio eta marketineko profesionalen topaleku nagusi eta erreferentzia gisa. 

Cristina Lagé Turismo Sostengagarriko zinegotziak adierazi duenez, “aurten ere Donostian egingo den ekitaldia, “Club de Creativos”-ekin hiru urtez hirian jarraitzeko sinatutako hitzarmenaren emaitza da. Biltzarren eta ekitaldien sektorea indartzea estrategikoa da gure Gida Planerako, eta norabide horretan lan egiten dugu, desestazionalizazioan, nazioartekotzean eta jasangarritasunean laguntzen duelako”.

Bi jardunaldi izango dira, martxoaren 24an eta 25ean, inspiraziorako, ikaskuntzarako, eztabaidarako, hausnarketarako eta networkingerako. Guztietan ere, hainbat arlotako hogei bat profesionalek hitz egingo dute Kursaalen, eta JARRERA izango dute hizpide. Izan ere, erreminta ahaltsua da edozein jarduera edo lanbidetarako eta, oro har, bizitzarako, hainbat modutan: amore ez ematea, berrasmatzea, jauzi egitea, nortasuna defendatzea, freskotasuna bilatzea, etorkizuna besarkatzea, zalantzan jartzea, independentea izatea edo adeigabea izatea.

Aurtengo edizioak, gainera, badu beste ospakizun bat ere: C de C elkarteak bi hamarkada daramatzala sormenari omenaldia egiten, gogoeta sustatzen eta horri buruz eztabaidatzen Hogei urte hauetan, handituz joan da lehiaketa, harik eta sormenaren eta komunikazioaren industriarako erreferentziazko topaketa bihurtu arte. C Eguna hainbat hiritan ibili da (Madril, Sitges, Bartzelona, Zaragoza, Valladolid, Valentzia, Iruñea eta, 2016az geroztik, Donostia), eta mundu osoko 400 hizlari inguruk parte hartu dute.

Hizlari nabarmenak

Bi egunotan entzungai izango ditugu, esaterako, Ana Pastor kazetaria, La Sextako El Objetivo saioaren zuzendaria, eta Eduardo Casanova aktore eta zinema zuzendaria, La Piedad eta beste hainbat filmen sortzailea. Biak ala biak JARRERA bikainaren adibide. Pastor kazetaritzan, eta Casanova, berriz, zinemagintzan.

Bestalde, Joakim (jab) Borgstrom, sortzaile independentea, eta Roberto Fara, Ogilvy Españako sorkuntza-zuzendaria eta Ogilvyko global sorkuntza-esperientziako arduraduna, adimen artifizialaren iraultza berriaz arituko dira. Biek ere kontatuko dute etorkizunari heltzea ere JARRERA kontua dela.

Gainera, aurten Ukraina C Egunean izango da. Arriba!  agentziako Max Burtsev eta Olha Burtseva publizitate sortzaileek muturreko egoeren aurrean amore ez ematearen garrantzia izango dute hizpide (Ukrainako agentzia independente garrantzitsuenetako bat da Arriba!, eta zuzendari sortzailea eta kontuen zuzendaria dira, hurrenez hurren).

Pelle Sjoenell Activision Blizzard etxeko sorkuntza-zuzendari nagusiak kontatuko du norbere burua berrasmatzea ere JARRERA dela, eta Laura Visco, Grey etxeko kontu globaletarako sorkuntza-zuzendaria, identitateaz arituko da JARRERA gisa. Biak ere mundu anglosaxoiko publizitate latinoari buruzko hitzaldi batean izango dira, UnaDeDosek Diageorekin elkarlanean antolaturik.

Meet the speakers, C Egunaren 20. urteurrenaren erakusketa eta Gala

Aurten, C Egunak Meet de speakers ekimena inauguratuko du. Ekimen berri horrek ekitaldiko hizlari garrantzitsuenetako batzuekin topaketa zuzena izateko aukera emango du, baita haien sormen-prozesua eta lan egiteko modua gehiago ezagutzeko ere. Elkarrizketa informal bat izango da Kursaaleko areto batean, ateak itxita eta talde txikian, edukiera mugatuarekin. Gune horretan parte hartuko duten hizlarien artean ageri dira, esaterako, Laura Visco, Gustavo Lauria, Pelle Sjoenell, Max Burtsev eta Olha Burtseva.

2023ko C Egunak beste ekitaldi aipagarri batzuk ere hartuko ditu Kursaalen. C Egunaren 20. urteurrena ospatzeko erakusketak lehiaketaren edizio bakoitzaren ibilbide bat eskainiko du, bai eta aurtengo Sormenaren Sari Nazionaletara aurkeztutako pieza grafikoen erakusketa ere. Gainera, larunbat goizean, hilak 25, Sormenaren XXIV. Urtekarian parte hartzeko aukeratutako lanak proiektatuko dira (atal guztietakoak). Epaimahaiak aukeratu ditu lan horiek, zeina 35 profesionalek osatuko baitute aurten eta Oriol Villar izango baitu epaimahaiburu, OV_ko sortzaile eta zuzendari sortzailea.

2023ko C Egunaren amaiera martxoaren 25ean izango da (larunbat arratsaldean), Sormenaren Sari Nazionalak eta Ohorezko C de C saria banatzeko galarekin. Aurten Miguel Ángel Furones izango da saritua hil ostean. Furones Leo Burnett Worldwideren mundu mailako zuzendari sortzailea, Publicis Iberiako presidentea eta, 2018ko urtarrilaren 1etik 2021eko apirilean hil zen arte, talde bereko ohorezko presidentea izan zen. Gala horretan, talentu gazteari emaniko Juan Mariano Mancebo sariaren irabazlea ere ezagutuko da.

2023ko C Egunak erakunde hauen laguntza jaso du: Donostiako Udala, Gipuzkoa Turismoa, Gipuzkoako Foru Aldundia, Donostia Turismoa eta Kursaal. Eta lankide izan ditu, orobat: Mahou, San Miguel, Alhambra, Renfe, El Corte Inglés, Diageo, Tanqueray, Johnnie Walker, Exterior Plus, Super8 eta Antiestático.