Donostia, helmuga bikaina lehiakortasun turistikoan, URBANTUR-ren arabera
- Asteartea, 28 Martxoa 2023
- Donostia, hiri txikien kategorien barruan egon arren, Estatu mailan laugarren postuan dago kategoria absolutuan, eta Euskadiko lehen postuan azaltzen da, URBANTUR txostenaren arabera (txosten honek Espainiako helmuga urbano nagusien turismo lehiakortasuna ebaluatu eta ordenatu egin du 2016-2022 aldirako).
- Excelturrek argitaratu duen txostenean, turismo helmugak jardueraren arabera antolatuta daude, ondoko alderdiak kontuan hartuta: aisialdi eta negozio produktuen eskaintza, hiri ingurunearen eta tokiko bizitzaren lehiazko baldintzatzaileak, irisgarritasuna, mugikortasuna, gobernantza, kudeaketa estrategikoa, eta emaitza ekonomiko eta sozialak.
- Gobernantzaren eta kudeaketa estrategikoaren esparruan Donostiak egindako balorazioa azpimarratzekoa da, hirugarren postuan azaltzen baita.
Ia bi urteko lanaren ondoren, eta 2022ko azarora arte eguneratutako informazioa lagun, Exceltur-ek URBANTUR-ren ondorioak eman ditu argitara. Estatuko 22 hiri helmuga nagusien lehiakortasun turistikoa ebaluatu eta antolatzen duen txostenaren hirugarren edizioa da, 2016-2022 aldiari dagokiona, eta, bertan, 100.000 datu baino gehiago oinarritzat hartuta landutako 63 adierazle inguru baloratu dira, ondoko 6 zutabeokin bat eginez: aisialdiko produktuen eskaintza erakartzeko gaitasuna; negozio-produktuen eskaintza erakartzeko gaitasuna; hiri ingurunearen eta tokiko bizitzaren lehiazko baldintzatzaileak; irisgarritasuna eta mugikortasuna; gobernantza eta kudeaketa estrategikoa; eta jarduera eta emaitza ekonomiko eta sozialak. Hiri horiek turismo urbano osoaren % 87,2 dira.
107 puntuko puntuazio orokorrarekin, Donostia turismo lehiakortasunaren esparruanlaugarren postuan dago Estatu mailan, eta lehen postuan Euskadi mailan. Donostia, hiri txikien kategorian (200 mila biztanlebaino gutxiago) egon arren, kategoria absolutuko laugarren postuan dagoela azpimarratu behar da; izan ere, kategoria horretan hiri ertainak (500 mila biztanle baino gutxiago) eta hiri handiak(500 mila biztanle baino gehiago) ere sartzen dira.
URBANTUR 2022 aldaketa sakoneko une batean aurkeztu da, hiriek pandemiaren aurretik baino are eraldatzaileago eta konplexuagoa den egoera berri bati aurre egin behar diotenean, hain zuzen ere. Egoera berria markatzen duten aldaketak ugariak dira, besteak beste, pandemiak berekin ekarri dituen aldaketa estruktural ugariak eta erronka berriak, eta, testuinguru globalak berak eta hiri inguruneetako garapen turistikoak 2019an planteatzen zituzten erronkei eman beharreko erantzunak.
Horregatik, lehiakortasuna monitorizatzen duen edizio berriak, gure hirien etengabeko hobekuntza sustatzeko jarraipen prozesua hobetzea xede duen nahiari erantzun egiten dio.
EXCELTUR
EXCELTUR irabazi asmorik gabeko elkartea da eta turismo kate osoko 33 enpresarik garrantzitsuenak batzen ditu, hala nola honako azpisektore hauek ere: aire, trenbide, itsaso eta lehorreko garraioa; ostalaritza; bidaia-agentziak eta tour operadoreak; ordainketak egiteko baliabideak; autoen alokairua; ospitale turistikoak; erreserbak egiteko guneak/GDS) eta abar.