DSS Turismoak turismo gidarientzako dekalogoa aurkeztu du eta udal araudi murriztaile batean ari da lanean

    • Donostia Turismoak turismo arduratsu eta jasangarriaren alde lan egiten du. Hori dela eta, erakundeko bazkideak diren gidariekin batera, hainbat gomendio biltzen dituen dekalogo baten argitalpena prestatu du, bisita gidatuen kalitatea eta bisitari eta herritarren esperientzia ona bermatzeko asmoz.
    • 2024ko urtarriletik aurrera, udal araudi murriztaileagoa ezarriko da, eta gaur egungo gomendio nagusiak nahitaez bete beharrekoak izango dira.

PO 21

Donostia Turismoak herritarren bizi kalitatea jarri du bere estrategiaren erdigunean. Horregatik, turismo jardueran kutsadura akustikoa arautu duen lehen euskal hiria izan da, eta orain beste urrats bat eman du, bisita gidatuetarako gomendioen dekalogoa argitaratuz; bien bitartean, lanean jarraitzen du, hurrengo urtean araudi murriztaileago bat onartze aldera.

Bisita gidatuak egiten dituzten taldeak nabarmen ugaritu dira azken urteotan, eta bisita horien kalitatea bermatzeko eta herritarren eguneroko bizitzan eragin ditzaketen deserosotasunak minimizatzeko, DSS Turismoa tokiko gidariekin elkarlanean aritu da sektoreko profesionalei zuzendutako dekalogo batean.

Gomendioak, besteak beste, hauek dira: talde bakoitzeko gomendatutako gehieneko pertsona-kopurua mugatzea (goi denboraldian 20 pertsona eta behe denboraldian 25); banakako audio sistemak erabiltzea; igarobide publikoen okupazioa saihestea; udan eta puntako orduetan, gainezka dauden kaleak eta eremuak saihestea; hiriaren eta lurraldearen ondarea, kultura eta erakargarritasuna azpimarratzea; Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialak –euskara eta gaztelania– gutxienez jakitea; turistak animatzea hiria modu jasangarri eta arduratsuan bisitatzera; etab.

Gainera, DSS Turismoa, bertako gidariekin eta Hiri Mantentze eta Zerbitzuen atalarekin elkarlanean, udal araudi murriztaile bat aurrera atera nahi du 2024. urterako. Araudiak, besteak beste, bi murrizketa hauek jasoko ditu: talde bakoitzeko gehieneko pertsona-kopurua mugatzea, eta, jarduera horretan aritzeko ordutegia mugatzea.

Bide publikoan garatzen diren turismo jardueretan megafonia mugatzeko asmoz, DSS Turismoak, Osasun eta Ingurumen Sailarekin batera eta Udaltzaingoaren Udal Ordenantzak Kontrolatzeko Unitatearekin batera, 2022. urtearen amaieratik abian jarri zuten kanpainari gehitu behar zaizkio bi murrizketa aipatuak. Donostia izan da kutsadura akustikoa mugatzeko ordenantza bat ezarri duen Euskadiko lehen hiria, eta, Espainiako lehenengoetako bat.

DEKALOGOA IKUSI