DONOSTIAKO UDALAK ARGAZKI LEHIAKETA BAT ANTOLATU DU SAN SEBASTIAN EGUNEKO FESTAREN HARIRA
- Astelehena, 12 Urtarrila 2015
Donostian, abenduaren 15ean. San Sebastian Eguneko festaren harira argazki lehiaketa bat antolatu du Donostiako Udalak. Helburua da festa girotzea eta donostiarrek sare sozialen bidez danborraden inguruko argazkiak konpartitzea. Argazkiek saria ere izango dute, sari berezia; izan ere, hurrengo urteko San Sebastian Eguneeko festako ekitaldi nagusiak udal balkoietatik ikusteko aukera izango dute irabazleek. Donostiako Udalak, beraz, argazkiak jaso, publikatu eta saritu egingo ditu.
Hiru modutara parte hartu ahal izango da:
- Twitter: #niredanborrada hashtag edo traola erabiliz argazkia publikatzea.
- Facebook: Donostia Gaur orrialdean ‘atsegin dut’ sakatu eta kontu horren denbora lerroan publikatzea, argazkiari ‘Nire danborrada’ titulua jarriz.
- Helbide elektronikoa: GAURen helbide elektronikora mezu bat bidali eta argazkia eranstea gaian ‘Nire danborrada’ titulua idatziz.
Oinarriak
- Edonork parte har dezake lehiaketan.
- Parte hartzaile bakoitzak argazki bakarra aurkeztu ahal izango du.
- Argazkiak gaurtik urtarrilaren 21eko gauera arte bidali ahal izango dira.Izan ere, entseguetako argazkiak ere sartuko dira lehiaketan.
- Donostiako Udaleko web ataria, GAURen eta sare sozialen bidez jakinaraziko dugu zein diren sarituak, eta lehiaketan parte hartu dutenen argazkiz osatutako galeria bat ere publikatuko dugu. Urtarrilaren 23an izango da hori, ostiralean. Printzipioz, argazki guztiak publikatu nahi genituzke, baina inor irain lezakeen argazkirik jasotzen badugu, ez dugu plazaratuko.
Sariak
- 1. saria, argazki onena: 2016ko San Sebastian Egunari hasiera emango dion banderaren igoera Konstituzio Plazako eraikineko lehenengo pisuko balkoitik ikusteko aukera, bi lagunentzat.
- 2. saria, parekidetasuna islatzen duen argazki onena: 2016ko San Sebastian Egunari amaiera emango dion banderaren jaitsiera Konstituzio Plazako eraikineko lehenengo pisuko balkoitik ikusteko aukera, bi lagunentzat.
- 3. saria, talde edo danborrada ageri den argazki onena: 2016ko San Sebastian Eguneko haur danborrada udaletxeko balkoi batetik segitzeko aukera, bi lagunentzat.
- 4. saria, munduko danborradak, argazki onena: San Sebastian Egunean ohikoak diren doinuak biltzen dituen CDa bidaliko diogu.
Ander Moreak, Iñigo Garvik eta David Gomezek irabazi zuten iazko lehiaketa, eta aurten balkoietatik ikusi ahal izango dituzte banderaren igoera, jaitsiera eta haur danborrada, beste pertsona batekin lagunduta.
Bestetik, gogoratu gaur zabaldu dela epea ekitaldi nagusiak udal balkoietatik ikusteko. Abenduaren 15etik urtarrilaren 6ra arte egongo da aukera zozketan izena emateko. Konstituzio plazako eraikineko lehen pisurako 30 plaza zozketatuko dira eguneko, urtarrilaren 19ko banderaren jasoerarako 30, eta urtarrilaren 20ko jaitsierarako beste 30. Guztira, beraz, 60 lagunek ikusi ahal izango dute ekitaldia balkoitik, izan ere, pertsona bakoitzak beste lagun bat eraman ahal izango du. Udaletxetik, berriz, 48 lagunek jarraitu ahal izango dute 12:00etan puntu-puntuan hasten den haur danborrada, guztira 24 plaza zozketatuko dituzte.
Hiru aukera daude izena emateko; Udalinfora gerturatuz; www.donostia.eus webgunearen bidez, edo 010 telefonoaren bidez. Donostian erroldatua egon beharra dago zozketan parte hartu ahal izateko eta 18 urtetik gorakoa izan urtarrilaren 6rako. Izena emateko garaian ezin izango da banderaren igoera edo jaitsierako ekitaldia aukeratu, bai ordea, ekitaldi horietan edo haur danborradarenean egon nahi den, edo bietan.
Zozketa publikoa urtarrilaren 9an egingo da, ostiralarekin, arratsaldeko 18:00etan, Udalbatzan.
San Sebastian Turismo & Convention Bureau-ko albiste gehiago