Turismo Jasangarri eta Adimendun baten Behatoki-proiektua aurkeztu du Donostia Turismoak

Donostia Turismoaren bazkideei zuzendutako webguneak modu pilotu batean eskaintzen ditu txosten eta datu turistiko garrantzitsuenak, etorkizun hurbilean hiritar guztiekin partekatu ahal izateko helburuz.

Donostia Turismoa turismo jasangarri eta adimendunaren behatoki bat garatzen ari da, Donostiako turismoaren kudeaketa jasangarri baterako heldu behar zaizkien oinarrizko arazoak identifikatzeko aukera emango duena, baita arazo horiek aurreikusten saiatzeko ere.

 

Turismo Jasangarri eta Adimendunaren Behatokiaren proiektua Donostia VISIT- BIZI 2017-2021 Gida Planetik sortua da; planak hiriaren lehentasunen agenda aldatzea defendatzen du. Aldaketa hori helmugaren kudeaketan eta sustapenean oinarritzen da; pertsonak kokatzen ditu hiriko turismoaren garapen-ereduaren erdian, eta apustu egiten du turismo iraunkor, orekatu, benetako eta kalitatezko baten alde.

Proiektuaren helburu nagusiak hauek dira:

-    Lehentasunezko galderak zeintzuk diren identifikatzea, hiriak bere buruari egin behar dizkionak bere kudeaketa jasangarriaren inguruan.

-    Eskueran eta helmenean ditugun informazio-iturriak identifikatzea, erantzunetara hurbiltzen gaituztenak.

-    Aginte-koadro bat diseinatzea, helmugari ahalik eta kudeaketa optimoena hurbilduko dioten prebentzio-adierazleekin.

-    Lehenengo hurbilketa bat egitea, informazio-iturriak eta adierazleak errezeptakulu bakar batean biltzeko moduari buruz, modu erraz batean interpretatu ahal izateko eta, horrekin batera, erabakiak modu bizkorrago batean hartu ahal izateko.


Proiektuak 4 fase ditu: informazio-iturriak biltzea; benchmarking edo beste hiri eta sare batzuetako behatokietako jardun egokien analisia (Turismoaren Munduko Erakundea (TME), European Cities Marketing (ECM) eta abar); elkarrizketen, tailerren eta brainstorming-en bidez lortutako iturriei lehentasuna ematea; eta gobernantza eta kudeaketarako baliabide teknologikoa eta eredua aurrez diseinatzea. Oraingoz, Donostia Turismoak lehenengo bi faseak burutu ditu, eta hirugarrenean dihardu orain, behatokia azaroan martxan jartzeko helburuz.


Zergatik behar dugu turismo jasangarri eta adimendun baten behatoki bat?

-    Jarduera turistikoa neurtzeko sistema baten premian gaudelako, eta nabarmena delako txangozaletasuna neurtzeko arazoa, ekonomia kolaboratiboaren fenomenoari lotutako etxebizitza turistikoen kuantifikaziorako zailtasunak, turismoaren inpaktu ekonomiko positiboen neurketa konplikatua eta karga turistikoaren gaitasuna neurtzeko arazoa.

-    Donostiako jardun turistikoari buruzko informazio ugari dagoelako, baina ez beti asimilatzeko moduko formatuetan eta eskueran.

-    Teknologia berriak daudelako helmugen helmenean, garrantzizko informazioetako datuak interpretatzeko gai direnak.

-    Konektibitatearen eta irisgarritasunaren kudeaketa hobetzeko premia dagoelako, baita erabiltzaile-mota eta garraio-metodo desberdinen bizikidetza ere.

-    Gizarteak fenomeno turistikoari buruz duen pertzepzioa ezagutu behar delako, eta tokiko populazioaren abegikortasuna ez galtzeko.

-    Garapen iraunkorraren eta adimendunaren postulatuak Donostiako jarduera turistikoan aplikatzea komeni delako.

Azterlan eta datu turistiko partekatuak

Donostia Turismoak modu pilotu batean ere bildu ditu bere bazkideei zuzendutako webgunean -intranet erara- txosten eta datu turistiko garrantzitsuenak: ostatu-gauak, alojamenduen okupazio-maila eta prezioa, presentzia nazioarteko hedabideetan eta rankingetan, bisitariaren profila eta gogobetetasuna, eta webgunea/sare sozialak. Laster gehituko dira online entzute aktiboaren datuak. Pilotu modua onartzen denean datuak herritarrekin ere partekatuko dira.

 


San Sebastian Turismo & Convention Bureau-ko albiste gehiago