Donostia Londreseko World Travel Market azokan izango da

  • Donostia Turismoa Londreseko World Travel Market (WTM) azokan izango da azaroaren 4tik 6ra bitartean. Mundu mailan egiten den azoka garrantzitsuenetako bat da. Erresuma Batua da Donostiarako merkatu tradizional eta estrategikoetako bat, eta bisita gehien egiten digun hirugarren herrialdea da.
  • Donostia Turismoak Basquetourrekin batera bidaiatuko du eta Gipuzkoako zenbait agentzia eta enpresa izango ditu lagun turismoaren sektoreko profesionalen artean harremanak eta akordioak ezartzeko: Basque Experience, Chillida Leku, Mimo Food, Donostyle eta Petritegi.

world-travel-market-2019

Donostia Turismoak World Travel Market (WTM) azokan hartuko du parte Basquetourren eskutik Turespañaren gune berezian. Bazkide diren hainbat agentzia eta enpresa izango du alboan: Basque Destination, Chillida Leku, Mimo Food, Donostyle eta Petritegi, besteak beste. Donostiako turismo-erakundeak Donostiaren turismo-posizionamendua, turismogunearen oreka, kalitatea eta benetakotasuna oinarri dituen turismo jasangarriarena ezagutaraziko du bertan. Posizionamenduaren funtsak 5 ardatz estrategiko hauek ditu: kultura, gastronomia, kirol, premium eta kongresuen inguruko turismoa.

Donostia Visit- Bizi 2017-2021 Gida Plana sustapen masibotik aldendu egiten da eta, kalitatezkoa eta jasangarria den turismoa sustatzeko asmoz, merkatu eta ardatz estrategiko argiak zehazten ditu. WTM azoka bat dator lan-ildo horrekin: Erresuma Batua da Donostiara bisita gehien egiten duen nazioarteko hirugarren merkatua. 2019ko urtarrila eta iraila artean, turista britainiarrek Donostian emandako gau kopurua 74.229 gauekoa izan da; hau da, aurreko urteko aldi berekoa baino % 2,19 handiagoa. Euskadiko Turismo Behatokiak argitaratutako datuen arabera, Erresuma Batuko bidaiariek gu bisitatzeko duten arrazoi nagusia City Break (ihesaldi edo egonaldi laburrak) eta Touring-a dira.

WTM, bestalde, turismo sektoreko profesionalen artean harremanak eta akordioak finkatzeko topagune bikaina ere bada. Donostia Turismoko arduradunek turismo sektoreko hainbat eragilerekin, onlineko agente komertzializatzaile nagusiak barne, laneko topaketak egingo dituzte. Horri esker, harrerako turismoa errentagarri bihurtu eta, horren bidez, turismo-erakundearen gaitasun komertzializatzailea areagotzeko estrategiak sendatu ahal izango dituzte. Donostia Turismoko bazkide diren Gipuzkoako enpresek (Basque Experience, Chillida Leku, Mimo Food, Donostyle eta Petritegi) Speed Networking-eko saioak egingo dituzte eta erakusketarien eta erosleen artean hitzorduak adosteko aukera izango dute. Hala, Britainia Handiko merkatuan haien lana ezagutarazi eta etorkizunean negozio-aukera bihur daitezkeen harremanak adostu ahal izango dituzte.

 


Donostia Turismoko albiste gehiago