Donostiak turismo sostengagarriaren aldeko bere apustua erakutsiko du Fiturren

Donostia Turismoa Fitur azokan izango da urtarrilaren 22tik 26ra, eta bertan ezagutaraziko du Donostiak zer helburu duen turismoaren arloan: turismo sostengagarria, oreka, kalitatea eta helmugaren benetakotasuna oinarri dituena, eta 5 ardatz estrategikotan egituratzen dena: turismo kulturala, gastronomikoa, kirolaren arlokoa, premium turismoa eta kongresuen turismoa.

Asteburuan, Itzurun konpartsako Donostiako buruhandiek girotuko dute azoka, hiriko jarduera kultural eta tradizionalaren erakusgarri.

fitur-2020


FITUR Madrilgo Nazioarteko Turismo Azokan izango da Donostia urtarrilaren 22tik 26ra, eta stand bat izango du Basque Country izeneko gunean. Bertan, informazioa eskainiko die, bai profesionalei, bai azken publikoari, turismo jasangarriaren alde egiten duen apustuari buruz eta turismo horren lehentasunezko ardatzei buruz: turismo gastronomikoa, kulturala, kirolaren arlokoa, premium turismoa eta kongresuen turismoa.

Era berean, Donostia Turismoak 2020. urterako dituen argitalpen berriak aurkeztuko ditu: "Ongi Etorri" hiriaren gida (zazpi edizio: euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez, frantsesez, alemanez, katalanez eta japonieraz); Hirian Ostatu Hartzeko gida, auzoka banatuta (hirian turismoaren joan-etorria hobeto banatzeko); Tokiko Jardueren gida (hiriaz eta lurraldeaz gozatzeko esperientziak, Donostia Turismoari loturiko tokiko ETEek eskainita); Hiriko Bisita Gidatuen gida; 2020ko Kultura Agenda; “Made in San Sebastian” Moda eta Merkataritza gida; gida Gastronomikoa, etab.

Gainera, apirilaren 25 eta 26ko asteburuan barrena, Itzurun konpartsako buruhandiek girotuko dute azoka. Buruhandi horiek Donostian urte osoan izaten diren festen sinbolo dira. Ekimen dibertigarri horrek erakusten du hiriak bere jarduera kulturalaren eta tradizionalaren, bere identitate propioaren eta helmugaren benetakotasunaren alde egiten duen apustua. Buruhandiak azokan ibiliko dira, larunbatean, 12etatik 18etara, eta igandean, 12etan.

Visit-Bizi 2017-2021 Donostiako Gida Plana sustapen masibotik aldentzen da eta jasangarria eta kalitatezkoa den turismoa bultzatzeko asmoz merkatu eta ardatz estrategikoak zehazten ditu. Horregatik, Donostia Turismoko arduradunek harremanak eta akordio profesionalak finkatuko dituzte azokan. Gainera, turismoaren sektoreko eragile ugarirekin laneko topaketa ugari egingo dute (onlineko agente komertzializatzaileak barne), lehentasunezko ardatzetan eta merkatuetan presentzia sendotzeko.

 Cabezudos

Erraldoi eta buruhandien historia

Buruhandiak 1660. urte inguruan ibili ziren lehen aldiz Donostiako kaleetan barrena. Ordutik, zenbait konpartsa ibili izan dira hiriko kaleetan. Bereziki aipatzekoa da XIX. mende amaierako konpartsa bat, zeina galdu egin baitzen, bat ez zetorrelako Bella Eason garai hartan nagusi ziren ohiturekin.

XX. mendean ez zen erraldoi eta buruhandirik izan Donostiako festa garrantzitsuenetan, harik eta demokraziako lehenengo Eusko Jaurlaritzak San Joan eguna berriro ere Donostiako egutegiko egun handi gisa jarri nahi izan zuen arte. Horretarako, Donostia hiriak duen garrantziari dagozkion erraldoi eta buruhandiak egiteko eskatu zuen. Ekainaren 24a ez zenez festa ofizial aldarrikatu, erraldoi eta buruhandi horiei esanahia ematen zien festa bat aurkitu nahi izan zuen Donostiako Turismo eta Atrakzio Zentroak. Orduan sartu zen konpartsa Aste Nagusian, eta, urte batzuk geroago, Aste Nagusi horren ezaugarri bihurtu zen; baina, horrez gain, beste festa batzuetan ere zabaldu du izan du bere alaitasuna. Itzurun konpartsa 1982ko abuztuaren 8an atera zen lehenengo aldiz.

Gaur egun, konpartsa ateratzen den egunetan, jendeak modu aktiboan hartzen du parte festan: buruhandiak txikienen atzetik ibiltzen dira, eta, bitartean, helduek txaloka hartzen dituzte jende artean dantza erritmoan aurrera doazen erraldoiak. Gaur egun, Donostiako festetako benetako sinbolo bihurtu dira erraldoi eta buruhandiak.

Informazio gehiago: https://itzurundonostia.eus/eu/


Donostia Turismoko albiste gehiago