500 hitz Donostia munduari erakusteko

  • Donostia Turismoak eta Udaleko Euskara Zerbitzuak #DonostiaHitzetan / A City Word Visiting ekimena jarri dute abian konfinamenduan, bisitatu ezin gaituztenek, hitzen bidez bidaia dezaten. 500 donostiar inguruk hartu dute parte dagoeneko, argazki bat euskarazko hitz kuttunenarekin igota, eta hala, gure hiria eta bere bereizgarri nagusia, euskara, erakutsiz.
  • Parte hartzeko epea maiatzaren 17an amaitzen da, eta parte-hartzaileen artean Arbaso-Narru esperientzia bat zozkatuko da. Argazkiak eta irudiak sare sozialetan ikus daitezke #DonostiaHitzetan traolarekin eta webgunean: sansebastianturismoa.eus/acitywordvisiting/eu. Bigarren fase batean, donostiarren proposamenak nazioarteko publikoari zuzendutako kanpaina batean zabalduko dira.
  • Kanpainako azken egunek bat egin dute argia ikusten hasi garen unearekin, eta beraz, donostiarrei esker ona adierazteko bideo bat plazaratu da, hiria erakusteko, kontakizun hunkigarri eta optimistagoarekin.


500 donostiar inguruk hartu dute parte #DonostiaHitzetan / A City Word Visiting kanpainan. Ekimenaren asmoa da hiria munduari beste ikuspegi batetik erakustea: donostiarrentzat esanahi berezia duten hitzen bidez bidaiatuz, hiriaren bereizgarritasun nagusia, euskara, eta nortasun propioa indartuz.


Euskaraz hitz berezi asko ditugu gure kulturaz nahiz gure izateko moduaz hitz egiten dutenak. Gure hiria beste modu batera erakusteko balio diguten hitzak dira, eta gainera, ohiko gida turistikoetan erakustea zaila den errealitatea jartzen dute agerian. Maitasuna, goxo, xarma, bizipoza, askatasuna, bizilagun, eskuzabal, harremana, lilura, kresala, kuttuna, laztana, patxada, herrimina, zerumuga, argi-zirrinta, xirimiri, osasuna… dira donostiarrek proposatutako hitzetako batzuk, hiriaren argazki ederrekin batera.

Ekimena batez ere donostiarrari zuzenduta dago, baina euskarazko hitz gogokoena proposa dezake edonork… Izan dira Estatu Batuetako, Italiako, Frantziako, Toledoko, Gironako edo Madrilgo parte-hartzaileak ere. Era berean, Donostia Turismoko bazkide ugarik ere hartu dute parte ekimenean, beraien hitz kuttunena partekatuz, hala nola: Go Local, Discover San Sebastian, Box San Sebastián, Ekain Art Gallery, Arrauning, Jai Alai Events, Begi Bistan, Adimedia, Garbera, Petritegi sagardotegia, Sagardoaren Lurraldea, Saizar sagardotegia, Sagardoa Route, Kursaal pentsioa, Arbaso hotela, Gudamendi hotela etab., eta beste hainbestek ere zabaldu egin dute.


Maiatzaren 17ra arte parte hartu ahal izango da, euskarazko hitz kuttunena partekatuz argazki edo bideo batekin eta #DonostiaHitzetan traolarekin Twitterren, Facebooken edo Instagramen, edo WhatsAppez +34 607 187 462 zenbakira bidaliz. Irabazleen artean Narru jatetxean gosari eta dastatze-afaria eta Arbaso Hotelean premium logelan gaua zozkatuko da.

Orain arte jasotako argazkiak eta irudiak sare sozialetan ikus daitezke #DonostiaHitzetan traolarekin eta webgunean: sansebastianturismoa.eus/acitywordvisiting/eu. Bigarren fase batean, donostiarren proposamenak nazioarteko publikoari zuzendutako kanpaina batean zabalduko dira.

Era berean, kanpainaren azken egunetarako, egoera gainditzen hasi garela dirudien honetan, Donostia mundura erakusten laguntzen ari zaizkigun donostiarrei eskertzeko bideoa atera da; gure hiriaz gozatzeko gonbidapena, kontakizun hunkigarri eta optimistago batekin.