Donostia DTI sareko partaidea da, turismoa berriro indartzeko funtsezko sarea

Cristina Lagék, Donostiako Turismo Sostengagarriko zinegotziak, eta Turismogune Adimentsuen (DTI, gaztelaniaz) Sarearen Batzordeko kideak, “gure hirian turismoa berriro aktibatzeko helmuga turistiko adimentsuek eta Estatu mailako sare honetan parte hartzeak duen garrantzia” azpimarratu du. Izan ere, bere hitzetan, “gure Gida Planean lehendik lantzen ari garen ardatzekin lerrokatuta dago: gobernantza, jasangarritasuna, irisgarritasuna, berrikuntza eta teknologia, esaterako”.

Donostia DTI Sareko (Turismogune Adimentsuak) kidea da Estatu osoko beste 121 kiderekin batera (88 turismogune, erakunde mailako 16 kide eta 16 enpresa laguntzaile). Duela gutxi egin du Sareak bere Batzorde Betearazlearen bilera (Industria, Merkataritza eta Turismoko ministroak, Reyes Marotok, zuzendu du eta bertan batzordekide gisa hartu du parte Cristina Lagék, Donostiako Turismo zinegotziak). Horrekin lotuta, bilera horretan aurkeztu dituzte COVID19ak sektorean eragindako inpaktua arintzeko lantzen ari diren Turismoa Suspertzeko Planeko ekintza-ildo nagusiak.

Cristina Lagé zinegotziak honakoa adierazi du: “Donostia kide fundatzailea da Helmuga Turistiko Adimenduen sarean; Sare horrek, sostengagarritasun sozial, laboral, kultural eta enpresarialean oinarritutako industria turistikoaren oinarriak jartzen ditu, eta, gainera, orain, Reyes Maroto ministroak adierazi zuen bezala, baita jasangarritasun sanitarioarena ere”.

Udalerrien rola funtsezkoa da turismo adimentsua eta segurua sustatzeko eta bermatzeko, eta ezinbestekoa izango da sektorea berriro indartzeko haren garrantzi ekonomikoa zein gizarte eta lurralde mailako kohesioa lortzeko egiten duen ekarpena dela eta. Horregatik, ezagutza-eredu berria sortu da udalerriei politika turistikoko erabakiak hartzeko elementuak emateko. Horri esker, Espainiako eskaintzaren baitako produkzio-egituraren ezaugarriak hobeto ezagutu eta bidaiarien portaeran eragina duten joera sozialak identifikatu ahal izango dira. Horren bidez, eskarian gerta daitezkeen aldaketen aurrean, aurrerapenarekin eta aurreikuspenarekin jardun ahal izango dute.

Horrez gain, COVID19ak eragindako krisiaren ondorioz, Turismogune Adimentsuen Diagnostikoa egiteko metodologia eta Ekintza Planeko gomendioak hobetzeko eta egokitzeko lanean ari dira egoera berriarekin lotutako alderdiak txertatu ahal izateko: etorkizuneko komunikazio-ekintzak, merkatuetako posizionamendu berria, enpleguari eman beharreko laguntza, jardunbide egokiak, webinar-ak, kideentzako prestakuntza- eta gaitasun-plana eta abar.

Donostiak modu aktiboan hartzen du sare horretan parte Donostia Visit-Bizi 2017-2021 Gida Planak ezartzen dituen erronketan aurrera egitea ahalbidetuko duten ezagutza-tresnak hobeto aprobetxatzeko eta informazio handiagoa lortzeko helburuarekin: sostengagarritasuna, hiritarren/bisitarien/enpresen arteko oreka, turismogunearen kalitatea eta benetakotasuna. Donostia Turismoak zein DTI sareak turismoa berriro aktibatzeko funtsezkoak diren 5 zutaberen inguruan egiten dute lan: gobernantza, jasangarritasuna, irisgarritasuna, berrikuntza eta teknologia.

Bilera telematikoan izan dira honako hauek ere: Turismoko estatu-idazkaria, Isabel Oliver; SEGITTUReko presidentea, Enrique Martínez; Red.es-eko zuzendari nagusia, David Cierco; eta FEMPeko idazkari nagusia, Carlos Daniel Casares.

DTI Sarea

DTI Sarea 2019ko otsailaren 27an osatu zuten eta Espainiako turismo-ereduaren jasangarritasuna sendotzeko erreferentziazko esparru berria sustatzea du helburu. Batzorde betearazleko presidentea Turismoko estatu-idazkaria da eta hiru presidenteordetza ditu: Antolaketako bat (SEGITTUReko presidentea) eta erakunde mailako bi (FEMP eta Red.es). Gainera, zortzi turismogunek (Donostia, Benidorm, Calviá, Pontevedra, Arona, Palentzia, Avilés eta San Bartolomé de Tirajana) ordezkatzen dituzten zortzi batzordekide ditu.