Donostia San Sebastián Turismoak apustu egiten du pertsona guztientzako turismo baten alde

  • Donostia lanean ari da kalitateko helmuga inklusibo, irisgarri eta sostengagarri bat izateko. Abiaburutzat duen premisa da helmuga irisgarri batek kalitate handiagoko zerbitzu eta ingurune turistikoak eskaintzen dituela bisitatzen gaituzten guztientzat.
  • DSS Turismoak martxan jarri du informazio-tresna berri bat irisgarritasunean oinarritua eta datozen hilabeteetan hazten joango dena.

Donostia/San Sebastián Turismoa apustu egiten ari da hiria helmuga irisgarri gisa sustatzearen alde, irisgarritasuna dibertsitate funtzionala duten pertsonen eskubidetzat hartuta ez ezik, kalitatearen ezaugarri gisa ere, guztion onurarako dena gure bizitzaren uneren batean: ekipajea, haur-kotxeak garraiatzean, lesio iragankorrak… Irisgarritasuna hobetze aldera lanean diharduen helmuga bat helmuga erosoagoa, seguruagoa izango da, kalitate handiagoko eskaintzarekin, eta arreta pertsonalizatuarekin; garrantzizko ezaugarriak edozein helmuga turistikorentzat, orain inoiz baino gehiago.

Cristina Lagé turismoko zinegotziak adierazi duenez “turismo irisgarriaren gero eta eskari handiagoa dago, populazioa zahartzen ari delako, eta gero eta gehiago hartzen direlako barnean dibertsitate funtzionala duten pertsonak eta adinekoak aisia eta turismoko jardueretan, kontuan hartuta horrek, gainera, lagun dezakeela turismoa desestazionalizatzen”.

Horri lotuta, Donostia/San Sebastián Turismoak martxan jarri du accessibility.sansebastianturismoa.eus webgunea; web nagusiaren home-tik ere ematen da sarbidea. Irisgarritasunean oinarritutako informazio-tresna berri bat da, datozen hilabeteetan hazten joango dena.

Web accesible de San Sebastian Turismoa

Web irisgarritasunak esan nahi du desgaitasunen bat duten pertsonek arazorik gabe hauteman, ulertu, nabigatu dezaketela eta elkarrekintzan aritu webarekin. Gainera, informazioa topatuko dute alderdi hauei buruz: bidaia nola antolatu, nola iritsi, nola lekualdatu, zer egin, zer bisitatu, oinezkoen ibilbide irisgarriak, intereseko zerbitzuak eta funtsezko bestelako informazioa beren bidaia diseinatu eta hiritik ibili ahal izateko.

Webgune berriak hiriko baliabide nagusiak erakusten ditu, haien ezaugarriak barne: irisgarritasun fisikoa, entzumenezkoa eta ikusmenezkoa. Webgunea etengabe hazten jarraitzeko eta bere edukiak etengabe eguneratzeko bokazioarekin sortu da.

Proiektua garatzeko, DSS Turismoak Accesible for Allen laguntza izan du; irisgarritasunean eta, zehazki, irisgarritasun turistikoan espezializatutako enpresen kolektibo bat.