Donostiak Fiturren “Donostiako Pintxo Institutuaren” Gida aurkeztuko du. Donostiako pintxoaren autentikotasunari eta esentziari balioa emango die gidak.

  • Tokiko gastronomia sustatzeko hirian abian jarritako jarduerak gaur, asteazkena, urtarrilak 19, aurkeztuko dituzte, 15:00etan, FITUReko Basque Country standean. Aurkezpena Cristina Lagék, Turismo Jasangarriko zinegotziak, eta Jesús Santamariak, Donostiako Pintxo Institutuko presidenteak, egingo dute.
  • Donostiak ardatz estrategikoen artean bisitariei begira hiriko gastronomia, berezia eta kalitatekoa, sustatzearen alde egiten du.

Donostia FITURen izango da urtarrilaren 19tik 23ra, eta Basque Country gunean stand bat izango du. Bertan, profesionalei zein hartzaile den publikoari ardatz nagusien inguruko informazioa emango die: turismoa,
gastronomia, kultura, kirola, premium eta kongresuak.

Gainera, urtarrilaren 19an, 15:00etan Cristina Lagék, Turismo Jasangarriko zinegotziak, eta Jesús Santamariak, Institutuko presidenteak, Donostiako Pintxo Institutuaren Gida aurkeztuko dute. Gure kultura gastronomikoaren tradizio ezagunenetako bat, pintxoa, babesteko, sustatzeko eta hedatzeko tresna da.

Pintxo Institutua elkarte independentea eta irabazi-asmorik gabekoa da. 2019an sortu zen, hiriko gastronomia, berezia eta kalitatezkoa, sustatzeko. Batzorde exekutiboak eta auzoetako ordezkari eta aholkulariek osatzen dute. Haiek egin dute ezinbesteko balioak defendatzen eta babesten dituen Pintxoaren Dekalogoa. Hauek dira balio horiek: produktuaren tradizioa, jasangarritasuna, kalitatea eta Donostiaren irudia.

“2020. urtean zehar eta 2021eko zati batean, pandemiak lan hori geldiarazi egin du, baita ostalaritzak egindako lanaren zati handi bat ere” adierazi du Jesús Santamariak, Pintxo Institutuko presidenteak. “Baina aurrera egin nahi dugu eta horregatik aurkeztu dugu berriz ere abian jartzen lagunduko digun plan estrategikoa. Hala, egungo egoeretara egokitu eta Donostiako establezimenduak eta pintxoa bera dagokion tokian berriro kokatuko ditugu, Donostiako Pintxoen etorkizuna zein izan daitekeen diseinatuz”.

Bestalde, Turismo Jasangarriko zinegotziak, Cristina Lagék, honako hau nabarmendu du: “Donostiako pintxoa mundu mailan erreferentzia gastronomiko gisa posizionatzea da helburua, pintxoaren aberastasun gastronomikoari balioa emanda: pintxoa, sukaldaritza tradizionala, modernoa eta miniaturakoa.” Gainera, honako hau nabarmendu nahi izan du: “Gure pintxoen bereizgarri diren balioak, hau da, autentikotasuna, tradizioa, nortasuna eta berezitasuna, mantendu nahi ditugu.”

 

Pintxo Institutuaren Gida

Gida da Institutuaren tresna nagusietako bat. Lehen aipatutako dekalogoa betetzen duten establezimenduek beren burua ikusiko dute islatuta eta, horretarako, adituen batzorde batek ebaluatuko ditu. Adituen batzordea 20 ebaluatzailez osatuta dago, guztiak gastronomiaren munduarekin lotutakoak, baina inor ez da aktibo dagoen ostalaria. Establezimendu bakoitza ebaluatzaile horietako zenbaitek bisitatuko du azken kalifikazioa lortzeko.

Gida lan onari, lan profesionalari eta Pintxo Institutuak emandako aitorpena jaso duten establezimendu horiek tradizioarekiko duten errespetuari balioa emateko eta haiek sustatzeko tresna izango da.

fitur 2022 aurkezpena

Jesús Santamariak honako hau ere aipatu du: “Izena ematea erraza da eta, hala, gure proiektuan parte har dezakezu. Dekalogoa betetzen duzula uste baduzu, formularioa bete besterik ez duzu, gure ebaluatzaileek bisita zaitzaten”.

Turismo gastronomikoa Donostiaren posizionamendu turistikorako lan-ildo estrategikoetako bat da. Beraz, lehentasunezkoa da tokiko gastronomia eta city break turismoa, kulturala, shoppinga, kiroletakoa, kongresuetako eta premium sustatzea; horiek guztiak zeharkako balio hauetan oinarritu behar dira: turismogunearen jasangarritasuna, kalitatea eta autentikotasuna.