Donostia Turismoak eta Donostiako Pintxo Institutuak gure kultura gastronomikoa nabarmenduko dute Madrid Fusion azokan

  • Donostia Turismoak eta Donostiako Pintxo Institutuak pintxoaren esentzia aldarrikatuko dute, gure kultura gastronomikoaren funtsezko zati gisa, gaur Madrilen.
  • Tokiko gastronomia sustatzeko abian jarritako jarduerak gaur, astelehena, martxoak 28, aurkeztuko dituzte, 17:00etan, Aula Makro aretoan.
  • Donostia Turismoak ardatz estrategikoen artean hiriko gastronomia, berezia eta kalitatekoa, sustatzearen alde egiten du.

madrid fusion pintxos

Donostia Turismoa eta Donostiako Pintxo Institutua Madrid Fusion azokan izango dira tokiko gastronomia eta turismo gastronomikoa bultzatzeko, Zuzendaritza planean ezarritako ardatz nagusietako bat baita.

Martxoaren 28an, 17:00etan Mikel Santamaría Bokadoko sukaldariak eta Borja García Argüelles Matalauvako sukaldariak, Donostiako Pintxoaren Institutuaren izenean, trebakuntza-ikastaroa bat eskainiko dute Madrid Fusioneko Makro Aretoan.

Donostiako sukaldaritzako enbaxadore onenen eskutik, IFEMAko 14. pabiloira hurbiltzen direnek bertatik bertara ezagutu ahal izango dute gure pintxoaren arima: beti abangoardian dagoen pintxoa, produktu freskoarekin, gertukoarekin eta sasoikoarekin egina dagoena, eta, batez ere, gure nortasunaren parte den eta hamarkadetako tradizioa gordetzen duen altxor txiki hori. 

Pintxo Institutua elkarte independentea eta irabazi-asmorik gabekoa da. 2019an sortu zen, hiriko gastronomia, berezia eta kalitatezkoa, sustatzeko. Batzorde exekutiboak eta auzoetako ordezkari eta aholkulariek osatzen dute. Haiek egin dute ezinbesteko balioak defendatzen eta babesten dituen Pintxoaren Dekalogoa. Hauek dira balio horiek: produktuaren tradizioa, jasangarritasuna, kalitatea eta Donostiaren irudia.

Turismo Jasangarriko zinegotziak, Cristina Lagék, nabarmendu du “Donostiako pintxoa mundu mailan erreferentzia gastronomiko gisa posizionatzea da helburua, pintxoaren aberastasun gastronomikoari balioa emanda: pintxoa, sukaldaritza tradizionala, modernoa eta miniaturakoa.” Gainera, honako hau nabarmendu nahi izan du “Gure pintxoen bereizgarri diren balioak, hau da, autentikotasuna, tradizioa, nortasuna eta berezitasuna, mantendu nahi ditugu.”

Turismo gastronomikoa Donostiaren posizionamendu turistikorako lan-ildo estrategikoetako bat da. Beraz, lehentasunezkoa da tokiko gastronomia eta city break turismoa, kulturala, shoppinga, kiroletakoa, kongresuetako eta premium sustatzea; horiek guztiak zeharkako balio hauetan oinarritu behar dira: turismogunearen jasangarritasuna, kalitatea eta autentikotasuna.