Donostia Turismoak “Donostia On Moduan” kanpaina sortu du eta udan kalitatezko zerbitzua eskaini ahal izateko prestatzen ari da
- Astelehena, 13 Ekaina 2022
- Donostia Turismoak kanpaina digitala abiarazi du berriro tokiko bisitarientzat, estatukoentzat eta nazioartekoentzat, sektoreko enpresa donostiar txikiek eskaintzen dituzten esperientziak eta jarduerak ezagutzera animatzeko.
- Gida Plana jarduerak hirian soilik ez pilatzeko duen estrategiarekin bat eginez, eskainitako jardueren % 41 hirian dira eta % 59 lurraldeko beste toki batzuetan, Gipuzkoan batez ere, nahiz eta Iparraldeko kostaldera eta beste euskal hiriburuetara egiteko irteerak ere badiren.
- Donostia kalitatezko turismogunea izan dadin, Donostia Turismoak bisitarien arretarako langile gehiago kontratatu ditu, eta hirian eta lurraldean egiteko esperientzien eskaintza handitu du, bere enpresa bazkideekin batera. Guztiak tokiko ETEak dira.
- Frantziako Pasealekuan aldi baterako informazio-puntua zabalduko da uztailaren 1etik irailaren 15era, eta Boulevardeko eta Autobus Geltokiko bulego iraunkorren ordutegia zabaldu egingo da. Egunero, 09:00etatik 20:00etara, informazio-punturen bat zabalik egongo da bisitarientzat.
Donostia Turismoa uda sasoirako prestatzen ari da, bisitariei kalitatezko esperientzia eskaini ahal izateko, hiriak duen posizionamenduarekin bat etorriz. Horretarako, Turismo Bulegoan bisitarien arretarako ordutegia zabalduko du, Frantzia Pasealekuko informazio-puntua berriro zabalduko du eta online tresnen bitartez, Donostian zein inguruan egiteko jardueren, produktuen eta zerbitzuen eskaintza zabala prestatzen ari da. Zerbitzu horiek tokiko enpresa bazkideek eskaintzen dizkiote erakundeari eta turismogunea eta bere esperientziak sustatzen dituzte “Donostia On Moduan” kanpainaren bitartez.
Cristina Lagé Turismo Jasangarriko zinegotziaren hitzetan ”Donostiak jarduera asko eskaintzen ditu guztientzat, bisitarientzat eta azken bi urteotan hiria berriro deskubritu duten herritarrentzat”. Jarduerak Donostian eta lurralde osoan izango dira, turismogune komuna garela ez baitugu ahaztu behar. Izan ere, horrek jasangarritasunari laguntzen dio, bere alderdi guztietan”.
Donostia ON MODUAN
Kanpaina horren bitartez, Donostia Turismoak hiriak eskaintzen dituen jarduera eta esperientzia guztiak ezagutzera gonbidatu nahi ditu bisitariak: museoak, bisita gidatuak oinez edo bizikletaz, uretako jarduerak edo naturan egitekoak, irteerak, talde-esperientziak eta irteera pribatuak.
Eskaintzen diren jarduera guztiak berezkoak eta tokiko enpresa bazkideenak dira eta turismo-bulegoan, aldi baterako informazio-puntuetan eta online dendan (shop.sansebastianturismoa.eus) aurki daitezke, esperientzia hobetu ahal izateko xedearekin.
Berezko produktuen artean daude turismo-txartelak (San Sebastian Card eta Basque Card. Garraioa ahalbidetu eta hiriko aisialdi eta kultur baliabideetan eskaintzak eskaintzen dituzte) eta garraio turistikoa (autobusa eta tren turistikoa).
Tokiko enpresa bazkideen jardueren artean daude bisita gidatuak, esperientzia gastronomikoak, inguruetako irteerak, itsas-ibilaldiak, kirol-jarduerak eta jarduera kulturalak eta abar.
Online Dendako jarduerek turismoaren fluxua hirian eta lurraldean zehar banatzen ere laguntzen dute. Eskainitako produktuen erdia baino gehiago Donostiatik kanpo egiteko esperientziak dira. Jarduerak hirian ez pilatzeak aukera hauek ematen ditu: lurraldeak eskaintzen dituen baliabide turistiko eta natural paregabeei balioa ematea, turismoguneetako saturazioa ekiditea eta turisten egonaldia luzatzea sustatzea. Ondorioz, batezbesteko egonaldia handitzeko aukera ematen du.
Kanpaina ekainaren 1etik irailaren 30era egongo da martxan eremu digitaletan eta arruntetan, esaterako, irrati eta prentsa espezializatuan. Jarduerak www.sansebastianturismoa.eus webgunean erreserbatu daitezke.
Donostiako Turismo Bulegoa (Boulevard) eta Frantzia Pasealekuko informazio-puntua
“Donostia On Moduan” kanpaina abiarazi eta zerbitzuen eta produktuen eskaintza handitzeaz gain, Donostia Turismoak bisitarien arreta indartuko du.
Uztailaren 1etik irailaren 25era, Donostia Turismoak arretarako puntu berria izango du Frantzia Pasealekuan, autobus- eta tren-geltokiaren ondoan, eta Boulevardeko Turismo Bulegoari batuko zaio. Bisitarientzako arreta-ordutegia hau izango da:
BULEGOAREN UDAKO ORDUTEGIA (uztailaren 1etik irailaren 25era):
- Astelehenetik larunbatera:09:00 – 20:00
- Igandeetan:10:00 – 19:00
- Jaiegunetan:10:00 – 20:00
Donostia Turismoaren webguneak agerian uzten du Donostia nazioarteko turismoa berreskuratzen ari dela pixkanaka
Azken hilabeteotan, Covid-19ak eragindako osasun-larrialdiaren ostean, Donostia Turismoaren webguneak bisitariak berreskuratu ditu pixkanaka. Aurtengo maiatzeko azken bi asteetan, 94.000 bisita izan ditu webguneak, 2018ko 85.000 bisiten aldean.
Online denda hazten ari da urtetik urtera eta 2019ko salmentak bikoiztu ditu. Nazionalitateari dagokionez, nabarmendu behar da % 41 Espainiar Estatutik datorrela eta gainerakoak, % 60 inguru, nazioartekoak direla:
- %33Frantziakoak (iaz garai berean %18)
- %9Erresuma Batukoak (iaz garai berean %1)
- %6Estatu Batuetakoak (iaz aldi berean %3)
Datuok aurreko urteetako internazionalizazioa gainditu dute, baita 2018koa ere, eta tokiko produktuarekiko dagoen interesa berresten dute.