Donostiak JATA Tourism Expo Japan 2022 azokan hartuko du parte

Irailaren 22tik 25era bitartean egingo da Tokion, Japonian

  • Gainera, Tokioko Turismoko Espainiako Kontseilariak workshopa antolatu du irailaren 21ean. Bertan, azokaren bezperan, Japoniako agentzia eta turoperadore ugarirekin bilera profesionalak egingo dituzte.
  • Japoniako merkatua Donostia Turismoarentzako merkatu estrategikoetako bat da. Merkatu horrek turismogunea errespetatzen duen eta balio erantsi handia duen turismo-segmentua saritzen du.

jata2022

Aurten ere JATA Tourism Expo Japan 2022 azokan izango da Donostia Turismoa. Ekitaldi hori berriro ere formatu presentzialera itzuliko da koronabirusak eragindako pandemia dela eta bi urtez modu birtualean egin ostean. Azoka Bidaia Agentzien Japoniako Elkarteak (JATA) antolatu du eta Tokion egingo da irailaren 22tik 25era bitartean, Tokyo Big Sight azoka-esparruan. 400 erakusketari inguru bilduko ditu azokak.

Gainera, Donostia Turismoa Tokioko Turismoko Espainiako Kontseilariak hilaren 21ean Hotel Grand Hyatt Tokyo hotelean antolatu duen workshopean ere izango da. Topaketa ezin hobea da turismoaren sektoreko profesionalen artean kontaktuak eta hitzarmenak finkatzeko. Erakundeko arduradunek laneko topaketa ugari egingo dituzte turismoaren sektoreko eragileekin. Horiei esker, turismo hartzailea errentagarri bihurtzeko eta, hala, erakunde turistikoak duen gaitasun komertzializatzailea areagotzeko estrategiak sendotu ahal izango dira.

Turismo arloko zinegotziak, Cristina Lagék, nabarmendu duenez, “garrantzitsua da Donostiak Japoniakoa bezain garrantzitsua den merkatuan duen presentzia mantentzea. Izan ere, herrialdea urrun egon arren, urtez urte gero eta gehiago dira gure ohiturak, paisaiak eta batez ere gastronomiak erakarrita gure hirira iristen diren bisitariak. Izan ere, gastronomia da bereziki estimatzen dutena. Ondorioz, azken urteetan izandako eta Covid-19aren osasun-krisiak ia erabat eten zuen goranzko joerari eutsi behar diogu. Hasi gara normaltasunerako itzulera erakusten duten zantzuak ikusten. 

  2015 2016 2017  2018  2019 2020*   2021* 2022**
Japoniatik iritsitako bisitariak 18.270 18.362 23.819 25.197 41.981 6.024 1833 3935
Urteko hazkundea  12,04%  0,50%    29,72%   5,79%   66,61%   -85,65%  -% 69,57 % 114,68

*2020 eta 2021 urteetako datuen azterketa egiteko, kontuan izan behar ditugu COVID-19tik eratorritako osasun-larrialdiaren ondorioz pertsonen mugikortasunean ezarri ziren murrizketak.
** 2022ko datuak uztailerarte arte.

 

Aurtengoa Donostia azokan izango den bosgarren aldia izango da eta bere laneko ildoarekin erabat bat datorrela esan dezakegu. Japoniako merkatuak azken urteotan izandako bilakaera esanguratsua izan da. Herrialde hartako bisitariek gero eta interes handiagoa izan dute Euskadirekiko eta bereziki Donostiarekiko eta, gainera, 2022ko datuek agerian uzten dute merkatu hori suspertzen hasi dela.

JATA Tourism Expo Japan hiria sustatzeko eta sektore turistikoko profesionalen artean kontaktuak eta akordioak ezartzeko ingurune ezin hobea da. Donostia Turismoak Japoniako bidaia-agentziekin eta turoperadoreekin hitzordu ugari adostu ditu. Horietan, Donostiaren posizionamendu eta ezaugarri turistikoen berri emango diete: turismogunearen orekan, kalitatean eta autentikotasunean oinarrituta dagoen eta 5 ardatz estrategikotan ardaztuta dagoen turismo jasangarria: turismo kulturala, gastronomikoa, kirol arlokoa, premium-a eta kongresuena.