Donostia lanean ari da Turismoan eta Gastronomian kalitatea eta jasangarritasuna bultzatzeko

TURISMOARI ETA GASTRONOMIARI BURUZKO 1. JARDUNALDIA. Jan, edan, bidaiatu

janedanbidaiatu 

  • Donostia Turismoak «Turismoari eta Gastronomiari buruzko 1. Jardunaldia. Jan, edan, bidaiatu» antolatu du, gure herrialdeko gastronomiak bizi duen garaia turismo-jardueraren ikuspegitik sakon aztertzeko, kalitatean eta jasangarritasunean oinarritutako etorkizuneko estrategia bat garatzeko aukera emango diguten jardunbide egokiei eta esperientziei buruz hausnartuz.
  • Urriaren 17an (astelehena), turismoaren arloko hiru ekitaldi garrantzitsu egingo dira Donostian: Turismoari eta Gastronomiari buruzko 1 Jardunaldia, Pintxo Institutuaren gala eta FEMPen (Espainiako Probintzien eta Udalerrien Federazioa) turismo-batzordea, gure hiria aukeratu baitu erakundeak udazkeneko biltzarra egiteko.

Donostia Turismoak, hiriko turismoaren garapen jasangarria bideratzeko asmotan, gure herrialdeko gastronomiaren egoera aztertuko du, turismoaren ikuspegitik. Jardunaldia urriaren 17an izango da, Miramar Jauregian, eta 5 mahai-inguru eta solasaldi bat egingo dira gastronomiako jardunbide egokiei, arrakastarik gabeko esperientziei eta lehen mailako esperientzia bereziei buruz eta, batez ere, turismo eta gastronomia jasangarriaren arloko helmugen etorkizuneko estrategiari buruz, ikuspegi guztietatik.

Gogoeta hori beharrezkoa da, kontuan hartuta turismoak eta gastronomiak gero eta garrantzi handiagoa dutela hirien garapenean, zeharkako bi jarduera- eta garapen-ardatz baitira, eta hiriak hobetzen eta helmugak posizionatu eta nabarmentzen laguntzen baitute.

Cristina Lagé Turismo Jasangarriko zinegotziak adierazi duenez, «guretzat, gastronomia hirien garapenaren dinamismoaren ardatz egituratzaile bat da; hain zuzen ere, motor ekonomiko gisa funtzionatzen du, lehen sektoreak bultzatzen baititu eta haietan oinarritzen baita, hirietako tradizioak, nortasuna eta berezitasuna babesten baititu eta, horrez gain, beste kultura batzuekin integratu eta elkartzeko elementu gisa altxatzen baita. Azken batean, gastronomia kulturak hurbiltzen dituen eta gizartea aberasten duen hizkuntza unibertsala da. Gastronomiak gure herrialdean bizi duen garaia ikuspegi turistiko batetik sakon aztertzea funtsezkoa da, sektorearen etorkizuna markatuko duten erronkak kontuan hartuta, esaterako, jasangarritasuna eta digitalizazioa».

Jardunaldian gai hauek jorratuko dira: «Erakundeak eta kultura gastronomikoen babesa», «Bertako produktua, benetako iraunkortasuna», «Hotelen sukaldaritzaren zeregina kultura gastronomiko nabarmeneko helmugetan», «Prestakuntza da ostalaritzaren eta ostatuen prestigioaren gakoa», «Pintxo Institutua» eta «Zer behar du helmuga batek jateko, edateko eta bidaiatzeko leku gisa aukeratua izateko». Horretan, lehen mailako hizlari hauek hartuko dute parte, beren esperientziak eta etorkizuneko estrategiak azaltzeko: Antonio Jiménez (Turismo Sevillako zuzendari gerentea), Mayre Modrego (Eurotoques elkarteko gerentea), Soledad Bravo (Turismo Zerbitzuetako gerentea Bartzelonako Diputazioan), Manel Casals (Bartzelonako Gremi d’Hotels elkarteko zuzendari nagusia), Enrique Fleischmann (Fleischmann’s cooking group enpresako zuzendaria), Iñaki Gorostiaga (Bartzelonako Escola Superior de Hostelería eskolako zuzendari nagusia) eta Mikel Iturriaga (kazetaria eta kritikari gastronomikoa), besteak beste.

Turismoari eta Gastronomiari buruzko jardunaldiaz gain, urriaren 17an bertan, San Telmo Museoan Pintxo Institutuaren gala egingo da, ezarritako kalitate-dekalogoa betetzen duten edo beren bikaintasunagatik nabarmentzen diren hiriko establezimenduak saritzeko. Era berean, FEMPen (Espainiako Probintzien eta Udalerrien Federazioa) Turismo Batzordeak Donostia aukeratu du bere udazkeneko biltzarraren egoitza gisa.

Turismoari eta Gastronomiari buruzko I. Jardunaldiaren programa osoa hemen kontsulta daiteke: lankor.eus/sansebastianturismoygastronomia