Donostia Londresko World Travel Market azokan izango da

Donostia Londresko World Travel Market azokan izango da

prentsa oharra

  • Donostia Turismoa, Basquetourrekin batera, Londresko World Travel Market (WTM) ekitaldira joango da, sektore turistikoaren munduko hitzordu garrantzitsuenetako bat den aldetik. Erresuma Batua Donostiaren merkatu estrategikoetako bat da, gure hirian ostatu-gau gehien egiten dituzten atzerriko merkatuen artean hirugarrena baita
  • DSS Turismoaren kide diren agentziek eta enpresek aukera izango dute turismo-sektoreko profesionalekin harremanak eta akordioak lortzeko, azaroaren 7tik 9ra egingo den aurrez aurreko azokan.

Donostia Turismoa World Travel Market (WTM) ekitaldira bertaratuko da azaroaren 7tik 9ra, Londresen, Basquetourren eskutik. Gainera, zenbait agentzia eta enpresa bazkidek azokan parte hartuko dute, esaterako, Basque Destination eta Local Experts Tours enpresek eta Donostiako Tres Reyes hotelak. Donostiako erakunde turistikoak Donostiaren posizionamendu turistikoaren berri emango du: orekan, kalitatean eta helmugaren benetakotasunean oinarritutako turismo jasangarria da.

DSS Turismoa sustapen masibotik aldentzen da, eta merkatu eta ardatz estrategiko argiak zehazten ditu, kalitatezko turismo jasangarri bat sustatzeko; hain zuzen ere, WTM azoka bat dator lan-ildo horrekin. Turismo Jasangarriko zinegotzi Cristina Lagé sozialistak adierazi duenez, «ekitaldia turismoaren sektoreko hitzordu garrantzitsuenetako bat izateaz gain, Erresuma Batua tradizionalki gehien bisitatzen gaituen nazioarteko merkatuetako bat da. 2019an, 90.000 ostatu-gau baino gehiagora heldu ginen, eta pandemiaren ondoren pixkanaka suspertzen ari den merkatu bat da; hain zuzen, gure hirira bisitari gehien ekartzen dituzten herrialdeetatik hirugarrena da».

Halaber, WTM topagune aproposa da turismoaren sektoreko profesionalen artean harremanak eta akordioak lortzeko. Donostia Turismoko arduradunek lan-topaketa ugari egingo dituzte turismoaren sektoreko hainbat eragilerekin, barne hartuta lineako merkaturatzaile nagusiak, eta horiei guztiei esker, turismo hartzaileari errentagarritasuna emateko estrategiak indartu eta, hala, turismo-erakundearen merkaturatze-gaitasuna areagotuko da. DSS Turismoaren bazkide diren enpresek –Basque Destination, Local Experts Tours eta Donostiako Tres Reyes hotela– agente eta turoperadoreekin zenbait saio adostuko dituzte, beren burua ezagutzera emango dute Britainia Handiko merkatuan, eta etorkizuneko negozio-aukera bihur daitezkeen kontaktuak egingo dituzte.