Donostiak balio erantsi handiko turismoa erakartzeko apustua aurkeztuko du Fitur azokan

fitur the select city

  • Donostia Turismoa FITUR azokan izango da urtarrilaren 18tik 22ra, eta Donostiaren posizionamendu turistikoaren berri emango du; hots: turismo jasangarria, orekan, kalitatean eta helmugaren benetakotasunean oinarritutakoa, 5 ardatz estrategikorekin: turismo kulturala, gastronomikoa, kirolaren ingurukoa, premiuma eta kongresuena.
  • Gaur, urtarrilak 18, asteazkena, 15:15ean, Donostia Turismoaren proiektu berria aurkeztuko da: Donostia San Sebastian Premium. Kalitatezko eta balio erantsi handiko turismoaren aldeko apustu bat da, masa-turismotik urrundu eta benetakotasuna, tokikotasuna, eta, batez ere, esperientzia bilatzen duten bidaiariei zuzendu nahi dena.
  • Lan-ildo berri horren xedea da hiria posizionatzea eta produktu eta zerbitzuen eskaintza turistiko bat garatzea, sektorean bezero mota horri zuzentzen zaizkion tokiko enpresekin. Aurkezpena Turismo Jasangarriko zinegotzi Cristina Lagék egingo du Euskadi gunean, Chillida Leku eta Navegavela proiektuko enpresa bazkideekin batera.

Donostia Turismoa FITUR Nazioarteko Turismo Azokan izango da, Madrilen, 2023ko urtarrilaren 18tik 22ra bitartean. Stand bat izango du Euskadi gunean, eta turismo jasangarriaren aldeko apustuari buruzko informazioa emango die profesionalei eta azken bezeroari.

Gaur, urtarrilaren 18an (asteazkena), 15:15ean, Donostia Turismoaren proiektu berria aurkeztuko da Euskadi standean: Donostia San Sebastián Premium. Kalitatean, benetakotasunean eta esperientzian oinarritutako balio erantsi handiko turismoaren aldeko apustu bat da.

Turismo Jasangarriko zinegotzi Cristina Lagék adierazi duenez, "Lankidetza publiko-pribatuaren adibide argia den programetako bat aurkezten dugu. ‘Donostia Premium’ sortzen da, turismoa ibilbide luze-luzea duen industria gisa ulertuta, eta gainera, gure gizartean eta kulturan modu naturalean egokitu behar dela kontuan hartuta. Horrela, balio erantsia eskaini behar dugu beti, gastronomia, kirol, kultura, eta, nola ez, kongresuen esparruetako esperientzia orotan. Inork ez du Donostiak baino hobeto ulertzen, helmuga turistiko bezala, munduari gure bizitzeko eta bizitza ulertzeko modua kontatzearekin bakarrik gehitzen diogun balioa”. 

Presentación San Sebastián fitur

Donostiako Turismo Plan Zuzentzaileak turismoaren garapen orekatua eta jasangarria lortu nahi du, masa-turismotik aldenduz eta eskaria segmentatuz, eta turismoa hiri-sarean, ekonomian eta gizartean modu orekatuan txertatzeko aukera emango duten xede-publiko estrategikoak izan nahi ditu. Horregatik, lehentasunezko 5 ardatzen inguruan lan egiten du: turismo kulturala, gastronomikoa, kirolaren ingurukoa, premiuma eta kongresuena.

Ildo horretan, gaur aurkeztuko den Donostia San Sebastian Premium ekimenak lan-ildo bat izan nahi du Donostia helmuga turistiko premium gisa kokatzeko, eta sektorean horrelako bezeroei zuzentzen zaizkion tokiko enpresekin produktu eta zerbitzuen eskaintza turistiko bat garatzeko.

Helmuga, bezeroa eta premium segmentu barruko lehia aztertu ondoren, proiektuan parte hartzen duten enpresek bete beharreko irizpide batzuk ezarri ziren; hortik abiatuta, gaur egun, Donostia San Sebastián Premium proiektuak 24 tokiko enpresa ditu atxikita, eta Donostia turismo premium baterako erreferentziazko helmuga bihurtzeko helburu partekatua dute. 

fitur the select city 2

Donostia helmuga premium gisa sustatzeko, zenbait sustapen-ekintza egin dira dagoeneko, esaterako, Premium webgune bat, enpresen katalogo bat, azoketako sustapena eta fam eta press trip direlakoen bidezkoa, online eta offline publizitate-kanpainak, eta abar. Proiektua arrakastatsua izaten ari da, eta zenbaki oso positiboak lortu ditu Donostiaren bilaketari eta premium eremuan dituen baliabideei dagokienez, helmugari buruzko informazio hori eskatzen ari zen publiko bati erantzunez. Gainera, Donostia Turismoak aurretiko aholkularitza eta aholkuak, jarraipena, ebaluazioa eta etengabeko hobekuntzarako proposamenak, baterako behatoki bat eta abar eskaintzen dizkie atxikitako establezimenduei.

Premium bidai batek kontsumitzaileek asko baloratzen dituzten goi-mailako ezaugarri batzuk ditu, besteak beste, egonaldi osoan guztiz pertsonalizatutako zerbitzuak izatea, dedikazio esklusiboa eta tratuaren hurbiltasuna, esperientzia bakar eta berezi bat lortzea, kalitatea xehetasun guztietan, pribatutasuna, segurtasuna, erosotasuna, masifikaziotik urruntzea eta, batez ere, helmugaren esentziaren eta benetakotasunaren bizipena.

fitur the select city 3

Donostian gehien eskatzen diren zerbitzuak Michelin izarrak, bisita gidatu pribatuak, pintxoen tourrak, bertako esentziarekin eta kulturarekin lotutako esperientziak, itsas esperientziak eta erosketak dira. Gainera, bisitariek erosotasuna, ingurune naturala, toki bakar bateko aniztasuna, helmugaren garbitasuna eta segurtasuna baloratzen dituzte.

Donostiak esparru horretan dituen merkatu estrategiko nagusiak nazioartekoak dira. Nabarmentzekoak dira AEB, Erresuma Batua eta Frantzia eta, ondoren, Europako gainerako herrialdeak (Eskandinaviakoak lehenengo), nazionalak, australiarrak, kanadarrak eta asiar batzuk, bereziki japoniarra.

Hauek izango dira Donostia San Sebastian Premium proiektuaren hurrengo urratsak: tokiko enpresen kopurua oso modu mailakatu eta hautatuan handitzea, beste sektore batzuk gehituz (gidak, arte-galeria...), eta lankidetza publiko-pribatuaren bidez taldean lan egiten jarraitzea.

AGENTZIAK
Tenedor Tours
Basque Destination
OSTATUAK
Maria Cristina Hotela
Akelarre Hotela
Lasala Plaza Hotela
Feel Free Rentals
JATETXEAK
Akelarre
Arzak
Berasategui
Mugaritz
Rekondo
GARRAIOAK
Talur
BALIABIDEAK
Aquarium
Chillida Leku
Katxina Upategia
Hiruzta Upategia
Navegavela
Ostarte
Balenciaga Museoa
SALTOKIAK
Bolsos Box
Casa Munoa
Minimil
Perfumeria Benegas

Gaur egun Donostia San Sebastian Premium proiektuari atxikita dauden enpresen zerrenda.

Halaber, FITUR azokan Donostiaren standa bisitatzen duenak tokiko aukera eta esperientzia ugari aurkituko ditu hiria eta lurraldea ezagutzeko. Hainbat argitalpenetan biltzen dira: hiriko gida («Ongi Etorri» izenekoa, euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez, frantsesez, alemanez, katalanez eta japonieraz argitaratzen da), hiriko mapa, «Feel Like a donostiarra» tokiko jardueren gida (hiriaz eta lurraldeaz gozatzeko esperientziak, DSS Turismoarekin lotutako tokiko ETEek eskainiak), auzoen arabera banatutako ostatu-gida (turismo-fluxua hiri osoan zehar errazago banatzeko), etab.

Donostia Turismoko arduradunek harreman eta akordio profesionalak egingo dituzte azokan, eta laneko topaketa ugari egingo dituzte turismoaren sektoreko hainbat eragilerekin, barne hartuta online merkaturatzaile nagusiak, merkatuetan eta lehentasunezko ardatzetan duen presentzia indartzeko.