Donostia, European Capital of Smart Tourism lehiaketako finalista bere proposamen jasangarri eta berritzaileagatik
- Ostirala, 29 Iraila 2023
- Donostia European Capital of Smart Tourism lehiaketako sei hiri finalistetako bat izan da. Europako Batzordeak antolatuta, smart turismoarekiko, hots, turismo jasangarri, begirunetsu, berritzaile eta kulturalarekiko konpromiso garbia erakusten duten hiriak aintzatetsi egiten dira sarian.
- Europako lehiaketan baloratzen diren lau ardatzetan puntuaziorik altuena lortu duen hirietako bat Donostia izan da. Horra baloratu diren ardatzak: jasangarritasuna, irisgarritasuna, digitalizazioa eta kultur ondarea & sormena. Azaroaren 28an, Bruselan, emango dute jakitera hiri irabazlea zein izan den.
European Capital of Smart Tourism (Turismo Adimendunaren Europako Hiriburua) lehiaketan finalistak izan diren hiriak eman ditu ezagutzera Europako Batzordeak. Turismo jasangarri eta berritzailearekiko konpromiso garbia baloratu dute erabakia hartzean.
Jon Insaustik, Kultura, Euskara eta Turismo zinegotziak, adierazi duenez, "finalera iristeaz oso pozik gaude, ‘smart’ turismoarekiko dugun konpromiso sendoaren errekonozimendu gisa, hau da, gure estrategiaren erdigunean jasangarritasuna, berrikuntza eta herritarren bizi-kalitatea jartzen duen turismoarekiko konpromisoa. Urte askotako lanari eta, batez ere, sektoreko eragile guztien lankidetza publiko-pribatuari eta herritarren parte-hartzeari aintzatespena da. Plazerra da Europako hirien sare baten barruan esperientziak partekatu ahal izatea, eta espero dugu gure hautagaitza ahalik eta ondoen defendatu ahal izatea 2024ko ‘Turismo Adimendunaren Europako Hiriburu’ bihurtzeko. Sari horrek talentua eta nazioarteko publiko estrategikoak erakartzeko balioko digu, eta gure hiriaren bizi-kalitatea eta bisita-kalitatea hobetzeko proiektu berritzaileak sustatzeko bidea irekiko digu".
17 herrialde desberdinetatik 30 hiri aurkeztu dira, eta aukeratutakoak honako hauek dira: Donostia, Dublin (Irlanda), Genova (Italia), Helsingbord (Suedia), Bremerhaven (Alemania) eta Cork (Irlanda). Europako lehiaketan baloratzen diren lau ardatzetan puntuaziorik altuena lortu duten sei hiriak, beraz, horiek izan dira, hurrengo ardatzak kontuan hartuta: jasangarritasuna, irisgarritasuna, digitalizazioa eta kultur ondarea & sormena.
Besteak beste, Donostiako Turismo Behatokiaren datuak kudeatzeko ikuspegi berritzailea baloratu da. Behatokiak Big Data eta Open Data aprobetxatzen ditu, udal-sail batzuen informaziorako biltegi interkonektatu bat sortuz. Insaustik gaineratu duenez, "turismoa behar bezala kudeatzeko ezinbestekoa da datuak biltzea eta tratatzea. Era horretan, sektorearen ezagutza handiagoa izango dugu eta politika hobeak diseinatzeko aukera emango digu. Gainera, eztabaida eta diskurtso zorrotza izatea ahalbidetuko du, sentsazio eta inpresio partikularretatik haratago. Helmuga turistiko adimendunak modu egokian eta bideragarrian uztartu behar ditu bisitariaren harrera eta bertako biztanlearen ongizatea. Gure helburua lehen mailako helmuga turistikoa izatea da, donostiarrarentzako lehen mailako bizi-kalitatearekin".
Hiri finalistek Europako epaimahai aditu eta independente baten aurrean aurkeztu beharko dituzte beren proposamenak, Bruselan, azaroaren 27an, eta hurrengo egunean bertan jakinaraziko dute zein izan den irabazlea. Turismo Adimendunaren Europako Hiriburu izendatuko duten hiriak 2024. urtean laguntza jasoko du komunikazioan eta brandingean, bere burua jomuga "adimendun" gisa kokatzeko, bere smart proiektuak eta ekimen berritzaileak sustatzeko, stakeholderrak inplikatzeko, nazioarteko publiko estrategikoak erakartzeko eta smart turismoaren eta turismo jasangarriaren alde lanean ari diren Europako hirien sarearekin jardunbide egokiak partekatzeko.
European Capital of Smart Tourism lehiaketa Europar Batasunaren ekimena da eta 2018an sortu zen ikuspegi berritzaileak landu dituzten hiriak saritzeko, hau da, irisgarritasuna, digitalizazioa, jasangarritasuna, kultura-ondarea eta sormena saritzeko. Horrez gain, ekimenak plataforma gisa ere balio izan du turismo jasangarriaren jardunbide egokiak nabarmentzeko eta hirien artean networkinga sustatzeko. Aurreko edizioetako irabazleen artean Sevilla eta Pafos (2023), Valentzia eta Bordele (2022), Malaga eta Goteborg (2020) eta Helsinki eta Lyon (2019) daude.