Turismo Jasangarriaren Plan Zuzentzaile berriak donostiarren bizi kalitatea du abiapuntu

  • Hiriaren oparotasuna eta donostiarren ongizatea sustatu nahian, Donostia Turismoak bizi kalitatearen eta bisiten kalitatearen alde egiten du, bisitari kopuruaren alde egin beharrean

  • 2023-2027ko Visit-Bizi Plana aurreko turismo planaren jarraipena da, baina, oraingoan, hiriaren kudeaketan jarri du arreta jomuga turistiko gisa; eta, horretarako, zeharkako ikuspegia, ibilbide orri argi bat eta herritarren, bisitarien eta sektorearen arteko oreka sustatzeko neurriak hartu ditu oinarritzat

  • Plan hau profil oso teknikoa duten pertsona askoren ahaleginari esker prestatu da: adituei esker, sektoreko profesionalei esker, alderdi politiko guztiei esker, herritarrei esker eta tokiko 325 ETE elkartuak dituen Donostia Turismoari esker, hain zuzen ere

  • Planaren aurkezpen ofiziala Chillida Lekun egingo da goiz partean, turismo jarduerarekin zuzeneko edo zeharkako lotura duten eragileei zuzendutako ekitaldi batean; eta arratsalde partean Aquariumean, herritarrei zabalik egongo den beste ekitaldi batean. Bi ekitaldietan mahai inguru bat egingo da, non estatuko eta nazioarteko adituek parte hartuko baitute, turismoaren garapen jasangarriaren gainean hausnartzeko.

aurkezpena chillida leku

Azken urteotan, Donostiako turismo sektorean eragina duten aldaketa sakonak gertatu dira mundu osoan, eta beharrezkoa da hainbat erronka garbitzea, besteak beste: koronabirusak ekarri zuen krisia gainditu, turismo jarduera eta turismo jomugaren garapen jasangarria elkarrekin lerrokatu, klima-larrialdia kudeatu eta hiriaren oparotasunari eta herritarren bizi kalitateari eustea. 

Hori dela eta, Donostia Turismoak Turismo Jasangarriko Plan baten alde egin du; horretarako, badu zeharkako ikuspegi bat, hiriko Plan Estrategikoarekin eta Ingurumen Planarekin lerrokaturik dagoena. Plan hau aurreko turismo planaren jarraipena da, baina, jasangarritasuna eta partaidetza oinarri hartuta, arreta handiagoa jartzen du hiriaren kudeaketan jomuga turistiko gisa.

Eneko Goia Donostiako alkatearen hitzetan, "Entzuten dugu.  Jakin badakigu zenbait donostiarrentzat turismoak eragozpenak eta deserosotasunak sortzen dituela. Horregatik, Udalak turismo - jarduera eta herritarrei eman beharreko arreta uztartzen dituzten lege-esparruak sortzen jarraituko du. Erronka erraldoia da: hirian garrantzitsua eta pisu handia duen aktibitate ekonomikoa ondo kudeatzea, baina donostiarren bizi-kalitatea erdigunean jarriz, beraien bizitzarekin eta auzoarekin gustura egon daitezen. Turismo jasangarria defendatzen dugu. Edo agian egokiagoa litzateke esatea, “arrazoizko turismoa”. Hiriak digeritu edo bere gain hartu dezakeen turismoa, partekatzeko eta elkarrekin bizitzeko egokia izango den turismoa ".

Jon Insaustik, Kultura, Euskara eta Turismoko zinegotziak, azpimarratu du beharrezkoa dela “oreka lortzea ekonomia-, gizarte-, kultura- eta ingurumen-alderdien artean. Turismoak bertako enpresentzat errentagarria izan behar du, baina donostiarren egunerokotasunarekin bateragarria ere, ingurumenean inpaktu txikiena sortuz. Horregatik, turismo behatoki bat sortuko dugu, datuetan oinarritutako erabakiak hartu ahal izateko eta eredu jasangarri bat sustatu ahal izateko. Sektorearen lehiakortasuna handitzen eta hiriko bizi-kalitatea hobetzen lagunduko duen eredua, hain zuzen ere". Eta, hitzaldia amaitzeko, hurrengoa nabarmendu du: "gure nortasuna eta ondarea gure sustraien parte dira, eta hori da bereizten gaituena. Bisitatzen gaituztenei, hiria donostiarrek bezala bizitzera gonbidatzeko aukera dugu, jasangarritasunetik eta errespetutik ".

portadak VISIT BIZI

Visit-Bizi Turismo Jasangarriaren 2023-2027 Plana, profil oso teknikoa duten pertsonen eta erakundeen kolektibo zabal baten ahaleginari esker atera da aurrera, beren esperientziak, ezaupideak eta ikuspegiak ematerakoan ekarpen handia egin dute eta. Prozesuak urtebetetik gorako lana behar izan du eta partaidetza zabala izan da, besteak beste, adituek, sektoreko profesionalek, alderdi politiko guztiek, herritarrek, Donostia Turismoak eta bere tokiko 325 enpresa elkartuak (enpresa txiki eta ertainak gehienak) hartu dute parte.

Donostiarren iritzia ere kontuan hartu da: % 85ek uste du turismoa elementu global onuragarria dela herritarrentzat, eta % 70ek uste du turismoak  hiriaren garapen ekonomikoari egiten dion ekarpena eta garrantzia aintzat hartzekoak direla. Ez da ahaztu behar, halaber, gure hiriak hiri turistiko eta hiri erakargarri bihurtzeko XIX. mendean egin zuen apustuari esker eta bi mendeko bere turismo tradizioari esker, gaur egun bizi-bizirik dagoen hiri bat dugula, azpiegitura askorekin eta hiri handien pareko kultura-eskaintza oparoarekin.

Turismoa ekarpen gehien egiten duen sektoreetako bat da: hiriko BPGaren % 13,9 da (1.065 milioi euro) eta 15.000 enplegu baino gehiago sortzen ditu. Gainera, kongresu eta biltzar turismoaren bidez, gure industria-, enpresa- eta I+g+b sarea dinamizatzen laguntzen du, talentua eta berrikuntza erakarriz eta gure hiria nazioartean kokatuz.

Industria deslokalizaezina da, eta bisitarien gastua tokiko ekoizpen sistema osora iristen da. Turismoa sarritan ostalaritzarekin eta ostatu sektorearekin lotzen bada ere, Donostiako hainbat eta hainbat sektoretan eragin handia du, dela zuzenean dela zeharka: museoak, dendak, turismo gidariak, ikerketa-zentroak, ospitaleak, nekazaritzan abeltzaintzan eta arrantzan aritzen diren langileak, eta abar, eta abar.

Hala ere, donostiarren % 65en iritziz, turismo muga dagoeneko jo dugu, eta errealitateak argi erakusten du zerbait egin behar dela: azken 5 urteotan 30 hotel baino gehiago zabaldu dira, bisita gidatuek eta free tourrek nabarmen egin dute gora, turismoaren presioa nabarmen igo da hiriko hainbat lekutan: Alde Zaharrean, Erdialdean, Portu inguruan, Gros auzoan, e.a.

Horregatik, plan honen helburua turismo jasangarriko eredu bat garatzea da, lehentasuna turismoaren kalitateari emateko, turisten kopuruari eman ordez, hori guztia publiko estrategikoak erakarriz, espazio publikoa arautuz eta hiriaren nortasuna indartuz. 

Eta 5 ardatz nagusitan oinarrituta, zer turismo interesatzen zaigun eta zein ez definitzen du.

Interesatzen zaizkigun bisitariak hauek dira: gure jomuga turistikoa sakon ezagutu, gure hiriaren muina ulertu eta ingurumena errespetatuz bertoko jendearekin bizi nahi dutenak; bisitaldi baliotsuak sortzen dituen eta hirian presio txikiagoa eragiten duen balio erantsi handiko turismoa; gure merkatu estrategikoak jatorri dituzten bisitariak (tokiko merkatua, eskualdekoa, estatukoa, Frantzia, Uk, Irlanda, Alemania, Italia, Belgika, Herbehereak, Europa Iparraldeko Herrialdeak, AEB, Kanada, Mexiko, Japonia edota Korea).

Aldiz, jendetza-turismoa ez zaigu interesatzen (bidaia-itsasontziak; festa-, mozkorraldi, eguzki eta hondartza-turismoa); gurera egokitzen ez diren eta beren ohituretara egokitu gaitezela eskatzen diguten bidaiariak, tokiko esperientziak alde batera utzita; ezta hiria kolapsatu eta bertokoekin ia kontakturik izan gabe igarotzen diren talde handiak eta iragankorrak ere.

Gainera, helburuak lortzeko ibilbide orri oso zehatz bat definitu da, hurrengo puntuetako bakoitzari buruzko neurri espezifikoak barne hartzen dituena.

  1. Ostatu sektorea arautzea

  2. Bisitaldiak urte osoan eta lurralde osoan zehar banatzea

  3. Hirian mugikortasuna eta bisitarien etorrera hobetzea

  4. Alde Zaharra, Ekialdeko Erdigunea, Portua eta Gros bereziki zaintzea

  5. Gure kultura eta nortasuna propioa, jatortasuna, gordetzea

  6. Euskararen, gure hizkuntzaren balioa azpimarratzea

  7. Sustapen masibotik urrundu, publikoak segmentatu eta merkatu estrategikoak hautatzea

  8. Teknologia herritarren zerbitzuan jartzea

  9. Parte hartzea eta lankidetza sustatzea

  10. Bisitarientzako zergak sortzea, herritarren onurarako

  11. Jasangarritasuna sustatzeko neurri gehigarriak

 

Azkenik, hiriko turismoaren kudeaketa hobetzeko beren proposamenak oraindik partekatu nahi dituzten herritarrek horrelaxe egin dezakete Donostia Turismoaren webgunean dagoen Plan Zuzentzailearen atalean, non planaren laburpen dokumentua ere kontsultatu ahal izango baitute.

"VISIT-BIZI.Turismo Jasangarriaren Plana 2023-2027"

Turismo Jasangarriaren Plana azaroaren 3an aurkeztuko zaie sektoreari eta komunikabideei, 11:00etan, Chillida Lekun, plan honetan parte hartu duten eragileekin batera egitekoa den ekitaldi batean; eta arratsaldean, 18:00etan, Aquariumean, herritarrei irekita egongo den beste ekitaldi batean.

Eneko Goia Donostiako alkatearen eta Jon Insausti Kultura, Turismo eta Euskara zinegotziaren eskutik egingo den aurkezpenaz gain, bi ekitaldietan mahai inguru bat egingo da, non estatuko eta nazioarteko adituek parte hartuko baitute, turismoaren garapen jasangarriaren gainean hausnartzeko. Hizlariak honako hauek izango dira: