Aurrerapauso positiboak Donostiako turismo kudeaketan: 2024ko udan ezarritako neurrien lehenengo emaitzak
- Astelehena, 23 Iraila 2024
- Donostiako turismo kudeaketak aurrera jarraitzen du bai mugikortasunean, bai turista taldeen arauketan, emaitza positiboak erakusten hasi diren neurri zehatzak ezartzeko bidean.
- Egintza horiek, Turismo Jasangarriaren 2023-2027 aldirako Plan Zuzentzailean kokatutakoek, bai bisitariei, bai biztanleei, esperientzia orekatuagoa eta jasangarriagoa eskaintzea dute helburu..
Erregistratutako 218 turismo gidari eta dekalogo berria
Alde batetik, turista taldeen tamaina mugatzeak (gehienez 25 pertsona 2024tik aurrera) nabarmen lagundu du hiriaren gune jendetsuenetan esperientzia erosoago eta atseginagoa sortzen. Testuinguru horretan, ofizialki erregistratu dira 218 gidari eta laguntzaile, bisita gidatuak modu eraginkorragoan arautzea ahalbidetuz. Gainera, errespetu eta kalitate handiagoko turismo eredua sustatzeko asmoz, turismo gidarientzako jardunbide egokien dekalogoa argitaratu da, espazio publikoetan bizikidetza hobea bermatzeko eta Donostiako xarma galtzea saihesteko.
Bide publikoan soinuaren bolumena handitzeko sistemak erabiltzea saihesteko kanpaina beste faktore garrantzitsu bat izan da, eta hobetu egin du hiriko harmonia. Funtsezkoa izan da Donostia Turismoan elkartutako turismo gidarien laguntza aktiboa, horri esker lortu baita arauketaren harrera ona agentzietan eta operadoreen artean, arau berrietara erraz eta eragozpenik gabe egokitzea ahalbidetuz.
Mugikortasun arinagoa: 21 etenaldiren ordez 4 etenaldi
Bestalde, hiriko mugikortasuna ere nabarmen hobetu da. Aurtengo udan, Illunben dagoenaz eta bere anezka autobusaren zerbitzuaz gain, Igaran eta Unibertsitateetan abian jarritako bi disuasio aparkaleku berriei esker, sarbide ordenatuago eta eraginkorragoa lortu da. Hirirako sarrerak % 3 inguru igo diren arren, erdigunetik 22.000 ibilgailu gutxiago igaro dira, disuasio aparkalekuei esker. Trafiko gutxiago izateak zirkulazioa modu eraginkorragoan planifikatzea ahalbidetu du eta murriztu egin dira zirkulazio etenak, hain zuzen, 4 egun 2024an, aurreko urteko 21 egunen aldean. Hobekuntza hori, besteak beste, bisitariei aparkaleku erabilgarriak non dauden aurretiaz jakitea eta aukera jasangarriagoak hautatzea ahalbidetu zien komunikazio estrategiari esker lortu da.
Aurrerapenak nabarmenak izan arren, Donostia Turismoak, udaleko mugikortasun atalarekin elkarlanean, ez du ahaztu turismo esperientzia optimizatzeko hartu duen konpromisoa. Bai mugikortasunaren alorrean, bai bisitarien fluxuaren kudeaketan, jarraituko da lanean, Donostia turismo arduratsuaren eta kalitatezkoaren erreferente izan dadin. Ekimen horiekin, hiriak sendotu egin du bai bisitariak, bai biztanleen eguneroko bizitza errespetatzen dituen turismo kudeaketa efizientearekiko konpromisoa.