Bazkideen Kopa 2024 arrakastatsua

Bazkide Topaketa 2024

Abenduaren 10ean, Donostia Turismoan bazkidetutako 200 enpresa-ordezkarik baino gehiagok bat egin zuten San Martin Merkatu enblematiko eta berrituan, 2024ko Bazkideen Kopan parte hartzeko. Donostiako turismo sektorearen ezinbesteko topagune gisa finkatua, urtero antolatzen den topaketa hau hiriko turismoaren etorkizunari buruzko hausnarketa, networking eta ospakizun bihurtu zen.

Jon Insausti Turismo, Kultura eta Euskara zinegotzia eta Isabel Aguirrezabala Donostia Turismoko zuzendaria ondoan zituela, Eneko Goia alkateak orain arteko lorpenei eta sektorearen erronkei buruz duen ikuspegia partekatu zuen parte hartzaileekin. Donostiarren, bisitarien eta turismo sektorearen arteko oreka gogoan, kalitatearen eta jasangarritasunaren alde egiten jarraitzearen garrantzia azpimarratu zuten denek.

Twin Room taldearen zuzeneko musika-emanaldiari esker eta bertoko produktu bikainekin egindako pintxoak dastatzeko ekimen zoragarriari esker, giro ona eta lasaia izan zen nagusi. San Martin merkatuko produkturik onenetan zehar egindako ibilbide gastronomikoan, bertaratutakoek Maun, Kenji Sushi Bar, Ibéricos Maribel, La Fabrika, Abatza eta Joseba Argiñanoren kreazioez gozatzeko aukera izan zuten.

Etortzeagatik eta laguntzeagatik eskerrak eman nahi dizkie Donostia Turismoak parte hartzaile guztiei, bai eta topaketa berezi hau berriro ahalbidetu duten tokiko establezimenduei ere. Bazkideen Kopa 2024 erabat arrakastatsua izan da eta eragileek eta pertsona inplikatuek elkarrekin lan egiteko hartutako konpromisoa berretsi du, beti ere Donostiako turismoaren etorkizun jasangarriago eta oparoago baten alde.