Donostiak Turismo Helmuga Adimenduaren bereizgarria berrituko du FITURen

san sebastian dti

  • Donostia Turismoa FITUR azokan izango da urtarrilaren 22tik 26ra, eta Donostiaren posizionamendu turistikoaren berri emango du, hots, turismo jasangarria, orekan, kalitatean eta helmugaren benetakotasunean oinarritutakoa, 5 ardatz estrategikorekin: turismo kulturala, gastronomikoa, kirolaren ingurukoa, premiuma eta kongresuena.
  • Donostiak Turismo Helmuga Adimentsua (THA) izateko metodologia gainditu du berriz ere eta gaur, urtarrilaren 23an, izango da sari-emate ofiziala.
  • Gaur 16:45ean, FITUReko Know-How & Export auditorioan, azokako 10. pabiloian, 60 bereizgarri emango dira, Donostiari dagokiona barne.

Donostia Turismoa FITUR Nazioarteko Turismo Azokan izango da, Madrilen, 2025eko urtarrilaren 22tik 26ra bitartean. Stand bat izango du Euskadi gunean, eta turismo jasangarriaren aldeko apustuari buruzko informazioa emango die profesionalei eta azken bezeroari.

Donostiako Turismo Plan Zuzentzaileak turismoaren garapen orekatua eta jasangarria lortu nahi du, masa-turismotik aldenduz eta eskaria segmentatuz, eta turismoa hiri-sarean, ekonomian eta gizartean modu orekatuan txertatzeko aukera emango duten xede-publiko estrategikoak izan nahi ditu. Horregatik, lehentasunezko 5 ardatzen inguruan lan egiten du: turismo kulturala, gastronomikoa, kirolaren ingurukoa, premiuma eta kongresuena.

Donostia Turismo Helmuga Adimentsua

Donostiak Turismo Helmuga Adimentsua izateko metodologia gainditu du berriz ere eta gaur, urtarrilaren 23an, izango da sari-emate ofiziala. 2022an jaso zuen lehenengo aldiz Donostiak aitortza hau eta, gaur 16:45ean, FITUReko Know-How & Export auditorioan, azokako 10. pabiloian, 60 bereizgarri emango dira, Donostiari dagokiona barne.

Beste urte batez, Donostia THA eredua ezartzeko arrakasta handiena lortu duten helmugen artean jarraitzen du; eta gobernantzan, iraunkortasunean, irisgarritasunean, berrikuntzan eta teknologian oinarritutako etorkizuneko estrategiaren eskutik, garapen turistikoaren abangoardian jarri da, ardatz egituratzaile horiek direla medio.

Turismo Helmuga Adimentsuaren bereizgarria soil-soilik esleitzen da baldin eta turismo helmugak THA metodologia osatzen duten baldintzen betetze mailan % 80ko edo hortik gorako puntuazioa lortzen badu. 2022an, Donostiak THA metodologiak ezartzen dituen baldintzen %83,1 bete zuen eta baldintzak berrikusi ondoren, 2024an, betetze maila %84,5era iritsi da.

Donostiaz gain, Espainia mailan honako helmuga hauek lortu dute bereizgarri hau: Bartzelona, Bilbo, Benidorm, Xixon, Malaga, Lloret de Mar eta Santander.

Aintzatespen horrek bi urteko balioa du eta berrikuntza-prozesu baten mende dago; beraz, turismo helmugak etengabeko hobekuntza-prozesu bat izango du, eta ondorioz, helburuak eta estrategiak berritzeko eta etorkizuneko ingurunearen beharretara egokitzeko konpromisoa hartu beharko da; horrek turismo helmugaren balioa handitzea ekarriko du berekin, THA ereduaren oinarri diren gobernantza, iraunkortasuna, teknologia, berrikuntza eta irisgarritasuna direla medio.

Dokumentua entregatu ondoren, estrategia eta plangintza faseari ekin zitzaion; fase horietan, ekintza planaren barruan integratutako ekintzak gauzatzeko prozesua ezarri zen: lehentasunetik edo kalendarizaziotik hasi eta beharrezkoa den arloetan inbertsioak identifikatzeraino.

Turismo Helmuga Adimentsuen Sarea eratu zenetik, Donostiako Udala sare horretako kide izan da. Udalak turismo helmuga eraldatzearen aldeko apustua egin zuen, eta azkenean, ahalegin hori gauzatu ahal izan du, Turismo Helmuga Adimentsuaren metodologia Donostia Turismoaren bitartez ezarriz.

Helmuga turistiko adimendunaren programa

“Turismo Helmuga Adimentsua” programa Turismoko Estatu Idazkaritzak (SETUR) eta Berrikuntza eta Teknologia Turistikoak Kudeatzeko Estatuko Merkataritza Sozietateak (SEGITUR) kudeatutako proiektua da; horren helburua turismo helmugen lehiakortasuna eta bertako biztanleen bizi kalitatea hobetzea da, ondoko bost jarduera-eremuak ardatz hartuta: gobernantza, berrikuntza, teknologia, jasangarritasuna eta irisgarritasuna.

Turismo Helmuga Adimentsua definizioz turismo helmuga berritzailea da, lurralde turistikoaren garapen iraunkorra bermatzen duen eta guztiontzat eskuragarria den abangoardiako azpiegitura teknologiko baten gainean finkatua dago, bisitariaren eta ingurunearen arteko interakzioa eta integrazioa erraztuz eta bisitariak turismo helmugan duen esperientziaren kalitatea eta bertakoen bizi kalitatea areagotuz.

Helburu horiek lortzeko, turismo jardueraren zeharkakotasuna eta turismo helmuga bakoitzaren ezaugarri bereizleak kontuan hartzen dituen eredu bat finkatzearen alde egiten du THA programak.  97 eskakizun eta 261 adierazle ardatz dituen diagnostiko-metodologia batean oinarriturik dago; horrek berekin dakartza gomendio sistema bat, ekintza-plan bat eta monitorizazio sistema bat,  funtsezko elementuak osatu eta turismo helmugaren kudeaketa etengabe hobetzeko prozesua ahalbidetzen dutenak, horiek denak turismoaren oraingo eta etorkizuneko erronketara egokitzeko.

THA metodologia Donostian ezartzeko prozesuak Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren (Basquetourren bidez) eta Turismoaren Euskal Agentziaren laguntza instituzional eta ekonomikoa izan du, bai eta Donostia Turismoaren udal lidergoa ere, udal arlo guztiekin elkarlanean, beraren mende dauden sozietate publikoekin eta turismo helmugako eragile pribatuekin lankidetzan; izan ere, xede hori ebaluatzeko beharrezkoa den informazioa ematen lagundu du.