Donostiak eta Gipuzkoak turismo arduratsuaren aldeko aliantza sendotu dute
- Ostirala, 27 Ekaina 2025
Udalak eta Aldundiak estrategia partekatu bat garatu dute, jardueren, identitatearen eta ingurunearen arteko errespetua eta bizikidetza bermatuko duen turismo-eredu batera bideratua.
Donostia Turismoak (DSST) eta Gipuzkoako Foru Aldundiak batera aurkeztu dituzte kudeaketa turistikorako neurriak, eta indartu egin dute turismo orekatuaren, errespetuzkoaren eta lurralde osorako onuragarriaren aldeko konpromisoa. Hala, Donostiak eta Gipuzkoak elkarrekin bizi den, zaintzen duen eta ingurunean eta bertan bizi direnengan aztarna positiboa uzten duen turismoarekiko konpromisoa berresten dute.
Kultura, Euskara eta Turismoko zinegotzi Jon Insaustik eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketako foru diputatu Azahara Domínguezek aurkeztu dituzte gaur goizean udako denboraldian egingo diren ekintza bateratuak.
Hiria errespetuan eta erantzukizunean oinarrituta partekatzeko gonbidapena
Aurreikusitako ekintzen artean, Donostia Turismoko bisitarientzako arreta-taldea indartzea eta Renfeko geltokiaren aurrean aldi baterako informazio-gune berri bat irekitzea daude. Ekainaren 16tik irailaren 28ra, DSSTk eguneko arreta eskainiko du eta Boulevardeko bulego iraunkorren eta autobus geltokiaren ordutegia luzatuko du. Horrela, egunero gutxienez informazio-gune operatibo bat egongo da 9:00etatik 20:00etara.
Turistarekiko abegia eta erantzukizuna
Prentsaurrekoan, Jon Insausti Donostiako Udaleko Kultura, Turismo eta Euskara zinegotziak azpimarratu du garrantzitsua dela abegikortasuna eta erantzukizuna uztartzen dituen ereduaren alde egitea:
“Donostia hiri abegikorra da, baina zorrotza ere bada nahi duen turismo motarekin. Ez dugu kopurua bilatzen, kalitatea baizik. Bisitatzen gaituztenek hiria errespetuz ezagutzea espero dugu, gure nortasuna ulertzea, espazioa enpatiatik partekatzea eta Donostia berezi egiten duenaren zaintzarekin bat egitea: bertako jendea, kultura eta ingurunea”
Ildo horretan, gogoratu behar da Donostia aitzindaria izan zela turista arduratsuaren dekalogo bat egiten, hiria biztanleek egiten duten errespetu berarekin ezagutu eta gozatzera gonbidatzen duen tresna.
Uda honetan, informazio turistikorako puntu berriak konpromiso hori aldarrikatzen duen mezua dakar: Donostia bere herritarrek bizi duten bezala bizitzea, bertako espazioak, ohiturak eta bizimoduak errespetatuz.
Horrela, Donostiak bere funtsa baloratzen duen turismoaren aldeko apustua egiten du: helmuga sakon ezagutu nahi duten bisitariak, bertako biztanleekin errespetuz bizi nahi dutenak eta ingurunea zaindu nahi dutenak. Balio erantsi handiko turismoa lehenesten da, hirian eragin positiboagoa eta presio txikiagoa eragiten duena.
Lurraldea ezagutuz
Turismo orekatuagoa sustatzeko ekintzen artean, Donostia Turismoak hiria bisitatzen dutenak hirigunetik haratago egonaldia zabaltzera animatzen ditu, ingurune hurbila ezagutzeko proposamenekin. Eskaintzen diren 157 jardueretatik % 46 baino ez dira hirian egiten. Gainerako % 43a Gipuzkoari dagokio, eta % 11a Iparraldera, Bizkaira edo Errioxara joaten da.
Helburua jarduera turistikoa banatzea da: egonaldi luzeagoak erraztea eta jarduera turistikoa lurralde osoan banatzea. Gipuzkoako hainbat tokitan, Ipar Euskal Herriko kostaldean eta Euskal Herriko beste hiriburu batzuetan antolatutako jarduerak eta txangoak eskaintzen dira.
Komunitatean eragin positiboa duen turismoa
Bere konpromiso sozialaren erakusgarri, Donostia Turismoak jarduera turistikoen salmenten zenbatekoaren % 2 bideratzen du kausa solidario batera. Azken urtean, 8000 € inguru bildu dira Juneren Hegoak elkartearentzat. Elkarte horrek Errenterian du egoitza eta 10 urte baino gehiagoko esperientzia du. Helburu nagusia adingabeen gaixotasun edo doluagatik sufritzen ari diren lurraldeko familiei laguntza ematea da, beraien bizi-kalitatea hobetzeko helburuarekin.
Finkatutako egiturazko neurriak
Udarako ekimen espezifikoez gain, Donostiako Udalak dagoeneko ezarrita dauden hainbat neurri estrategiko mantentzen ditu, hala nola:
- Turismo-ostatuko lizentzia berrien luzamendua, eskaintzaren hazkundeari eusteko eta auzoen bizitegi-oreka zaintzeko.
- Bisita gidatuak arautzea, taldeko 25 pertsonako mugarekin, ikuskapen erregularrak eta espazio publikoaren erabilerari eta kutsadura akustikoari buruzko araudi espezifikoa.
Lau lan-ildo partekatu
Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak jakinarazi du bi erakundeek "lankidetza-esparru berria" adostu dutela, eta irailean partekatutako lau lan-ildo jorratzen hasiko direla.
Lehenengo bi lan ildoek sinergia digitalei eta materialen sorkuntzari erantzuten diete. Ikus-entzunezko edukiak eta sustapen-materialak modu koordinatuan landuko dituzte, lurralde osoa esploratzera gonbidatuko duen esperientzia digital koherentea eskainiz.
Turismo-behatokiari buruzko hirugarren lan-ildoari esker, datuak eta adierazleak partekatu ahal izango dira bi erakundeen artean, erabakiak hobeto hartzeko, estrategia bateratuak diseinatzeko eta turismo-fluxuen banaketa errazteko.
Eta, azkenik, MICEren lan-ildoa biltzar, ekitaldi eta bilera profesionalak erakartzeko estrategia indartzean oinarrituko da, helmugaren balioekin bat egiteko eta Gipuzkoa balio erantsi gisa ezagutzera bultzatzeko.
"Gipuzkoa eta Donostia ez dira bereizitako bi errealitate, helmuga beraren zatiak baizik, bere aniztasunean osatzen eta indartzen direnak. Gipuzkoako Foru Aldunditik, Donostia Turismoaren eskaintzari gure lurraldeko turismoaren ikuspegi integratzaile eta iraunkorra gehitu nahi diogu. Lau lan-ildo horiek urrats sendoak dira herritarrentzat jasangarriagoa eta onuragarriagoa den turismo-eredu baterantz, eta gobernantza turistiko kolaboratiboago, adimentsuago eta iraunkorrago bati erantzuten diote, herritarrak eta bisitatzen gaituztenak erdigunean jartzen dituena", adierazi du diputatuak.