Donostiak test interaktibo bat sortu du turismo begirunetsuago baten inguruan hausnartzeko

 

Donostia Turismoak galdetegi erraz eta atsegin bat prestatu du, hiria bisitatzen dutenek beren bidaiatzeko moduari buruz hausnartu dezaten eta turismo arduratsu eta begirunetsuago bati laguntzeko moduak ezagutu ditzaten.

super imagen eu

Donostia Turismoak lineako test bat jarri du abian, bere webgune ofizialean eta gizarte sareetan, hiria bisitatzen dutenen artean turismo arduratsuagoa sustatzeko, bertako herritarren, merkataritzaren, ingurunearen eta kulturaren mesedetan. Datorren irailaren 3ra arte egongo da martxan ekimena, eta testari erantzuten diotenek Donostia Turismoari lotutako enpresek eskainitako zenbait sariren zozketan parte hartuko dute.

Galdetegia hiriaren jasangarritasunarekiko konpromisoaren esparruan sortu da, eta norberaren bidaiari profila identifikatzeko aukera ematen die bisitariei, Donostiaz modu kontzientean gozatzeko eta tokiko kultura eta ingurunearekin konektatzeko.

Minutu gutxiren buruan, galdetegia betetzen dutenek jakingo dute beren bidaiatzeko modua kontsumo arduratsurantz, ingurumenaren babeserantz, euskal kulturaren errespeturantz edo tokiko biztanleekiko bizikidetza atseginerantz orientatuta dagoen.

Aldi berean, galdetegiak berak ideia praktikoak gomendatuko dizkie bisitariei, beren egonaldia begirunetsuagoa eta aberasgarriagoa izan dadin.

Donostia Turismoak turismo begirunetsu eta orekatu baten garrantzia azpimarratzeko gauzatzen dituen ekintzen artean kokatzen da ekimena, onura erkideak sortu eta harrerako hiria zaintzeko ahaleginean.

Hiria gure enpresa laguntzaileen bidez ezagutzea

Egunez egun benetako esperientzia arduratsuak eskaintzen dituzten Donostia Turismoari lotutako zenbait enpresak parte hartu dute proiektuan. Horietako bakoitzak Turismo arduratsuaren dekalogoaren balioei lotutako sari bat eskaini du, eta horrela sortu da modu kontziente eta konprometituan hiriaz gozatzeko aukera ematen duten proposamenen mosaiko bat:

turista arduratsua sariak eu

  • Sagardoa Route: Euskal kultura
    Sagardotegi baten bisita gidatua, sagardoaren historia eta tokiko kultura ezagutu ahal izateko, menu tradizional bat dastatu bitartean.
  • San Sebastián Guides: Bisita donostiarren erara
    Oinezko ibilaldia Donostian barna, benetako bazter eta istorioak ezagutzeko.
  • Muka: Gastronomia jasangarria
    Bertako produktuan eta ingurumenarekiko sukaldaritza arduratsuan oinarritutako bazkari zoragarria.
  • Go Local: Bizikletak nagusi
    Ibilaldi gidatua bizikleta elektrikoarekin begiratoki eta auzo ezagunenetan barna, mugikortasun jasangarria sustatzeko.
  • Koloreka, Alboka eta Aitor Lasa: Tokiko merkataritza
    Tokiko produktuen sorta, horren barne direla akuarela bat, txapela bat eta bertako gazta artisau bat.
  • Atoxa Rooms: Amets eztiak
    Ostatu gau jasangarri eta lasai bat, ingurunea eta auzokoak errespetatuz atseden hartzeko.

Hiria zaintzen duen turismotik urrats bat hurbilago

Test honekin, Donostiak urrats bat gehiago eman du bere sentsibilizazio lanean, eta bidaiariak hiriaren aliatu bihurtzera gonbidatu ditu, hiria paregabe egiten duen aberastasun kultural, sozial eta naturala azpimarratzearekin batera.

Turista arduratsua mugikorra

Testa hemen egin daiteke: www.sansebastianturismoa.eus/eu/egin/nolako-bidaiaria-zara