26 familia, laguntza-sare bat: Juneren Hegoak, Donostia Turismoak bultzatutako itxaropena

 

Bigarren urtez jarraian, Donostia Turismoaren esperientzia eta zerbitzu turistiko guztien salmentetatik bildutako diruaren % 2 bideratu da Juneren Hegoak elkartera, larri gaixo edo doluan dauden adingabeak dituzten familiei laguntzen dien Gipuzkoako erakundera.

Juneren hegoak

Donostia San Sebastián Solidaria proiektuaren barruan, eta lehen edizioan Gipuzkoako Elikagaien Bankuarekin lankidetzan aritu ondoren, 2024ko ekainetik 2025eko ekainera bitartean, Donostia Turismoak Juneren Hegoak elkartera zuzendu du bere ekintza solidarioa, elkarte horrek ospitale-laguntza, laguntza psikosoziala eta laguntza ekonomikoa eskaintzen jarrai dezan seme edo alaba baten gaixotasunaren edo galeraren ondoriozko prozesu konplexuak igarotzen dituzten familientzat.

Guztira 8.000 euroko ekarpena egin da, eta bi jarduera-ildo osagarritan banatuko dira: % 50 familien laguntza sozial eta emozionalerako erabiliko da, eta beste % 50 uda amaitzean deituko den June Sánchez Tolaretxipi VI. Bekarako, haurren minbiziari buruzko ikerketa babesten jarraitzeko.

Errenterian egoitza duen Juneren Hegoak elkarteak Gipuzkoako hainbat udalerritako 26 familiari laguntzen die gaur egun. Bere esku-hartzea malgua eta gizatiarra da, familia bakoitzaren beharretara egokituz, eta ospitale-laguntza, jarraipen psikosoziala, profesionalekin eta kanpoko erakundeekin koordinatzea eta laguntza ekonomiko puntualak barne hartzen ditu.

Aurten, elkarteak bere taldea indartu du, gizarte-langile bat eta administrari bat gehitu baititu taldera; gainera, hiru familia berri hartu ditu eta emozioei eusteko talde-espazio berri bat bultzatu du: “Un café con alas”. Boluntario-taldea da elkartearen benetako motorra, eta haien inplikazioa funtsezkoa da familiei laguntza osoa, gizatiarra eta duina eskaintzen dien laguntza-sare horri eusteko.

“Laguntzea egotea, epaitu gabe eustea eta familia bakoitzaren erritmora ibiltzea da. Lankidetza honek indar handiagoz egiten jarraitzeko aukera ematen digu, baita ikerketatik etorkizuna ereiteko ere”, diote Juneren Hegoak elkartetik.

Ekintza hau Donostia Turismoak turismo gizatiarrago, jasangarriago eta tokiko komunitatearen ongizatean errotuago batekiko duen konpromisoaren parte da.