Donostia Turismoak bere konpromiso solidarioa berritu du: salmenten % 2 Maitaro proiektura bideratuko du

Donostia Turismoak turismo-eredu gizatiarragoa, jasangarriagoa eta tokiko komunitatearen ongizatearekin konprometituagoa bultzatu nahi du; hala, 2025-2026 aldiko edizioan, Maitaro babestuko du, gazteen boluntariotza eta Donostiako Unibertsitate Ospitalean ospitaleratutako pertsonen akonpainamendu soziala sustatzen dituen proiektua.

maitaro ehuneko 2 donostia turismoa

Hirugarren urtez jarraian, Donostia Turismoak gizartean inpaktu positiboa duen jarduera turistikoaren aldeko apustua sendotu du. Horretarako, bere turismo-esperientzia eta -zerbitzu guztien salmenten % 2 Gipuzkoan gauzatzen diren gizarte-proiektuak babestera bideratu ditu.

Hain zuzen ere, 2023-2024 aldiko lehen edizioan, Gipuzkoako Elikagaien Bankuari egin zion ekarpena; 2024-2025 aldian, berriz, bildutako % 2 horri esker —8.000 euroJuneren Hegoak erakundeak aukera izan zuen larriki gaixorik dauden adingabeak dituzten edo doluan dauden familiei laguntzen jarraitzeko.

Oraingo honetan, 2025-2026 aldiko edizioan, laguntza Maitaro proiektuari emango zaio. Maitaro akonpainamendu soziala, gazteen boluntariotza eta komunitatea uztartzen dituen ekimen bat da.

Maitaro: Ospitaletik harremanak eraikiz

Maitaro (Ospitaletik harremanak Eraikiz / Conexiones que construyen Comunidad) ekimena helburu batekin sortu zen: ospitaleratutako pertsonek eta haien ingurukoek –baita arazo soziosanitarioak dituztenek ere– akonpainamendu presentziala izateko duen premiari erantzutea. Hain zuzen, Donostiako Unibertsitate Ospitaleko Pazienteen Balorazio Unitateak behar hori detektatu zuen.

Donostiako Unibertsitate Ospitaleko osasun- eta gizarte-arloko langileek eta Gipuzkoako Itxaropen Telefonoak (GIT) koordinatzen dute proiektua, zeinak helburu nagusi baititu ospitaleratuei laguntza soziala eta emozionala ematea eta Lanbide Heziketako gazteen artean boluntariotza sustatzea, elkartasuneko, enpatiako eta erantzukizun sozialeko balioak sustatuz.

2024ko Gabonetatik, 18 gazte boluntariok, 15 orduko prestakuntza jaso ondoren, 200 akonpainamendu baino gehiago egin dizkiete Donostiako Ospitaleko Susperraldi eta Errehabilitazio Unitateetako 47 pazienteri. Ospitaleko eta Gipuzkoako Itxaropen Telefonoko gizarte-langileek gainbegiratzen dute ekimena, eta hurbileko eta kalitatezko akonpainamendua egiten dela bermatzen dute.

Pazienteen, boluntarioen eta ospitaleko langileen balorazioak oso positiboak izaten ari dira, eta proiektuaren inpaktuaren ebaluazioa 2026an argitaratuko da.

Maitaro aurrera eramatea posible izan da Osakidetzaren (Donostialdea ESI), Gipuzkoako Itxaropen Telefonoaren, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren eta Donostiako Udalaren lankidetzari esker, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren (Adinberri-Hariak) eta Kutxa Fundazioaren finantzaketa du.