Donostia Berlingo ITB azokan izango da publiko profesionalari jasangarritasunaren alde duen posizionamendua aurkezteko
- Astelehena, 04 Martxoa 2024
Donostia Berlingo ITB azokan izango da publiko profesionalari jasangarritasunaren alde duen posizionamendua aurkezteko
- Berlingo ITB azoka, munduko turismo industriaren liderra, martxoaren 5etik 7ra egingo da eta turismo sektoreko profesional nagusiak bilduko ditu.
- Donostia Turismoak aipatu azokan hartuko du parte Basquetourren eskutik, eta Donostiak eta Gipuzkoak kalitatezko helmuga turistiko gisa duten posizionamendua publiko profesionalari aurkeztuko dio. Donostia Turismoko bi enpresa bazkide hauek ere azokan izango dira: Local Experts Tours eta Amara Plaza hotela.
- Alemaniako merkatutik Donostiara egindako bisitak % 18,68 igo dira 2023an; Donostia Turismoak abiarazitako Plan Zuzentzailearen merkatu estrategikoetako bat da, eta gehien bisitatzen gaituen laugarren herrialdea.
Donostia Turismoa Berlingo ITB azokan izango da. ITB azoka nazioarteko turismo industriaren liderra da eta 180 herrialde baino gehiagotatik etorritako profesionalak bilduko ditu. Azoka profesionalentzat bakarrik egongo da irekita. Basquetourren eskutik, Donostiako turismo erakundeak erakusketakide gisa hartuko du parte, martxoaren 5etik 7ra, profesionalen artean (agentzien, tour operadoreen, komunikabideen eta abarren artean) Donostia eta Gipuzkoa kalitatezko helmuga turistiko jasangarri gisa sustatzeko helburuarekin.
Local Experts Tours eta Amara Plaza hotela Donostia Turismoko enpresa elkartuek ere azokan hartuko dute parte, Silke taldearen bitartez.
Alemania, lehentasunezko merkatua Donostiako turismorako
Alemania lehentasunezko merkatuetako bat da Donostiako turismorako; izan ere, gehien bisitatzen gaituen 4. herrialdea da. Gainera, 2023an, Alemaniako merkatuak % 18.68ko hazkundea izan du, 82.835 bisitarirekin; beraz, 2022tik aurrera, pandemiaren aurreko zifrak gainditu ditu.
Alemaniako merkatua izan da azken urteetan gehien hazi direnetako bat. 2011n, Alemania 7. postuan zegoen gehien bisitatzen gintuzten herrialdeen rankingean, eta ostatu gauak ez ziren 26.937 baino gehiago (% 5,05). Azken urteotan Alemaniako bisitarien kopuruak gora egin duela ikusita, gure hirirako garrantzitsua da azoka honetan parte hartzea, lehentasunezko publikoa (turista arduratsuak, balio erantsi handiko turistak, jasangarritasunarekin kontzientziatutako turistak, etab.) erakartzeko eta gure hiria kalitatezko helmuga jasangarri gisa posizionatzeko.