Prentsa oharrak

Donostiak eta Gipuzkoak turismo arduratsuaren aldeko aliantza sendotu dute

Udalak eta Aldundiak estrategia partekatu bat garatu dute, jardueren, identitatearen eta ingurunearen arteko errespetua eta bizikidetza bermatuko duen turismo-eredu batera bideratua.

turismo arduratsua gipuzkoa donostia

Donostia Turismoak (DSST) eta Gipuzkoako Foru Aldundiak batera aurkeztu dituzte kudeaketa turistikorako neurriak, eta indartu egin dute turismo orekatuaren, errespetuzkoaren eta lurralde osorako onuragarriaren aldeko konpromisoa. Hala, Donostiak eta Gipuzkoak elkarrekin bizi den, zaintzen duen eta ingurunean eta bertan bizi direnengan aztarna positiboa uzten duen turismoarekiko konpromisoa berresten dute.

Kultura, Euskara eta Turismoko zinegotzi Jon Insaustik eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketako foru diputatu Azahara Domínguezek aurkeztu dituzte gaur goizean udako denboraldian egingo diren ekintza bateratuak.

Hiria errespetuan eta erantzukizunean oinarrituta partekatzeko gonbidapena

udako kaseta

Aurreikusitako ekintzen artean, Donostia Turismoko bisitarientzako arreta-taldea indartzea eta Renfeko geltokiaren aurrean aldi baterako informazio-gune berri bat irekitzea daude. Ekainaren 16tik irailaren 28ra, DSSTk eguneko arreta eskainiko du eta Boulevardeko bulego iraunkorren eta autobus geltokiaren ordutegia luzatuko du. Horrela, egunero gutxienez informazio-gune operatibo bat egongo da 9:00etatik 20:00etara.

Turistarekiko abegia eta erantzukizuna

dekalogoa turista arduratsua

Prentsaurrekoan, Jon Insausti Donostiako Udaleko Kultura, Turismo eta Euskara zinegotziak azpimarratu du garrantzitsua dela abegikortasuna eta erantzukizuna uztartzen dituen ereduaren alde egitea:

“Donostia hiri abegikorra da, baina zorrotza ere bada nahi duen turismo motarekin. Ez dugu kopurua bilatzen, kalitatea baizik. Bisitatzen gaituztenek hiria errespetuz ezagutzea espero dugu, gure nortasuna ulertzea, espazioa enpatiatik partekatzea eta Donostia berezi egiten duenaren zaintzarekin bat egitea: bertako jendea, kultura eta ingurunea”

Ildo horretan, gogoratu behar da Donostia aitzindaria izan zela turista arduratsuaren dekalogo bat egiten, hiria biztanleek egiten duten errespetu berarekin ezagutu eta gozatzera gonbidatzen duen tresna.

Uda honetan, informazio turistikorako puntu berriak konpromiso hori aldarrikatzen duen mezua dakar: Donostia bere herritarrek bizi duten bezala bizitzea, bertako espazioak, ohiturak eta bizimoduak errespetatuz.

Horrela, Donostiak bere funtsa baloratzen duen turismoaren aldeko apustua egiten du: helmuga sakon ezagutu nahi duten bisitariak, bertako biztanleekin errespetuz bizi nahi dutenak eta ingurunea zaindu nahi dutenak. Balio erantsi handiko turismoa lehenesten da, hirian eragin positiboagoa eta presio txikiagoa eragiten duena.

Lurraldea ezagutuz

Turismo orekatuagoa sustatzeko ekintzen artean, Donostia Turismoak hiria bisitatzen dutenak hirigunetik haratago egonaldia zabaltzera animatzen ditu, ingurune hurbila ezagutzeko proposamenekin. Eskaintzen diren 157 jardueretatik % 46 baino ez dira hirian egiten. Gainerako % 43a Gipuzkoari dagokio, eta % 11a Iparraldera, Bizkaira edo Errioxara joaten da.

Helburua jarduera turistikoa banatzea da: egonaldi luzeagoak erraztea eta jarduera turistikoa lurralde osoan banatzea. Gipuzkoako hainbat tokitan, Ipar Euskal Herriko kostaldean eta Euskal Herriko beste hiriburu batzuetan antolatutako jarduerak eta txangoak eskaintzen dira.

Komunitatean eragin positiboa duen turismoa

Bere konpromiso sozialaren erakusgarri, Donostia Turismoak jarduera turistikoen salmenten zenbatekoaren % 2 bideratzen du kausa solidario batera. Azken urtean, 8000 € inguru bildu dira Juneren Hegoak elkartearentzat. Elkarte horrek Errenterian du egoitza eta 10 urte baino gehiagoko esperientzia du. Helburu nagusia adingabeen gaixotasun edo doluagatik sufritzen ari diren lurraldeko familiei laguntza ematea da, beraien bizi-kalitatea hobetzeko helburuarekin.

Finkatutako egiturazko neurriak

Udarako ekimen espezifikoez gain, Donostiako Udalak dagoeneko ezarrita dauden hainbat neurri estrategiko mantentzen ditu, hala nola:

  • Turismo-ostatuko lizentzia berrien luzamendua, eskaintzaren hazkundeari eusteko eta auzoen bizitegi-oreka zaintzeko.
  • Bisita gidatuak arautzea, taldeko 25 pertsonako mugarekin, ikuskapen erregularrak eta espazio publikoaren erabilerari eta kutsadura akustikoari buruzko araudi espezifikoa.

Lau lan-ildo partekatu

Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak jakinarazi du bi erakundeek "lankidetza-esparru berria" adostu dutela, eta irailean partekatutako lau lan-ildo jorratzen hasiko direla.

Lehenengo bi lan ildoek sinergia digitalei eta materialen sorkuntzari erantzuten diete. Ikus-entzunezko edukiak eta sustapen-materialak modu koordinatuan landuko dituzte, lurralde osoa esploratzera gonbidatuko duen esperientzia digital koherentea eskainiz.

Turismo-behatokiari buruzko hirugarren lan-ildoari esker, datuak eta adierazleak partekatu ahal izango dira bi erakundeen artean, erabakiak hobeto hartzeko, estrategia bateratuak diseinatzeko eta turismo-fluxuen banaketa errazteko.

Eta, azkenik, MICEren lan-ildoa biltzar, ekitaldi eta bilera profesionalak erakartzeko estrategia indartzean oinarrituko da, helmugaren balioekin bat egiteko eta Gipuzkoa balio erantsi gisa ezagutzera bultzatzeko.

"Gipuzkoa eta Donostia ez dira bereizitako bi errealitate, helmuga beraren zatiak baizik, bere aniztasunean osatzen eta indartzen direnak. Gipuzkoako Foru Aldunditik, Donostia Turismoaren eskaintzari gure lurraldeko turismoaren ikuspegi integratzaile eta iraunkorra gehitu nahi diogu. Lau lan-ildo horiek urrats sendoak dira herritarrentzat jasangarriagoa eta onuragarriagoa den turismo-eredu baterantz, eta gobernantza turistiko kolaboratiboago, adimentsuago eta iraunkorrago bati erantzuten diote, herritarrak eta bisitatzen gaituztenak erdigunean jartzen dituena", adierazi du diputatuak.

200 erregistro baino gehiago urtean eta onarpen handia: Donostiako turismo-taldeen erregulazioaren balantzea


Duela urtebete jarri zuen abian Donostiak antolatutako talde-turistikoen erregulazioa, eta Euskadiko hiri aitzindari bihurtu zen bisita horiek antolatzeko esparru argi bat ezartzen. Hamabi hilabete geroago, balantzea oso positiboa da: gida eta agentzia gehienek araudia bete dute, eta turismo-esperientzia harmoniatsuagoa eta arduratsuagoa lortzen lagundu dute.

donostiako taldeak urte bat

Erregulazio argia eta beharrezkoa

2024ko maiatzaren 21ean aplikatu zenetik, turismo-gidarien eta -enpresen urteko 200 erregistro baino gehiago izapidetu dira Erantzukizunpeko Adierazpenaren bidez, hau da, Donostian taldeei laguntzeko urteko nahitaezko prozeduraren bidez. Sistema horri esker, lehen aldiz, bisita gidatuen datu fidagarriak eta eguneratuak izan ditugu.

“Araudi hau helburu argi batekin sortu da: jarduera turistikoa hiriko egunerokotasunarekin orekan bizi dela bermatzea. Kalitatezko turismoa Donostiako herritarren ongizatea zaintzen badu bakarrik da posible” adierazi du Jon Insausti Kultura, Turismo eta Euskara zinegotziak.

Funtsezko hiru betekizun

Erregulazioak hau ezartzen du:

  • Gehienez 25 pertsona talde bakoitzeko (gida kontuan hartu gabe).
  • Soinu-anplifikazioko sistemak debekatzea.
  • Bisiten ordutegia 08:00etatik 23:00etara mugatzea.

Jarduerak irauten duen bitartean izapidearen egiaztagiria eramatea ere eskatzen da. Puntu horietako edozein ez-betetzek 750 eta 1.500 euro arteko zigorrak ekar ditzake. Indarrean sartu zenetik, Udaltzaingoak esku hartzeko 10 txosten egin ditu (lau 2024an eta sei 2025ean), bai herritarren salaketengatik, bai arau-hausteak zuzenean detektatzeagatik.

“Udal telefonoaren bidez abisuak jasotzen ditugunean edo gure patruilekin irregulartasunak detektatzen ditugunean jarduten du Udaltzaingoak. Prebentziotik jarduten dugu”, azaldu du Iñaki Saenz Mendizabalek, Udaltzaingoaren Udal Ordenantzak Betetzeko Unitateko (UCOM) ordezkariak.

Informazio- eta kontrol-ekintzak

Urtean zehar informazio-eta kontrol-ekintzak egin dira, batez ere autobus-geltokian, hori baita taldeak iristeko ohiko gunea. Turismo-talde gehien biltzen diren aldiak urria eta maiatza izaten dira, eta Donostia Turismoak informazio-kanpainak egin ditu aldi horietan.

“Turismoa kudeatzeko erakundea garen aldetik, gure zeregina izan da erregulazio horren buru izatea, udaleko sail batzuen eta sektore pribatuaren arteko lankidetzatik abiatuta. Elkarrekin lan eginez, hiri osoari mesede egiten dioten adostasunak lor daitezke”, adierazi du Isabel Aguirrezabalak, Donostia Turismoko zuzendariak.

Parte-hartze altua eta nazioarteko proiekzioa

2024an 259 gida eta agentzia erregistratu ziren, batez ere Espainiakoak, baina baita Alemania, Frantzia, Estatu Batuak, Japonia eta Italiakoak ere. 2025eko lehen lau hilabeteetan dagoeneko 201 eskaera erregistratu dira, eta horrek neurriaren onarpen-maila handia berresten du.

Neurriak interesa piztu du Euskadiko beste helmuga batzuetan: Hondarribiak Donostiako urratsei jarraitu die eta erregulazio bera aplikatu du; beste helmuga batzuk ere ari dira hori baloratzen.

Gainera, araudia erreferentziazko kasu gisa aurkeztu da European Alliance on Urban Balanced Tourism foro europarrean.

Etengabeko hobekuntzarako konpromisoa

“Gakoa etengabe neurtzea, aztertzea eta hobetzea da. Bisitariak zein bertakoak kalitatez eta errespetuz hartuko duen hiria nahi dugu”, amaitu du Jon Insaustik.

Donostia Turismoak politika publiko horren eragina ebaluatzen jarraituko du, hobetzeko proposamenak bilduz eta sektoreko eragileekin etengabeko elkarrizketa mantenduz, turismo-jarduera ordenatua, jasangarria eta pertsona guztientzat onuragarria izango dena bermatzeko.

Donostiak zientziaren eta berrikuntzaren aldeko apustua egin izanak hiria nazioarteko kongresuetarako hiri giltzarri bihurtzen du


Hiriak 188 ekitaldi estrategiko eta 259 000 parte-hartzaile baino gehiagorekin itxi zuen 2024a. Era berean, 2025ean nanoteknologiari, biozientziei eta adimen artifizialari buruzko biltzar zientifikoak egingo dira, hiriak abangoardiako ikerketaren alde egiten duen apustua indartzeko.

mice prentsaurrekoa 2025

Donostiak kongresu eta topaketa profesionalen kopuru-markarekin itxi zuen 2024a: hiriaren estrategiarekin bat zetozen 188 ekitaldi profesional egin ziren , eta 259 000 parte-hartzaile baino gehiago egon ziren. Ekitaldiok garapen zientifiko, teknologiko eta soziala bezalako funtsezko gaietan zentratuta zeuden, eta horrek argi eta garbi erakusten du hiriak ezagutza- eta berrikuntza-erreferentea dela. Zifra horrek % 7,43ko igoera dakar 2023arekin alderatuta, eta marka berria ezartzen du. Datu horrek finkatzen du Donostia helmuga ezin hobea dela horrelako bilerak eta topaketak hartzeko.

Egindako ekitaldi profesional guztietatik, % 50 nazioartekoak izan dira, eta hainbat lekutan izan dira, hala nola Kursaalen (% 24), hiriko hainbat hoteletan (% 18), Miramar jauregian (% 13) edo unibertsitateetako campusetan (% 10).

Ekitaldi horiek hiria nazioartean ezagutaraztea ekarri dute, ezagutzaren, berrikuntzaren eta kulturaren arteko topagune gisa.

Zer da MICE turismoa?

MICE (Meetings, Incentives, Conferences, Exhibitions) terminoak biltzarretan, bileretan, azoketan eta abarretan parte hartzeko asmoz arrazoi profesionalengatik egiten diren bidaiei egiten die erreferentzia. Segmentu espezializatua da, eta Donostia Turismoa duela 30 urte baino gehiagotik ari da horretan lanean, Convention Bureau sailaren bitartez. Helburua argia da: Donostia nazioarteko erreferentziazko helmuga gisa kokatzea, hirirako eta herritarrentzat estrategikoak diren ekitaldi profesionalak hartzeko.

Donostia Turismoaren lana: erakartze eta sustapen aktiboa

  • Ekitaldi profesionalak erakartzea eta horiek hartzeko helmuga sustatzea.
  • Tokiko sustatzaileekin lankidetzan aritzea, sektore estrategikoei lotutako ekitaldiak erakartzeko.
  • Nazioko zein nazioarteko hautagaitzak aurkeztea.
  • Itun publiko-pribatuak sortzea, helmugaren lehiakortasuna hobetzeko.
  • Erakundeek ekitaldi estrategikoei laguntza ematea eta ondarea sortzea, ekitaldi bakoitzak hirian eragin positiboa izango duela bermatuz.
  • MICE turismoan espezializatutako azoketan eta tailerretan parte hartzea

Zientziak, teknologiak, jasangarritasunak eta osasunak markatutako 2024a

2024an, zientziarekin, teknologiarekin, jasangarritasunarekin eta osasunarekin lotutako kongresuak egin dira. Urtean zehar egindako ekitaldi profesionalen % 43 zientifikoa eta teknologikoa izan da. Horrek hiria biltzar espezializatuetarako erreferente gisa finkatu du, existitzen den ekosistema dela eta, zeina dagoeneko erreferente baita nazioartean. Bioteknologiaren sektorea protagonista nagusietako bat izan da. Europako topaketetan inbertitzaileak, enpresa berriak eta enpresa handiak bildu dira, osasunari eta industriari aplikatutako bioteknologiaren etorkizunari buruz eztabaidatzeko.

Jasangarritasunak ere garrantzi handia izan du, ekonomia zirkularrari eta plastikoen moduko materialen eraldaketari eskainitako biltzarrekin. Berrikuntzak ekoizpen-eredu jasangarriagoetarako trantsizioan nola lagun dezakeen ere aztertu da.

Arlo zientifikoan, fisika kuantikoan, nanoteknologian eta mikro-fabrikazio aurreratuan espezializatutako foroak hartu ditu Donostiak, eta nazioarteko adituek ikerketa eta garapen teknologikoko azken aurrerapenak partekatu dituzte bertan.

Bestalde, osasunaren eremuak hainbat topaketatan arreta jarri du, eta adimen artifiziala eta digitalizazioa osasun-sistemak nola eraldatzen ari diren aztertu dira. Ikuspegi horrek apustu bikoitza islatzen du: alde batetik, hiriak sektore biosanitarioarekin duen konpromisoa eta, bestetik, erronka globalei heltzen dieten ekitaldiak erakartzeko duen gaitasuna.

Azkenik, gastronomiak leku pribilegiatua izaten jarraitu du kongresuen agendan, Donostia goi-sukaldaritzaren munduko epizentrotzat hartzen duten nazioarteko erreferentziazko ekitaldiekin.

2025 funtsezko urtea da kongresuen helmuga gisa sendotzeko

2025 funtsezko urtea da Donostia biltzarretarako hiri gisa sendotzeko. Urtea indartsu hasi da, eta horrelako ekitaldietarako erabiltzen diren espazioek dagoeneko baieztapenak dituzte mota desberdinetako ekitaldietarako. Horrela, 2025ean, hiria nanoteknologia, biozientzia eta adimen artifizialeko biltzar zientifikoen lekuko izango da, DIPC, CIC nanoGUNE eta Polymat bezalako erreferentzia-zentroen eskutik antolatuak. Horrek hiriak abangoardiako ikerketaren alde egindako apustu sendoa indartzen du.

Lehen mailako zientzia Donostian

Maiatzaren 21etik 23ra, Anatomia Patologikoaren Espainiako Elkartearen (SEAP-IAP) Kongresu Nazionalak medikuntzako 1500 profesional bilduko ditu Kursaaleko Kongresu Jauregian, eta di-agnostiko molekularrean eta onkologiako biomarkatzaileetan egindako azken aurrerapenak na-barmenduko dira.
Gainera, maiatzaren 28tik 30era, Donostia Is Science kongresua egingo da EHUko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatean, Kimika Fakultatearen 50. urteurrena dela eta. Ekitaldi horretan, zazpi ikertzaileri Ikerkuntzako Euskadi Sari ospetsua emango zaie.

Ekainean, Elebitasunari buruzko Nazioarteko Sinposioa egingo da, Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) erakundeak sustatua, neurozientzian eta hizkuntzalaritzan egindako azken aurrerapenak aztertzeko.

Bestalde, Donostiak nazioarteko enpresen konbentzio korporatiboak hartuko ditu, ingurune pribilegiatuak, zerbitzuen kalitateak eta hiriaren prestigio zientifikoak erakarrita.

 

Hondarribiak Donostiaren eredua jarraitu du talde turistikoak arautzerakoan


Hondarribiak, Donostiak hasitako bidea jarraituz, talde turistiko gidatuetan 25 pertsonako muga ezartzea erabaki du.

hondarribia grupos turisticos guiados

Frantziako mugan kokatutako Gipuzkoako Hondarribia herria, eskualdeko helmuga turistiko nagusienetako bat da, eta Donostiak 2024ean egin zuen bezala, talde turistikoen partehartzaile kopurua mugatuko ditu: 25 pertsona gehi gida izango da muga berria. Halaber, giden azalpenetan ere, megafonia erabiltzea debekatu dute.

Neurri hau Euskadik turismoaren kudeaketa arduratsuarekin duen konpromisoaren parte da, bisitari eta bizilagunentzat kalitatezko esperientzia jasangarria bermatzeko. Ildo horretan, Donostia izan da hiriaren turismo-fluxuen kudeaketarako arauak ezartzen aitzindaria.

Soinu-anplifikazioko sistemak (mikrofono irekiak, megafoniak…) erabiltzea debekatuz eta sistema indibidualak gomendatuz, bisitarien esperientzia hobetzea eta kutsadura akustikoa murriztea bilatzen da, bizilagunekin bizikidetza sustatuz.

Taldeen tamaina mugatzeak bisitarien esperientziaren kalitatea hobetzen laguntzen du eta plaza eta kaleetan pertsona multzo handiak elkartzea saihesten ditu.

Gainera, Donostian, talde turistikoekin lan egiten duten profesionalek (gidek, agentziek edo tour-operadoreek) jarduera egiteko baimena lortzeko urtero ardura-deklarazioa aurkeztu behar dute. Donostia Turismoko Araudia eta Baimenak atalean dago informazio guztia eskuragarri:

press.sansebastianturismoa.eus/eu/tramiteak/araudia-eta-baimenak

Epe laburrean beste euskal udalerri batzuk ere araudi mota honetara batzea aurreikusten da, turismoaren kudeaketa eta jasangarritasuna hobetzeko helburuarekin.

Donostiak ikerketa bat abiarazi du hiriaren karga-gaitasuna ebaluatzeko, ikuspegi jasangarri, inklusibo eta adimendun batetik


 Donostiako Udalak, Donostia Turismoaren bitartez, beste urrats bat egin du 2023-2027 aldirako Visit-Bizi Turismoaren Plan Zuzentzaileak ezarritako estrategian. Horren xedea da herritarren bizi kalitatea hobetzea, turismo eredu jasangarri eta orekatu batean oinarrituta.

karga gaitasuna prentsaurrekoa

Kulturako, Euskarako eta Turismoko zinegotzi ordezkari Jon Insaustik, Donostia Turismoko zuzendari Isabel Aguirrezabalak eta IN2destination aholkularitza etxeko zuzendari Nagore Uresandik Donostiaren karga-gaitasuna aztertzeko proiektua aurkeztu dute.

Ikerketa sakon horri esker, herritarren bizikidetzan eragina izan dezaketen alderdiak identifikatu eta aztertu ahalko dira, eta ikusiko da ea turismo jarduerarekin zuzenean lotuta dauden edo egoiliarren ohiko joan-etorrien ondoriozkoak diren.

Jon Insaustik aurkezpenean azpimarratu duenez, “funtsezkoa da informazio zehatz eta eguneratua izatea, turismoaren kudeaketa hobetuko duten erabakiak hartzeko, hala hiriari berari nola lurralde osoari dagokienez. Azterlan hau lagungarria izango da ingurunea errespetatuko duen eta gure herritarren premiekin lerrokatuta egongo den eredu orekatuago bat lortzeko”.

Aipatu behar da ikerketa honen helburua ez dela bisitari, turista edo txangozaleen gehieneko kopuru zurrun bat ezartzea; aldiz, informazio zehatza lortu nahi da hiriko pertsona fluxuei eta horien ondorioei buruz, bizikidetza erraztuko duten eta Donostiako herritarren eta bisitarien bizi kalitatea hobetuko duten neurri praktikoak hartze aldera.

Donostia Turismoaren zuzendari Isabel Aguirrezabalak adierazi duenez, “ezin da jasangarritasun turistikoa lortu neurketa teknikarik erabili gabe. Ikerketa honi esker, aukera izango dugu hobetu beharreko arloak identifikatzeko, erronkei aurrea hartzeko eta datuetan oinarrituta irtenbide zehatzak diseinatzeko, beti lankidetzako eta alderdi askoko ikuspegi batetik”.

Kontua da turismo arduratsua eta erantzunkidea bultzatzea, tartean dauden eragile guztien artean (administrazio publikoa, sektore pribatua, bisitariak eta, bereziki, herritarrak); hala, hiriaren garapen ekonomikoa, ingurumenaren zaintza eta tokiko nortasunaren eta kulturaren babesa bermatuko dira.

Esperientzia egiaztatua

IN2destination enpresa euskalduna arduratuko da azterlanaz eta bere zuzendari Nagore Uresandik ikerketaren metodologia azaldu du. Europan turismoan eta lurraldean ikerketan eta aholkularitzan aditua den enpresa bat da, NBE Turismorako eta Nazio Batuen Nazioarteko Merkataritza Instituturako aholkularia.

IN2destination enpresak halako lanetan nazioarteko esperientzia handia du. Metodologia hori aplikatu du dagoeneko helmuga hauetan:

  • Gorbeia eta Sitges
  • Ayrshire eta Arran (Eskozia)
  • Jericó (Kolonbia)
  • Antigua Guatemala (Guatemala)
  • Kristalezko haitzuloak (Aragoi)
  • Gaur egun, Iruñean ere lanean ari dira.

Metodologia eta ikerketa aldia

Ikerketak aldagai asko aztertuko ditu, bost alderdi zehatzen esparruan:

  1. Lurraldea: fluxu turistikoek hainbat eremu eta urteko garaitan duten kontzentrazioa eta banaketa aztertzea.
  2. Ekonomia: turismo-eskaintza eta -eskaria, sortutako enplegua eta jardueraren urtarokotasuna ebaluatzea.
  3. Ingurumena: turismoaren ingurumen inpaktuak eta inpaktuok jasangarritasunarekin eta larrialdi klimatikoarekin duten lotura aztertzea.
  4. Gizartea: egoiliarrek eta bisitariek bizi kalitateari, etxebizitzari, tokiko nortasunari eta bizikidetzari buruz dituzten iritziak eta pertzepzioak jasotzea.
  5. Gobernantza: turismoa eraginkortasunez kudeatzeko, araudiak aplikatzeko eta plan estrategikoak gauzatzeko dauden egiturak berrikustea.

 

Ikerketaren lehen fase horretan, ekintza hauek aurreikusten dira:

  • Bigarren mailako informazioa biltzea, alderdi bakoitzaren funtsezko adierazleetan oinarrituta.
  • Funtsezko eragileei elkarrizketa kualitatiboen txanda bat egitea, iturri ofizialetan ez dagoen informazioa lortzeko.
  • Etorkizuneko ikerketa ildoetarako gomendioak egitea eta datu osagarriak biltzea.

Ekimen honi esker, herritarren ongizatea eta lurraldearen jasangarritasuna erdigunean jartzen dituen eredu turistiko batekiko konpromisoa indartzen du Donostiak.

Martxan da Isuri Gutxiko Eremua Donostiako erdigunean


Donostiako Isuri Gutxiko Eremua

Europako jarraibideei jarraiki eta maiatzaren 20ko 7/2021 Legea betez, zeinetan esaten baita 50.000 biztanletik gorako hiri guztiek emisio gutxiko eremu bat ezarri behar dutela, Donostiak dagoeneko ezarri ditu Isuri Gutxiko Eremura (IGE), edo Zona de Bajas Emisiones (ZBE) gaztelaniaz, sartzeko baldintzak.

IGEk hiriaren erdialdea baino ez du hartzen: mapan berdez markatutako eremua.

ige zbe donostia san sebastian

IGEra ingurumen-baldintzak betetzen dituzten ibilgailu guztiak sar daitezke. Kontrola egiteko matrikula irakurtzen duten kamerak erabiliko dira; beraz, ez da beharrezkoa izango autoan etiketa eramatea

Ibilgailuak ingurumen-baldintzak betetzen baditu

IBILGAILUA ESPAINIAN MATRIKULATU BADA

Ez da tramiterik egin behar. Hemen egiazta daiteke ibilgailuak baldintzak betetzen dituen edo ez.

IBILGAILUA ATZERRIAN MATRIKULATU BADA

Lehen fasean (2025-2027), atzerriko ibilgailu hauek sartu ahal izango dira:

  • 2006-01-01etik aurrera matrikulatutako turismoak eta furgonetak (gasolina eta diesela)
  • Autobusak, autokarrak eta kamioiak:
    • Gasolina: 2001-10-01etik aurrera matrikulatutakoak
    • Diesela: 2006-10-01etik aurrera matrikulatutakoak
  • 2004-01-01etik aurrera matrikulatutako motozikletak eta ziklomotorrak

ADI: Matrikulazio-baldintzak betetzen dituzten atzerriko ibilgailuak IGE eremura sartu ahal izango dira, baina nahitaezkoa da bisitariak aldez aurretik erantzukizunpeko adierazpena bete izana:

Datu hauek eman beharko ditu:

  • Ibilgailuaren titularra
  • Ibilgailu mota
  • Matrikula
  • Matrikulazio-data
  • Erregai mota
  • Fitxa teknikoa
  • Ibilgailu historikoa eta europar txartela izanez gero, hori egiaztatzen duen dokumentazioa.

Ibilgailuak ingurumen-baldintzak betetzen EZ baditu

Ezingo da IGE eremura sartu, hau da, hiriaren erdialdera, baina ibilgailua zentrotik oso gertu aparkatu ahal izango du. Hauek dira aukerak:

Ordainpeko aparkalekuak:

  • Kursaala (aparkalekua hondartzaren parean, Gros auzoan)
  • Txofre (aparkalekua hondartzatik 5 minutura, Gros auzoan)
  • Katalunia plaza (aparkalekua hondartzatik 5 minutura, Gros auzoan
  • Atotxa aparkalekua (hiriaren erdigunean)
  • Geltokiko aparkalekua (hiriaren erdigunean)
  • Pio XII.a aparkalekua (hiriaren erdigunetik oinez 10 minutura, Amara auzoan)
  • Arcco aparkalekua (hiriaren erdigunetik oinez 15 minutura, Amara auzoan, 28. autobusa)
  • Ondarreta aparkalekua (Ondarreta hondartzatik hurbil, Antiguo auzoan)
  • Zuatzu aparkalekua (Ondarreta hondartzatik oinez 45 minutura)

Disuasio-aparkalekuak (doako aparkalekuak):

  • Illunbe (28. autobusa)
  • Igara (5. autobusa)

FAQ - Ohiko galderak

Jada ezin naiz Donostiara autoz etorri?

DONOSTIA ERDIGUNERA AUTOZ ETOR ZAITEZKE. Aldaketa bakarra da, zure autoak ingurumen-baldintzak betetzen baditu Isuri Gutxiko Eremura (IGE) sartu ahal izango zarela, eta, bestela, erdigunetik gertu dauden aparkalekuetan utzi beharko duzula autoa.

Eta atzerriko ibilgailuak?

Hau da, ere, ezberdintasun bakarra: IGEra sartzeko, aurrez erantzukizunpeko adierazpena egin beharko dute zaintza kamerek jakiteko matrikula sartzeko baimenduta dagoela. www.donostia.eus/ataria/web/ige/atzerriko-ibilgailuak

Nire ibilgailuak ez baditu ingurumen-baldintzak betetzen edo 2006 baino lehen matrikulatu bada?

ERDIGUNETIK HURBIL DAUDEN APARKALEKUETAN UTZI BEHARKO DUZU AUTOA.

Ordainpeko aparkalekuak:

  • Kursaala (aparkalekua hondartzaren parean, Gros auzoan)
  • Txofre (aparkalekua hondartzatik 5 minutura, Gros auzoan)
  • Katalunia plaza (aparkalekua hondartzatik 5 minutura, Gros auzoan)
  • Atotxa aparkalekua (hiriaren erdigunean)
  • Geltokiko aparkalekua (hiriaren erdigunean)
  • Pio XII.a aparkalekua (hiriaren erdigunetik oinez 10 minutura, Amara auzoan)
  • Arcco aparkalekua (hiriaren erdigunetik oinez 15 minutura, Amara auzoan, 28. autobusa)
  • Ondarreta aparkalekua (Ondarreta hondartzatik hurbil, Antiguo auzoan)
  • Zuatzu aparkalekua (Ondarreta hondartzatik oinez 45 minutura)

Disuasio-aparkalekuak (doako aparkalekuak):

  • Illunbe (28. autobusa)
  • Igara (5. autobusa)

Nahikoa da nire ibilgailuak ingurumen-etiketa jarrita izatearekin?

EZ, kontrola matrikula irakurtzen duten kameren bidez egiten da; beraz, ez du ezertarako balio etiketa jarrita izateak.

IBILGAILUA ESPAINIAN MATRIKULATU BADA ETA BALDINTZAK BETETZEN BADITU, EZ DUZU EZER EGIN BEHAR. Hemen ikus dezakezu ibilgailuak ingurumen-etiketa duen edo ez.

IBILGAILUA ATZERRIAN MATRIKULATU BADA, ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPENA BETE BEHARKO DUZU, matrikula zein den adierazteko eta ibilgailuaren fitxa teknikoa igotzeko: www.donostia.eus/ataria/web/ige/atzerriko-ibilgailuak

Lonely Planet - Explore Euskadi between Bilbao and San Sebastián

Este texto no aparecerá.

Condé Nast Traveler - 34 fotos que te harán viajar al País Vasco

Este texto no aparecerá.

Kiwi - Is San Sebastián the Best City in Europe to Visit?

Este texto no aparecerá.